Euskal literatura arbola bat bezala irudikatuko bagenu, arbola horren bi adar nagusiak edo besangak, literatura idatzia eta ahozko literatura lirateke. Arbola beraren bi adar horietatik aterako dira gerora ikusiko ditugun beste adar txiki edo adaxkak ere. Bi adar horietatik zein adarrek duen garrantzia edo gora handiagoa galdetuko baligute, gehienek erantzuna erraza eta presta izango lukete: literatura idatzia. “Literatura“ beste gabe, bere soilean esanez gero, leku zein garai guztietan, aldi zein alde orotan, “literatura idatzia” dela pentsatzen dugu. Mundu zibilizatu edo aurreratuko edozein hizkuntzatako literatura ikasten duenak berehala ikasiko du “literatura idatzi” hori baino lehenago, bazela beste literatura modu bat, bere sorrera eta bilakabidean zaharragoa zena, eta literatura horri “ahozko literatura” edo “herri literatura” deituko zaio.
Bi literatura modu horiek, ahozkoa zein idatzia, elkarrekin bi anaia bezala bizi arren eta aditu guztiek dakitenez elkar elikatu arren, ez dute, gutiz gehienetan, jakitunen edo eskolatuen artean begirune bera izango. “Literatura idatzia” maila goratu eta jasoago batean jarriko dute, eta ahozko literaturari muzin egingo diote gehienetan, anaia pobreari egin ohi zaion beltzuri edo destainaz. Zergatik ote? Ahozko literatura herri lau eta xehearen literatura izan ohi delako, eta idatzia jende eskolatu eta jakitunena. Honek guztiak ez du esan nahi idazle eskolatuek beren lanetan herri literaturako ipuin, kontu eta esaera zaharrik inoiz erabili ez dutenik. Literatura unibertsaleko lan askotan idazleek herri xeheak kontatu ohi zituen ipuin, kanta eta esaera zaharrak sartzen dituzte. Cervantesen Quijote famatua hartu besterik ez dago, Sancho Panzaren ahotik garai bateko hainbat esaera zahar entzuteko. Esaerak esan dugu, baina gainerakoak ere badaude. Lope de Vega idazlea hartuz gero, gaztelaniazko hainbat herri-kanta zein ipuin aurki daitezke, eta kasu honetan behintzat, zorionez, euskarazko kanta zoragarri bat 1615eko Los ramilletes de Madrid lanean.