J.M. Lekuonak dioenez, obra idatzi gutxi gorde da, guztira 21; horietako bi, gainera, ez osorik. Egileak ez dira ezagunak, izan ere hitz iraingarri eta zantar franko zantarrak erabiltzen zenez, “omendutakoak” haserretuko ziren beldurrez zeudekeen.

Lehenengoa 1766koa da, Otsamendi de Arrosak egina Orzaizen, eta galarrotsaren kantuko hamaika ahapaldi bakarrik heldu zaizkigu.

Hona hemen Patri Urkizuk “Zuberoako Irri-Teatroa” izeneko bilduman jasotako 17 fartsaren izenburuak eta azalpenak:

1.- Agardentegilea eta bere emaztea. Bartcen izeneko batek idatzia tabernarien kritika eginez.

2.- Ardeatina eta Ludobina bi neskaren abenturak. Rubiq printzearekin oheratu ondoren isilpean haurra galtzera behartuko dute Ludobina.

3.- Bala eta Bilota. Bi tabernari tranpati, beren alabaren hezkuntzaz eztabaidaka.

4.- Bubane eta Xiloberde. Emaztearen adulterioa eta alargundu ondoko ezkontza.

5.- Juanik Hobe eta Arlaita, gizona egurtzen duen emaztea.

6.- Kabalzar eta bere familia. Baserritar alprojaren aholkuak bere seme-alabei.

7.- Kaniko eta Beltxitina.

8.- Malkus eta Malkulina.

9.- Mehaltzu eta Benus.

10.- Petit-Jean eta Sebadina. Bi amoranteren arteko harreman eskandalagarriak.

11.- Petitun eta Petik-hun.

12.- Pierris eta Katixa.

13.- Pierrot eta Xarrot.

14.- Planta eta Eleonora.

15.- Rekokilart eta Arrieder. Nagusi zaharraren eta neskame gaztearen artekoa.

16.- Saturno eta Benus. Agure alargunaren ezkontza ezkutua.

17.- Xiberua eta Marzeline. Emazte ezkontza-nahaslearen  amoranteak eta haren  senar adardunaren arteko harremanak.

Fartsa hauetan lantzen diren gaien adierazgarri da ondorengo testua, Patri Urkizuk berak argitaratua: Saturno eta Benus.

— Saturno eta Benus.

Bordeleko herri liburutegian, 18. zenbakia, Judith eta Holophernes pastoralaren barnean. Hau Gursen eman zen 1824.ean martxoaren 24ean, Pierre Linconnu batek zuzendurik (Louis Caly-ren izengoitia, antza). Baionako euskal erakustegian 55. zenbakiaren sataneriaren zatitxo bat besterik ez da hau.

JUTIBAL

I
Jente hunak, otoi,
leku egizie,
edo bestelan bertan
doluturen zaizie .

II
Hatzamaiten bazutie
ene gereinuak
zankopetan lehertuak
zutie haboruak .

III
Puntzela ziradienak
otoi, begiraizie
bestela sudur hustuz
airaturen zutie .

IV
Eztizu sekulan utzi
neskatila puntzelarik,
hatzaman dian lekian
bortxatu gaberik.

V
Gizona, utzi ezozu
brida hori libro,
ezpadie nahi leku egin,
estal bitza oro.

(Utzi brida)

VI
Ha, ha, ha, ha, ha!
Enizun sekula erranen puntzela bat bederen
etzela heben izanen.

VII
Aiei, mila debria ,
eta zer da hauk, arren,
ene gereinuak eztiala
puntzela bat edirenen .

VIII
Ah, madarikatien alabak,
eni duziela egiten,
ber diable, etzaitzieia
alsuak ere urratzen.

IX
Uste uken banu bidajia
hola niala eginen,
ene garainueki eninduzun
segurki huna jinen .

X
Herri huntan arauz eztie,
ezagutzen arrotzik,
erri eta karkaza baizik
deusere ezta besterik.

XI
Ihaz , Guabadiko plazan
uken nizun aharia,
Triate hegitik eman zeitan
jaun gorri batek eskia .

