Hemeretzigarren mende hasieran, Alemanian sortu zen Erromantizismo mugimenduak ahozko literaturari zegokion maila eman nahi izan zion. Gutxietsia edo baztertua zegoen herri-literaturaren edertasunak mundu ororen begi-bistan jarri eta goretsi zituen. Literatura alorreko mugimendu honen aitzindariak Grimm anaiak izan ziren. Herriaren espiritua herriak erabiltzen zituen kanta zein kontu zaharretan zegoela uste zuten. Herriaren espiritua edo volksgeist delako honen kanta, kontu eta elezaharren bila egindako ibilaldietan hainbat ipuin eta elezahar bildu zituzten.
Alemaniako XIX. mende hasierako erromantikoek uste zuten herri-kanta eta kontu zaharretan gordetzen zela herri horrek zuen azken aztarnarik garbiena eta osoena, urteetan barrena desitxuratzen eta malaskatzen joan zena. Honen adibide eta lekuko argia da Humboldtek Euskal Herrira etortzean agertu zuen asmoa. Honela dio Humboldtek: “Uno de los principales objetos que yo me propuse en mi viaje a Vasconia fue el buscar los vestigios que pudiesen aún haber quedado de la más remota historia y del estado más antiguo del pueblo bien por medio de viejas tradiciones o de antiguos cantos nacionales”.
Herri-literatura beraz belaunaldiz belaunaldi helarazi zenez gero ederra izateaz gainera, herriaren izpirituren gordailua zen. Grimm anaiek bildu zituzten ipuinak argitaratzen hasi zirenean, hemeretzigarren mende hasiera xamarrean, uste baino oihartzun handiagoa lortu zuten Europan barrena.
Hemeretzigarren mende erditsuan, 1846an, Ambrosio Merton-ek, William J. Toms izengoitia zuenak Londresko Ateneum aldizkarian folklore hitza sortu zuen. Alemanen volksgeist zein folk-lore hitz berriak, erro edo oinarri bera izango dute: herria. Hitz berria sortu ez ezik, sentiberatasun berri bat ere sortu eta hedatu zen Europa osoko literaturazaleen artean. Literaturaren ederra ez zegokien idatziz jarritako sorkariei bakarrik. Literaturaren ederra beste era bateko sorkariei ere bazegokien, zorionez. Belaunaldiz belaunaldi mendeetan zehar transmititu zen herrikanta eta kontuen altxorra ere literatura ederra zen. Hiztunen buru-bihotzetan gorde zen mendeetako altxorra ere literaturaren esparru gogoangarrian sartzen zen betebetean. Ahoz aho mendeetan zehar belaunaldiz belaunaldi helarazi zen herri jakintzak edo herriliteraturak bere balioa hartu zuen, izan zuen bere tornuia, Etxepare zaharraren hitzetan esateko. Europa osora hedatu zuen folklorearekiko zaletasuna, Frantzian eta Espainian ere bai, eta haien eraginez, Euskal Herrian ere bildumak egiteari ekin zioten, bertakoek nahiz kanpokoek.