Lehen ipuin eta elezahar biltzaileak, kanpotarrak izan ziren:
- Jean François Cerquand Frantziako eskola inspektoreak “Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau” aldizkarian, “Legendes et récits populaires du pays basque” titulupeko artikulu luzeetan, 1874-1885 bitartean, 117 kontakizun argitara zituen. Kontakizun hauek ipuin eta elezaharrak dira zehaztasun handiz hornituak.
- Wentworth Webster (1828-1907) artzain anglikanoak Cerquand-en garaitsuan Euskal Herrian bizi zen eta berak ere hainbat ipuin eta istorio bildu zituen Saran, Lapurdin. Istorio hauetako zenbait, ingelesera itzulirik Londresen argitaratu zituen.
- Julien Vinsonek 1883an liburu polit bat argitara zuen frantsesez: “Le folk-lore du pays basque”, euskaraz berriz, “Baigorriko zazpi liliak” izeneko liburuxkan bildu zituen zenbait (1884-85)
- Anton Abadiaren eraginez Auguste Etcheberrik bildu zituen zenbait herri-kontakizun (1876). Herri-kontakizun hauek oraintsu arte Parisko Biblioteka Nazionalean gorde izan dira (Kaltzakortak argitaratuak “Lamia, Sorgin eta Tartaroren erresuma ezkutua”. Labayru, 1997an).
Hegoaldean, berriz, oihartzun handia izan zuen Ingalaterrako mugimendu erromantikoak:
- Migel Unamunok, Vicente Aranak eta Camilo Villabasok 1884an Sociedad El Folk-lore Vasco-Navarro sortu zuten, euskaraz Erriko Yakintza izena zuena.
- Resurrección Maria Azkue handiak ere izen bera ipini zion euskal ipuinen bilduma erraldoiari: “Euskalerriaren Yakintza” (1935-47, 2. arg. 1989)
- Jose Migel Barandiaran antropologoak ere ahalegin handia egin zuen elezahar mitologikoak biltzen euskal herritarrek zuten mundu ikuskera aztertzeko “El mundo en la mente popular vasca” (1961).
- Hauekin batean bilduma laburrago batzuk ere interes berezia izan dezakete, hala nola, Mayi Ariztiak “Amattoren uzta” izenez 1934an bertsio aldatugabeak emanez eginikoa. Beste zenbait bilduma ere egin dituzte J.M. Satrustegik, X. Azurmendik, Pierre Lafittek, Xalbat Arotzarenak…
w Ipuin eta elezaharrei buruzko azterketa lanen artean aipagarriak dira, besteak beste, Pierre Lafitte eta Julio Caro Barojak eginikoak, eta berrikiago ipuin folklorikoen altxorra aztertzen dihardutenenak, esate baterako, Xabier Bengoetxea (“Euskal Ipuinak”, 1986), Xabier Kaltzakorta (“Tartalo”, Labayru, 1997) eta Julio Camarena (“Las peculiaridades de la cuentística vasca”, 1992)