Galarrots edo zintzarrotsetan gazte jendea zen protagonista euren soinu tresna eta guzti. Bertsolaria eraman zezaketen berekin eta, halakoetan, baita korua osatzen zuen taldea ere.
Xaribari-parada delakoan bost pertsonaia mota bereizten ditu Juan Mari Lekuonak:
a) Xaribari jostaketa antzezten duten pertsonaia hiztunak.
b) Ballet saila, paradak dirauen artean eta jostaketaren tarteetan dantzatzen duena.
c) Zaldizko eta oinezko guardia.
d) Zeremonia edertzen duten konpartsak.
e) Trufariak, erdialdean irteten direnak barre eragitera.
Jean Etxepare mediku eta idazleak idatzita utzi zigun, 1896an, bere begiz ikusitako xaribari-paradaren deskribapena.
Fartsetan, aldiz, pastoraletako eskema bera zen: lehen zatian, egoera kritikatuan protagonista zirenen gorabeherak erakusten ziren, bigarrenean, berriz, epaiketan eta zigorketan parte hartzen zuten juje, abokatu, lekuko, borrero eta besteak agertzen ziren. Tarteak egiteko, esan bezala, dantzariak edo satanak eta trufariak agertzen ziren, paradetan bezala.
—— Xaribari-paradaren deskribapena
Beti bezala lau zaldun zeuden: kapitaina bere neska lagunarekin (honek soinean zeraman dontzeilarik ederrenaren ohiko jantzia) eta ofiziala berearekin; ibiltariak, buru gainean altu bezain itsusi ziren eta etengabe astintzen zituzten panpinak zeramatzatela; emakume basatiak, guraize handi-handiz hornitutako mari-mutilak; gerri estua eta zango luze, arin eta dantzariak zituzten emakume zuriak, begirada samurrak eskaintzen zituztenak; kaxkarotak, zinta eta azpilduraz, lore eta urreztatuz beteak apreta muturretik kokoteraino; bizar luzeko hiru jeje liburukote handiak zituztela besapean; lotsagabeko bi giltzari; lau jendarme; bi koplari; bospasei ijito zatarrez beterik, ezkonduak atzera begira jarrita bi astoren gainean; eta, nola ez bada, Donibaneko musika.
Gorriak, zuriak, moreak, horiak, berdeak, urdinak, baina batez ere gorriak ziren eguzkitan distiratzen zutenak, plaza inguruan lau ilaratan jarrita zegoen segizio osoaren jantziak apainduz, begiratzeaz ase ezinik zegoen ikuslea liluratzen zutelarik aldi berean.
Bat-batean isiltasuna nagusitu zen jendartean, eta koplariek, barrika gainean jarritako oholtza inprobisatu batera igota, kantuari eta historia kontatzeari ekin zioten.