Zer den ahozko literatura bi hitzez laburtu beharra izanez gero, Mircea Eliade-ren definizioa aldatuko genuke hona: “Noizbait norbaiten ahotik irten dena eta oroitzapen kolektiboak gorde duena”. Definizioa Mircea Eliade-rena da eta frantsesetik euskarara egindako itzulpena Juan Mari Lekuonarena. Definizio honek hitz gutxitan laburbiltzen eta lotzen ditu hainbat kontzeptu. Lehenik egilearen izenik ez da ematen, egilea anonimoa da. Egilea edo sortzailea “norbait” da. Sortzaile horren ahotik atera dena entzuleek jaso eta gorde dute memorian. Pentsatzekoa da sortzaile anonimoak sortu duena “sorkari” artistiko bat dela, produkzio estetiko bat dela, artezko lan bat. Sorkari hori ipuin bat, zein kanta bat, zein hitz gutxiko esaera zahar zein hitzezko dena delako zer eder bat izan daiteke. Sorkari ederra denez gero, hitz baliotsuen kateatze bat esana edo kantatua denez gero, merezi du gordetzea. Gordetzen den lekua gogoa da, eta gordetzea merezi du gogoangarria delako. Gordetzea merezi duen arren hitz kateatze eder eta baliotsu hori, baliteke noizbait, transmisio katean galtzea. Kolektibitateak sortzen duena gizaldiz gizaldi edo belaunez belaun transmititu egiten da. Horra hitz gutxitan zer den ahozko literatura.
Ahozko literatura “tradizioz” transmititzen denez gero, ahotik belarrira eta belarritik ahorako bidea duenez gero, kontzeptu berri biren gainean hitz egingo dugu, lehenik, “aho tradiziozko literatura” edo “ahozko literatura tradizionalaz”, eta bigarrenik, ahozko literatura tradizionala ez denaz.
Ahozko literatura tradizionalean, norbaitek, esaterako, noizbait kantu eder bat sortu badu, kantu hori mendeetan zehar kantatu da, aldaerak gorabehera, baina ez dakigu gehienetan zehatz noiz sortua den, ez nork sortua, ez non sortua. Kanta horrek gainera mendeetan zehar kantarien ahotik belarrirako bidean eta belarritik ahorakoan gizaldiz gizaldi iraun du.
Ahozko literatura tradizioz ez datorrena iraupenik ez duena da. Sortu bezain laster hiltzera kondenatua dagoen sorkaria da. Beste gisa bateko ahozko literatura da, beraz. Adibide egoki bat emateko har ditzagun kontuan bertsolarien jarduerak. Bertsoa, gehienetan eta zoritxarrez, sortu bezain laster desegiten da, suntsitzen da. Ahozko literatura tradizioz ez datorrena iraupenik gabekoa da, suntsikorra, galkorra.