Kopla izadiaren sinbolismoan oinarritzen da, eta estilizazioaz baliatzen da epifonema edo amaierako sentimendua poetikoki adierazteko. Kopla zaharra bi atalez osatua dago: irudi ordezkariaz eta irudi fokalaz. Luis Mari Mujikak bestela izendatzen ditu bi atalok: atari ilogiko-sinbolikoa eta ondorio tematikoa.

1.- Koplaren lehen atalean izadiari buruzko erreferentzia egiten da. Izadiko irudiak agertzen dira: irudi sinbolikoak eta estilizatuak dira, baina poesia ludiko-koraletan hala izaten bada ere, ez da hitz arrotzik edo hots handiko hitzik esaten, ez da hitzen deformaziorik egiten.

Irudi ordezkari edo sinbolikoan ager daitezkeen elementuak hauek dira:

  • Loreak eta fruituak: mertxika, arrosa, elorria, krabelina…
  • Zuhaitzak eta landareak: haritza, pagoa, intxaurrondoa, elorria…
  • Hegaztiak eta animaliak: eperra, basoilarra, usoa, usapala, zaldia…
  • Lurrarekin eta gizakiarekin harreman estua dutenak: eguzkia, izarrak, itsasoa…
  • Beste batzuk: urrea, bitxiak, harria…

Koplaren lehen zati honetan  ez da ia aditzik agertzen, oso zati azkarra, bizkorra eta iradokitzailea izan ohi da. Elipsia da nagusi. Estilizazioa, kopla laburra izan ohi delako, erritmoaren eta puntuaren bidez lortzen da.

 

2.- Koplaren bigarren atala, ondorio tematikoa, esanahia duen zatia da, hau da, gaiari edo giroari egokitzen zaiona. Atal honetan agertzen zaigu eske, amodio, ospakizun eta agur mezua. Aditza, gehienetan, indikatiboan edo subjuntiboan ematen da.

 

3.- Aipatutako bi atalen arteko lotura ez digu gaiak berak ematen, inguruko zerbaitek baizik, entzulearen eta koplariaren arteko giroarekin lotuta dagoen zerbaitek, alegia. Esate baterako:

Astoak on dik oloa,
idiak arto-lastoa,
festa hoietan edan dezagun
Petiri, ekar ardoa!

 

Eguberrietako eske-kanta honetan, jaiotzaren inguruan giro atseginean azaltzen zaizkigu astoa eta idia. Abereak jaten ari direnez gero, Petirik tabernariari ardoa ekartzeko eskatzen dio, eta horrela bi egoera paralelo adierazten dira irudi horien bidez.

Kopla honetako bi atalen arteko lotura ez da logiko-arrazoizkoa, kausa batetik bere ondorioetara, edo zati batetik osora jotzea). Irudimenezko lotura da, sentsibilitatez eta intuizioz harremanetan jartzen direnak.

Bi atalen arteko lotura errima berak ematen duenean, “magia kutsuko kopla” bilakatzen zaizkigu. Esaterako:

Eder zeruan izarra,
errekaldean lizarra;
etxe hontako nagusi jaunak
urre gorriz du bizarra.

 

Kopla honetan bertsoaren batasuna lortu da puntu bakoitzaren bukaeran azaltzen zaigun oinaren bitartez. Koplaren giroak eta koplariaren sentimenduak baino indar handiagoa dute hitz horiek.