1.- GOIZA: Barrikadak
Barrikadak: Maskarada antolatzen duen herria beste herri batera doa bertakoen gonbitari erantzunez. Igandero-igandero errepikatzen da hori herri batean eta bestean, urtarriletik apirilera bitartean. Goizean, bisitariek ‘barrikadak’ gainditu behar dituzte. Garai batean benetako oztopo zirenak gaur egun botila batzuk dira, ardobotilak normalean. Barrikada hauek saihesteko, gorriek dantza egin behar izaten dute, “barrikada jauztia” deitua. Herriko auzo eta etxeen eta, bereziki, agintarien edo ostatu aurrean geldituko dira. Bertan dantza bat egin, xorrotxek agur kopla kantatu, eta gero buhame eta kauterak talde gorria lasterka eta oihuka inguratu eta elkarren gainka erortzen dira lurrera. Azkenik xorrotxek agur-kopla ematen dute, eta ondoren edaten eta jaten emango zaie denei.
2.- ARRATSALDEA: Funtzioak
- Hartza, axuriak eta artzaina
Gaur egun ez da gehienetan egiten, pertsonaia hauek ez baitira gehiago maskaradetan ageri. Agosti Xahok deskribatu zuenez, funtzio honetan hartzak eta artzainak dantza bidez borroka hasten ziren eta axuriak, beldurturik, ihes egiten saiatzen ziren. Hartzak axuri bat bahitzen zuen eta teilatu gainean agertzen zen. Artzainak eta hartzak berriro borroka egiten zuten eta, azkenean, axuria teilatutik behera erortzen zen. - Zamaltzaina
Zamaltzainaren funtzioa. Zamaltzainaren funtzioa eta ‘Godalet dantza’ funtzio berean aipatzen dira maiz, funtzioen banaketa egitean. Godalet dantza baso baten gainean egiten dute pertsonaia nagusiek. Guk, funtzio honen barruan, marexalen edo ferratzaileen funtzioa ere sartu dugu. Bertan, marexalek Txerrero eta Zamaltzain ferratzen dituzte.Godalet dantza
Ferratzaileen funtzioa
- Kherestuak
Kherestuen funtzioa. Kherestuek (zikiratzaileek) Zamaltzaina irentzen dute. Kherestuetako bat, ikaslea, ez da oso abila eta Kantiniersa zikiratzen saiatzen da lehendabizi. Ezinezkoa dela ikustean, Zamaltzaina harrapatu eta egin beharrekoa egiten dute. Beren artean biarneraz ari dira, eta dantza ere egiten dute, kherestu-dantza.
- Xorrotxak
Xorrotxen funtzioa. Xorrotxak edo zorrotzaileak bi izaten dira eta borobilean ibiliz abesten dute. Beren ofizioari buruz abesten dute, eta gero Xorrotx-dantza dantzatzen dute biek. Ondoren, Jaunari ezpata eskatu eta zorroztu egiten dute. Hemen ere laguntzailea baldar samarra izan nonbait, eta ez dute lehendabizikoan lana ondo burutzea lortzen.
- Buhameak
Buhameen funtzioa. Buhame edo ijitoak builaka sartzen dira borobilera, zurezko ezpatak etengabe astinduz. Hain maitea duten “ua!” oihua errepikatuz, elkarren gainean jauzi eginez ibiliko dira puska batean. Gero, Buhame Jaunak bere hitzaldi edo “pheredikua” egiten du.
- Kauterak
Kauteren funtzioa. Jaunaren tupina (pertza, eltzea) konpontzen saiatzen dira. Kolpeak handik eta hemendik eman arren, ez dute lortzen beren helburua eta nagusiak, Kabana Handiak, kargu hartzen die, zartakoak emanez. Kabana Handiak, bere hitzaldian, isekaz herriko eta nazioarteko berriak irakurri eta kritikatzen ditu gero.
- Erditzea
Erditzea. Funtzio hau ez da aspaldi egiten. G. Hérellek kontatzen duenez, haur baten erditzea antzezten zen kauteren funtzioan, ijito-andre batek emagin lanak egiten zituela.
- Pitxuren heriotza
‘Hou Pitxu hou’. Oihu honen bidez, Pitxuri hots egiten zaio. Pitxu nonbait ezkutatu da; ustekabeko tokian agertzen da beti. Ikusleei barre eginarazten die Pitxuren jokaerak.
Pitxuren heriotza eta berpiztea.
Heriotza. Noizbait lortzen dute kauterek pertza konpontzea (edo, behintzat, konpontzeko itxurak egitea) eta Jaunak txanponak botatzen ditu lurrera lana ordaintzeko. Txanponen bila salto egitean, Pitxu denen azpian hilik geratzen da.
Medezi. Anbulantzia etortzen da. Beharreko tresneria atera eta sabela garbitzen diote gehiegi jan duelako (une barregarria da hau ere, oilaskoa eta bestelakoak ateratzen baitira Pitxuren urdailetik).
Testamentua. Medezi bere lana egiten ari den bitartean, Kabana Handiak Pitxuren testamentua irakurtzen du.
Berpiztea. Gorputz guztia astindu ondoren, halako batean Pitxu berpiztea lortzen dute.
- Eskaleak
Eskaleen funtzioa. Funtzio hau ez da egiten. Badé-ren arabera, funtzio honetan eskale batek urez betetako lapikoa eramaten zuen bizkarrean eta gainerakoak hau puskatzen saiatzen ziren makilada gogorrak emanez.
- Txerrero Beltza eta Zamaltzain Beltza
Txerrero Beltza eta Zamaltzain Beltzaren funtzioa. Funtzio hau ere ez da gaur egun egiten. Eskaleak eskusoinuz jotako doinuan dantzatzen zuten Txerrero Beltzak eta Zamaltzain Beltzak, eta itxuraz Zamaltzain Gorriaren dantzaren parodia zen hauek egiten zutena. Antzeko zerbait ikusi ohi da gaur egungo maskaradetan Pitxuk Godalet Dantzaren parodia egiten duenean. - Azkena
Azkena. Bukatzeko, denek batera dantzatzen dute, eta saioari amaiera emateko, abesti bat kantatzen dute. Honekin bukatzen da maskarada. G. Hérellek aipatzen duenez, mende hasieran festa gaua arte luza zitekeen, dantzariek, herrira itzultzean, barrikadak aurkitzeko arriskua baitzuten, eta orduan dantza egiteko obligazioa baitzuten.