Kopla zaharra, genero literario baino gehiago, ahapaldiak osatzeko modu berezia da, eta herri lirikan oso era estilizatua lortu du. Jon Kortazarrek adierazirik duenez, kopla zaharra irrazionaltasun poetikoaren agerbide bezala definitu da.
Kopla zaharra lau lerroko ahapaldia da, eta edukia bi zatitan banaturik dator: bata, sinbolikoa eta erreferentziazkoa, eta bestea, poemaren bi zati horien elkarketa prozedura ez logiko edo ez arrazoizko baten bidez egina. Lotura hori, batzuetan, soinu hutsekoa da, eta intuizio hutsekoa bestetan.
Irudimenak logikoki bereizita dauden bi zati elkartzen ditu. (Manuel Lekuona)
“Bertso berri“etatik bereizteko esaten zaio “kopla zaharra”. Biak kantatu egiten dira, eta gehienetan bat-batean botatzen dira. Teknikaz ere berdinak izan daitezke: hasieran zernahiz hitz egin eta bukaeran gaiari lotu. Baina kontuan izan behar da teknika hori berez koplen teknika dela, bertsoak osatzeko oso erabilgarria gertatzen bada ere. Beraz, badute elkarren antzik, baina ez dira gauza bera.
Zertan dira desberdin?
Kopletan pentsamenduen mugimendua azkarragoa da, eta koherentziarik ez da nabari lehen zatian edo kantaburuan agertzen den irudiaren eta koplaren mezuaren edo azken zatiaren artean. Hala ere, batasun hori logikoa ez izan arren, bada barne koherentziarik irizpide poetikoen, fonikoen eta intuiziozkoen arabera.