Eguberri garaian “marijesiak” esaten zaien bertsoak abesteko usadioa izan da Euskal Herriko zenbait herritan eta tradizio honek bat egiten du Euskal Herri osoan Gabonetan kalez kale edo etxez etxe kantari ibiltzeko dagoen usadioarekin, Hegoaldean “gabon kantak” eta Iparraldean “noelak” esaten zaien eguberri kanten tradizioarekin.

“Marijesiak” abesteko usadioak alabaina badu berezitasun bat, eta zera da, bederatzi egunez jarraian egiten dela Eguberri aurretik. Historia santua kantuz azaltzen da (Adam eta Evarekin hasi eta Jesusen jaiotza arte, Ama Birjinaren anuntziazioa, Hiru erregeen etorrera eta guzti).