Herriko plazan, herriko frontoiaren hormari erantsita egoten da  ikuskizuna egiteko eraikitzen den jokalekua edo taula, baita zelai edo pasealeku batean ere, betiere toki agerian eta estalperik gabe. Hiru barrika-sailen gainean eraikitako taula zabala zen garai batean; atzealdea oihal zuriz estaltzen da, inoiz lorez apaindua ageri dela; oihalaren atzeko aldea aktoreen gordelekua da, eta gainean, balkoi gisako batean, musikariak egon ohi dira.

Oihal zuriak hiru sarbide ditu. Bata ezkerraldean gorri edo türkoentzat. Ate gainean, “idola” edo “intxisua”, zurezko deabrutxo dantzari gorria, borrokan türkoek irabazten dutenean pozez dantzan egiten duena. Eskuinaldean sarbide urdina, hots, zintzoen sarbidea, eta honen gainean Zuberoako bandera edo ikurrina. Oihalaren kontra, erdian, errientaren mahaia, honi dagozkion banderaz eta bestelakoz hornitua. Taularen erdialdean “zuloa” esaten zaion gune beheratua, tapa batez estalia; hortik ateratzen dira borrokan hildakoak.

Aktoreak jokalekura eskailera batetik joaten eta irteten dira.