Koplaritzak eta bertsolaritzak antz handia dute. Baina, berezitasun nabariak begi-bistan daudenez, aditzera eman ditzagun:

1.-Ahapaldiaren azaleko egituran

Lehenengo berezitasuna ahapaldiaren azaleko egituran erreparatuko dugu: desberdin dira lerroz, desberdin silabaz eta desberdin errimak ezartzeko baliatzen diren eskemaz. Har ditzagun, esaterako, hain ezagunak zaizkigun zortziko nagusia eta kopla zaharra. Lehenak zortzi lerro ditu: 10/8 silabako lerroak txandatuz doaz, eta errimak lerro pareetan ezartzen dira. Koplak, aldiz, lau lerro ditu gehienetan: lehenengo biak 8 silabakoak eta errimadunak dira; hirugarrena 10 silabakoa eta errimarik gabea da; eta, azkenik, 8 silabako lerroa eta errimaduna.

Hona hemen:

KOPLA ZAHARRA

Eder soruan goldea,
soinean kapa morea;
etxe hontako nagusi jauna
ondo gizontxo noblea.

 

BERTSO BERRIA

Bart arratsian etorri nintzan
gaur atera naiz etxetik,
aita ta ama errietan ta
zakurra zaunkaz atzetik,
ni etxerako ona ez izan,
gauzak itxurak bazetik,
gure Jainkoak libra nazala
Komeni ez dan gaitzetik.

 

Azpimarraturik dauden bi epifonemak berdin-berdinak dira literatur egitekoaren eta efektuaren aldetik: bertsolaritzan hain oinarrizko diren ahapaldien azken zatiak dira. Batak eta besteak indar guztia azkeneko bi lerro horietan jartzen dute, baina oso prozedura desberdina darabilte azken hori bideratzeko. Koplak, zortzina silabako bi lerro puntudunen bidez osatu behar du azkenerantz daramaten osagaien langintza; bertsoak, aldiz, sei lerro dauzka,  eta horretarako 10/8 silabako errenkadak txandatzen ditu.

2.- Koplak izadia estilizatzen du 

Bigarrenik, koplak izadia estilizatzen du, eta estilizazioaz baliatzen da epifonema iragartzeko. Bertso bat osatzerakoan, bertsolariak, azken hori ibilbide logiko luzeagoz prestatuko du: sarrera bat lehenik, gero betelana hari logiko bati atxikiz pentsamenduaren aldetik, eta, girotze egokia sortuz, azken esaldiarekin lotura  egingo du.

Beraz, bertso baten barruan, koherentzia handiagoa ikusten da ideien eta irudien artean, lerrotik lerrorako pasabidean; hori bai, beti herri-literaturak duen erritmo azkarrean. Kopla zaharrek, ordea, arrazoizko osagai gutxiago sartzen dute, ez baitute gehiagorako lekurik, eta horrenbestez estilizazioa erabili beharra daukate. Baina, estilizazio honetan ez dute bertsolariek arrazoietara jotzen bertso bat osatzerakoan, irudietara baizik; izan ere, irudi bakoitzak tradizioz esan nahi duen edukiaz baliatuz eta berarekin jokatzen dute.

Koplak egitura bikoitza duela esan daiteke,  dinamika bikoitza du bere bilakabidean, eta bi irudirekin jokatzen du: bata,  irudi ordezkaria eta, bestea, irudi fokala.

Irudi ordezkariak sinboloa dakar, giroa sortzen du, logikaren heldulekua hurbiltzen du eta estilizazioz betetzen bere egitekoa. Irudi fokalak, aldiz,  ahapaldiaren esanahia darama, haren mamia, intentzioa, giltza eta sintesia adierazten dizkiguna.

 

3.- Koherentzia eza kantaburuko irudiaren, mezuaren eta azken esaldiaren artean

Hirugarrenik, kopla zaharren ezaugarririk funtsezkoena hau da: ez da koherentzia zuzenik nabari kantaburuan agertzen den irudiaren, mezuaren eta azken esaldiaren artean.

Esan duguna hobeto zehazteko, Nafarroako zenbait kanta eta jota euskal koplekin alderatuko ditugu. Horietan nabarmen da, bai batzuek eta bai besteek izadiaren aipamenak egiten dituztela eta horren irudiak erabiltzen dituztela ahapaldiaren hasieran, baina lotura ezberdinez josten direla hasierako irudiak eta ardaztzat duten maitasuna:

 

Qué triste será la mar
en una noche sin luna;
más triste será el querer
sin esperanza ninguna.

Una tórtola te traigo
que en el nido la cogí;
su madre llora por ella
como yo lloro por ti.

Itsasoa laino dago
Baionako barraraino;
nik zu zaitut maitiago
txoriak bere umiak baino.

Neguaren ondotik
jiten duzu uda;
zertako egiten duzu
horrenbeste duda.

 

Nafarroako lehen jotan (Funeskoa) irudia eta gaia kontzeptu berdinez emanik daude: triste eta más triste; eta konparazioa ere egiten da bien artean. Bigarren jotan (Bianakoa) ere kontzeptu bera erabiltzen da lehen partean eta bigarrenean, hitz bera erabiliz gainera: llora eta lloro, berdintasunaren edo antzekotasunaren kontzeptua erabiliz.

Oso bestela, ordea, euskal kopletan: lehenengo koplan, elkarren ondoren datoz itsasoan laino … Baionako barraraino eta nik zu zaitut maiteagoikusten oso zaila da zer lotura logiko dagoen lainoturiko kostaldearen eta maitasun handiaren artean: ala hura honen kokalekua den, ala biek antzeko joera duten, ala bien malenkonia dugun. Eta bigarren euskal koplan ere, elipsi modura doa, jakina, perpaus osoa: oraingo erasoaren ondotik etorriko da eguraldi ona. Salto logiko handiagoa ematen dute euskal kopletan.

Manuel Lekuonak laburbildu zuenez, literatura idatzi oituetan, lokera buruzkoak izan oi dira, “lokera horatiana” esango gendukeana; lokera filosofikoa, asieratik ondorengorakoa, osotik pusketarakoa, egilletik eginerakoa…lojika horatiana esango gendukeana.

Dena dela, herriak badaki nolabaiteko lotura badagoela kantu hauetan; eta  lehengo entzuleek ez ezik, jaialdi berrietara datozen entzule berriek ere (ikasle, intelektual, komunikabide berri…) ongi jasotzen dute edukia.

Izan ere, euskaldunak, zentzuen mailako erlazioak sumatzen ditu kopletan, sentigai diren irudien arteko erlazioak, sentigai diren barne-egoeren arteko erlazioak, M. Lekuonak dioen moduan: ezin esan liteke batere lojikarik ez dutenik; badute beren lojika, filosofiaz bestekoa, Horatioz bestekoa ezik: filosofikoa ez baino “poesi-lojika” baizik.

Filosofia, jakinduria, buru-gauza den bezala, poesia, olerkia, buru-gauza ez baino, irudimen eta biotz-gauza areago baita: irudimen, fantasi, sentimen-gauza…Itz bitan: gure kopla zaharren “etena”ez dela hain etena; badala tarte horretan lokarriren bat, zer ikusiren bat, artu-emanen bat, buruak baino areago irudimenak ulertzen duana.