(Sar Satan eta mintza)

SATAN

XII
Adieu, mon compagnon ,
nula iz aspaldikua?
Si tou vous monte chez moi
esteki ezak garainua.

JUTIBAL

XIII
Bonjour, roi de l’enfer
et coman sabaty ,
ala amens ihaz bezala
uzkian zilo bateki?

SATAN

XIV
Badiat uzkian zilo bat
beti hire zerbutxuko ,
zabalik diat nahi dianian
hantik sudurra sartzeko.

JUTIBAL

XV
Quexar parla plan,
foutut mous de can
,
orano enian ihun holako
konplimenturik ukan.

(Zalditik jatsi. Satanek eskua demaio eta erorten uzten du).

XVI
Aiei, aiei, uzkia,
hau da erorikua !
Huntarik behar dit
arauz sekulakua .

(…)

XVII
Arropa dudalakoz
hanitz koloretan
ezin diat trufarik ,
baizik uken patetaro.

XVIII
Bena nahi nuzu
sartu seminariuetan,
eta gero ebili
apez baten arropan.

XIX
Adio, jente hunak,
orai banua mementian ,
hunat jinen nitzaizie
apeztu nizanian.

(Igain zamariala  eta juan gibelerat )

JUTIBAL

XX
Jente hunak, entzun duzieia
jaun hurren diskusa ,
zoinek aipatzen beitu
afera bat kuriusa .

XXI
Erradaziet emaztekiak
eztienez prebalitzen
astapitu handi zonbait
dutieneian hatzamaiten.

XXII
Ahal baneza alu bat
har niro nik intresian
holaz berrogei eta hamar luis
behedi behiro urtian .

XXIII
Eta gero nihaur
orano untsa liberti bestiak ere ari dire
haren amurekatik .

XXIV
Bena, ene gizun gaztiak
abil emanen deiziet,
zeren eta oro
ontsa maite beitzutiet.

XXV
Erosten duzienian
harakirik buxerian
libera hamabia sos
paka ezazie han berian .

XXVI
Gero eztukezien
aments erraitekorik
Mehaltzu gaisuak bezain
mandatariak uzkutik.

 

Hauekin batera Urkizuk Etxahunen hiru kantu aipatzen ditu, segur aski galarrotsen sarrera kanta gisa hartu beharrekoak: Eihartxe eta Miñau, Maria Solt eta Kastero, Ahargo eta Kanbillu.

Maria Solt eta Kastero

Maria Solt eta Kastero
bi amoros zahar bero.
Hirurogei-hamarna urtetan
hartü die amorio,
Kastero jelostü gero
Maria Solt ezari kanpo.

Maria Solta dua nigarrez,
izorra dela beldürrez.
Barnets-Bordako anderiak
kontsolatü dü elez;
emazte zaharrik oküpü
agitzen eztela ez.

Maria Soltek arrapostü
Santa Elisabet badüzü.
Saintu zahar bateganik
oküpü agitü düzü;
Kastero ere bada saintü,
naizen’]hala nizan beldür nüzü.

Kastero eztüzü saintü,
sobera bürhaüti düzü.
Elizalat juan eta taharnan
egoiten düzü;
Kastero denagatik saintü,
Maria Solt antzü zira zü.

Hitzak: Pierre Topet “Etxahun”

 

Sarritan, fartsa eta pastoralak, egitura eta koreografia osagarrien aldetik elkarren antzekoak badira ere, gaiez nahiz hizkuntzaz aski desberdinak dira.  Fartsetan gaiak zehatzak eta hurbilekoak dira. Herriko gertakariak salatzen dituzte asto-lasterrek. Hizkuntzaren aldetik, mintzaira askea eta irrigarria erabiltzen da, parodia egitea dute helburu, eta gordinegi eta mingarri ere gerta daiteke. Zuberoako hizkuntz errealitatea errepresentatzen duen hizkuntz nahastea egiten da: funtzio eta bizimodu desberdinen arabera gaskoia, frantsesa, gaztelania, euskara eta latina erabiltzen dira.