Artazuriketako errandoak, zelemin-zelemon: hiru deitura hauek erabili izan dira, batez ere Hegoaldean, nekazaritza giroko bileretan egiten ziren zenbait antzezpen izendatzeko. Bilera modu horietan antzezpen horiez gain, ipuin eta alegiak tartekatzen ziren nahasian, baita igarkizunak eta kantuak ere, “Ama ezkondu ezkondu” bezalakoak.

“Ama ezkondu ezkondu”

Ama, ezkondu, ezkondu,
denporea dan artean.
Ene alaba zer diraustazu?
Ogirikan ez etxean.
Galburutxu bat topatu neban
bidean ostikopean,
zortzi anega kendu neutsazan
aurreko bote batean.

Ukulun dringin maspelen dringin,
sankulun de blanko txuntxurrun berde;
txitxibiribiri rak eta plau,
ardauak honelan ipinten dau.
Ama, ezkondu, ezkondu,
denporea dan artean.
Ene alaba zer diraustazu?
Ardaorikan ez etxean.
Masmordotxu bat topatu neban
bidean ostikopean,
zortzi kantara atara niozkan
aurreko lakaina batean.

Ukulun dringin maspelen dringin,
sankulun de blanko txuntxurrun berde;
txitxibiribiri rak eta plau,
ardauak honelan ipinten dau.

Biltzailea: R. M. Azkue
Iturria: “Cancionero popular vasco”
Lekukoa: Julian Ugartetxea, Markina

 

Nikolas Ormaetxea “Orixe”ren Euskaldunak poeman, “Artazuriketa” deritzan atalean,  zenbait ipuin eta kantu aipatzen dira, baita “bikoak egiteko” (neska-mutil bikoteak) bertso berriak ere. Sarri bertso zahar batzuen hasierarekin apainduta daude bertso berri horiek. “Bikoak egiteko kanta” edo bertso horietako bat da, noski, Nafarroa Beherean jasotako  “Pinpirin eta Florian” kantua. Horiez gain, Orixek “Lectio epistolae” izeneko zenbait pieza ere jasotzen ditu, hots, bailara bateko herrien edo herri bateko etxe bakoitzaren izenez osatutako bertso-lerro saila eta horietako bakoitzari zegokion ezaugarriren baten aipamen iraingarria, ironikoa… Horien hurrena dakar Orixek “errando” errepresentazioa, eta, azkenik, dantza, irrada-dantza, alegia, bilera amaitzeko.

“Pinpirin eta Florian” 

Pinpirin eta florian dago,
florian eder xoxua.
Hark hura galdu, nik hura banu,
andretan nuke gogua.

Konpainian den ederrena da
Manex presentekua.
Manex hunek ederki;
Juana horrek hobeki.
Horiek horiek eremanen dute
beren bizia airoski.
Etxe egin berria,
ganbera leiho gabia,
Atea klin-klan, zerratu eta
oi! Zer besarkada aldia!
Juana, kontent zireia?

Biltzailea: Aita Donostia
Iturria: “Euskal eres-sorta”