Sarrera
Elezaharretan kontatzen diren gertaerak ez dira gezurrezkotzat edo asmatutzat hartzen, nahiz eta fantasia ugari biltzen duten beren baitan. Elezaharretako gertaerek badute egiatik zerbait, nahiz denboran barrena gertaerak itzulikatu eta desitxuratu diren. Ipuin eta elezaharren arteko bereizketa nabarmena egiten da lehen esan dugunez: alemanek märchen eta sagen hitzak argiro bereizten dituzte. Märchen direlakoak ipuin miresgarriak dira eta sagen direlakoak elezahar. Elezaharrak beti daude leku bati lotuak eta leku hartako erreferentziak hartzen dituzte. Gure lamia, basajaun eta jentilen kontakizunak diogunaren lekuko dira.
Mitologiako numen edo izaki harrigarri ezagunen narrazioak elezaharren bidez eman zaizkigu.
Ezaugarriak
Gertaleku, garai eta protagonista zehaztuak
Basajaunaren elezahar ezagunenetako batek Nafarroa Behereko Mendibeko Salbatore elizako “ganderailu” edo argimutil baten berri ematen digu. Guk hemen jarriko dugun adibidea François Cerquandek bildua da. Kontakizun horretako protagonista nongoa den ere esaten zaigu: Mendibe herriko Lohibarrikoa. Elezaharrak zehaztasun eta leku izenez hornituta agertzen zaizkigu. Eman ditzagun Salbatoreko ganderailu elezaharraren hasiera-bukaerak diogunaren argigarri. Duela zazpi, zortci ehun urthe, ez zuzun Mendiben bi etche baizen: Lohibarria eta Miquelaberroa. Egun batez, Lohibarreko muthila, izen garaïticoa zuena hacherihargaix, jouan zuzun behica Galharbeco photchala. Han harapatzen dizu basa Andere bat, ganderïlia garbituric, iresten ari zela urhe orraziarekin. Gogoan phassatcen dizu ganderailu hori eder hura behar zuela ebaxi. Bi aldi abiatcen dizu, bainan bassa Anderia oharturic, bi aldietan utzi behar izan zizun.
Cerquand-ek bildutako kontakizun honetan alde batetik noiz gertatu zen adierazten zaigu: zazpiehun edo zortziehun urte. Bigarrenik nongoa zen protagonista, Nafarroa Behereko Mendibe herriko bi etxeetako Lohibarrengoa. Protagonista horren izena ere ematen da Hacherihargaix, hau da, azeri hartu gaitza. Azeria piztia argia da, zuhurra, malmutza askojakina. Protagonistaren argi zuhurraren izena ez da azeria bere hutsean, azeri harrapagaitza baizik. Protagonista honek non ikusi duen Basanderea ere esaten da, Galharbeko mendiartean edo leizean. Esaunda honetako baserri-izen zein mendi-arte izenak ezagunak dira Mendibeko zein inguruko bizilagunentzat. Horrexegatik kontakizuna garandu edo kontatu ahala, entzuleak badaki gertaera-lekuen berri. Protagonistak, Hacherihargaixek, ganderailu bat ostuko dio Basandereari eta ganderailu hau ikusi nahi duenak Mendibeko Salbatore ermitara joatea aski izango du. Honelaxe bukatzen da elezaharra: Ganderailu Hacherihargaixec bassa Anderiari ebatsiric Salbatorerat ekharri, hura urhia bezain hori zuzun. Salbatoreko eliza Espainolec erra araci zutenean beltzatuia izan duzu. Orduan nahi izan zizien Mendiberat ekharri bainan ez dizie secula haritz Khurutceco lephotic pasatu ahal izan.
Bukaera horretan non dagoen basandereari ebatsitako ganderailua esaten da, Salbatoreko elizan, hain zuzen. Ganderailu edo argimutila urrea bezain horia zela ere esaten da eta eliza erre zenean belztua izan zela. Eliza erretze hori datu historiko bat da, inolaz ere. Elezaharretan ohi den bezala. Beste datu harrigarri bat ere ematen du azkenik, alegia Haritzkhurutzeko mendi lepotik ganderailua pasatu nahi izan zutenean ezin izan zutela aurrera egin. Azken mendi lepo horren izenak zehaztasuna ematen dio elezaharrari.
Gertakari eta datuen zehaztasun iraunkorrak
Beste aldaera batean Jean Barbierek bere Legendes Basques liburukoan, Salbatoreko ganderailu beraren berri ematen da. Heroiaren zein lekuen zehaztasunak berak dira, nahiz narrazio batetik bestera hirurogeiren bat urte pasatu. Honelaxe dio azkenean:
“Lohibarreko muthilak, erran bezala egin zuen ganderailuaz. Salbatoreko elizarat ereman zuen, eta han ikus ditake egungo egunean oraino. Bainan ez da lehen bezain eder, segurki! Españolek eliza bi aldiz errerik, beltz beltza egin da eta beltz beltza egon. Mendibiarrek nahi izan zuten orduan herrirat ereman. Bainan, Haritz-Kurutchetako lephotik beherago ezin ereman ahal zuten egundaino. Bi behi pareekin, lauzkatuz, bermetu ziren, eta behin baino gehiagotan; bethi debaldetan…, eta geroztik han dago, bethi Salbatoreko elizan, eta han egonen ere da bethi.”
Adibideak
Ondorengo hiru adibide hauetan elezaharren ezaugarriak nabarmen ikus ditzakegu, bereziki protagonista, leku eta denbora zehaztasunak nola ematen dituzten.
Artzatekoa
Joxe Arratibelek kontatutako Ataungo elezahar honetan, Artzate baserriko aitonari gertaturikoa jasotzen da benetan gertatua balitz bezala. Artzate baserria non dagoen esaten digu, negu garaian gertatu zela eta protagonistak entzun zuena zehatz-mehatz esaten zaigu bertso eran moldaturik.
Aitona buru txuri
Esaiozu xarpa xaharri
Hil dala Xirrimirri
Datorrela xarri-xarri.
Lau lamina
Junes Casenave-k kontaturiko elezahar honetan, Zuberoako Larraine herrian, Orhi mendiko harpean, Sahatseko errekan bainatzen ari ziren lau laminek Barrantol zaharrari eskaturikoa kontatzen du. San Joan goiz batez gertaturikoa dela zehazten du, eta lau laminek Barrantol gaixoari emandako sententziak ere bertso ezaugarriak ditu:
Ai Barrantol, Barrantol
Izanen duk eskalanpua desgantzol
Eta emaztia bihotz-hotz.
Mari eta olagizona
Bideo honetan Oñatiko Zubilagako olagizon bati ola gelditu egin zitzaiola kontatzen zaigu, eta arazoa konpontzeko Anbotoko Mariri laguntza eskatu ziola.