Xaribari esaten zaie, oro har, antzezpen konplexu samarra duten zenbait herri errepresentazio barregarri, satiriko eta jostalariri.
Xaribariak, berez, inoren bigarren ezkontza zigortzen duten ospakizunak dira eta Europa osoan izan dira ezagunak: gazteleraz cencerrada esaten zaie, katalanez esquellotada eta frantsesez charivary.
Modu askotara izendatu izan dira xaribariak euskaraz: F. Michelek astolaster, zintzarrots, thupina-usu eta tobera-mustra hitzak aipatu zituen XIX. mendean. Dena den, hitz hauek badituzte tokian tokiko berezitasunak, eta adiera bat baino gehiago hartzen dituzte.
Hiru xaribari mota bereizten ditu G. Hérelle-k:
- Xaribari-serenatak (zintzarrotsak, galarrotsak). Kantaldi zaratatsuak ziren serenatak; iluntzean jotzen ziren “omenaldia” egiten zitzaienen etxeko leihopean.
- Xaribari-paradak (karroxak, tobera-mustrak). Desfile edo parada modukoak ziren eta, testurik gabe, keinuz errepresentatzen zen kritikatu nahi zen egoera.
- Xaribari-fartsak (asto-lasterrak). Erdi Aroko drama satirikoen antzekoak dira: herriko gertakari eskandalagarriak dituzte gaitzat.
Zenbait adituk paradak eta fartsak bat bailiren sailkatzen dituzte; izan ere, tobera-mustrak nahiz karroxak fartsaz osatzen ziren batzuetan, eta asto-lasterrak ere parada soil izan zitezkeen.