Deitura orokorrak maskara hitzarekin du zerikusia eta XVI. eta XVII. mendeetan Europako zenbait herrialdetan egiten ziren festa eta ikuskizunak ziren. Inauterietako parada edo desfileak izendatzen ziren maskaradak, baina baita goi mailako gizartean egiten ziren jai eta maskara jaialdiak ere. Ingalaterran izan zuten bereziki garapena, eta maskaraz jantziriko aktoreek eginiko antzerki errepresentazioak integratzen zituzten, masque edo mask esaten zitzaienak.
Euskal Herrian, “maskaradak” hitzak (beti pluralean erabiltzen da) inauteri garaian Zuberoan egiten den para-teatroa izendatzen du eta bertan dantza, soinua, mozorroa, mimoa, kantua, peredikua, kopla eta bestelako osagarri estetiko-kreatiboak batzen dira. Beraz, maskaradetako zenbait gertakizun ikusteko dira (mugimenduak, dantzak, mimoak), beste batzuk irakurtzeko (hala nola medikuak eta Pitxuk bizkarrean daramaten txarteleko grafittia), eta, azkenik, beste batzuk entzuteko.
Hitza hainbat jardueratako gune eta protagonista da :
- peredikuak (esaterako, ijito edo buhameen talde-buruaren sermoia edota kauteren sermoia),
- koplak (xorrotxen koplak),
- elkarrizketak (kherestuen elkarrizketa), xorrotxen emankizuna, Pitxuren funtzio osoa…
- kantuak (esaterako, jokalari guztiek batean egiten duten kantua).
Txomin Peillenek azpimarratu duenez, bereziki aipagarria da Zuberoako Maskaradetan hitzak duen protagonismoa, Biarno edo Nafarroa auzoetan errepresentazio mutuak baitira.