Gai serio edo tragikoak erabiltzen dituen nekazari giroko antzerki herrikoia da pastorala. Historia, gertaera edo bizitza bat kontatzen du, dena jarraian, antzerki klasikoaren akzio unitate eta leku batasuna gorde gabe, eta alderdi tragikoak eta komikoak elkarrekin nahasian uztartuz.
Antzerki herrikoi honen jatorriaz eta deituraz asko eztabaidatu da. Gaurko egunean Zuberoan bakarrik egiten bada ere, Europako Erdi Aroko antzezlan erlijiosoen ezaugarriak gordetzen ditu. Pirinio mendien inguruan oraindik bizirik dirauten izen bereko antzerki saioekin dituen loturak aztertu dituzte adituek. Eliz giroan Eguberrietan egiten ziren Belengo artzainen antzerki edo “pastoral”ekin harreman estuak dituela esan ohi da. 1665ean, A. Oihenartek, “L’Art Poetique Basque” delakoan, ehun urte lehenago bizi izan zen eta pastoralak egin zituen idazle bat aipatzen du. Aditu batzuek, ordea, zalantzak dituzte gure antzerki mota honetaz ari zen ala beste batez.
XVIII. mendean “pastoral” deitura antzerki serioa izendatzeko erabiltzen zen, baina gerora “tragedia” deitura ere eman zaie guk pastoral esaten diegun antzezpenei.
Aho batez onartzen dute adituek Erdi Aroko misterioetatik datozela Zuberoako pastoralak, teatro erlijioso edo drama liturgikoetatik, alegia. Baina aldatuz joan ziren, herrikoi bilakatu ziren, eta nekazari giroko antzezpen bihurtu. Arene Garamendik dioenez, aldaketa horretan eragin berezia izan zuen Kontraerreformak, alegia fedeko egiak nekazari girora hurbiltzeko beharrak; bestalde, gaien aldetik, Troyes-en Bibliotheque bleuren eragina izan zuen.