Ipuin mota hauetan halako protagonista zaldun batek bere maitearengana iristeko gainditu beharreko probak eta abenturak kontatzen ditu. Badira zenbait euskaraz ere, baina ez da sail ugaria, ez Europako beste zenbait tradiziotan bezain ugaria inolaz ere. Patri Urkizuren iritziz, Azkuek bilduriko “Alaba eta Alabaordea” ipuin erromantikoa litzateke, eta Europako beste zenbait ipuinen ahaidea bide da. Gisa berean “Alostorrea” deritzanak badu bere erromantze edo balada eta Erdi Aroko elezahar bat du bere baitan.

“Alaba eta Alabaordea”
Gizon bat, alaba bakar gaztetxo baten aita zala, alargun itxi eban bere emazteak. Etxea ezin ondo erabilita, soineko baltzak kentzeko eguna eldu dakaneko, bigarrenez ezkontzeko asmoa izan eban. Bigarren emaztetzat bere aurrean lenengo agertu zan emakumea artu eban. Sorgina zan berau. Laster sorgin onengandik beste alaba bat izan eban. Bigarren au seinzarotik urtenda gaztezarora eldu-orduko, il zan bere aita. Sorgina ordutik aurrera alaba ta alabordea lagun ebazala bizi zan. Alabeari eutsan maitetasuna baizen andia zan alabordearentzako gorrotoa ta ikusi ezina. Ezin egoarriz eroan eban bere erraietako neskatoa itxusi, ezin itxusiago zala, lenengo emaztearen ume eder, geroago ederragoa izatea. Bein, negu gorrian, paperezko soinekoz yantzi ta oinutsik mailukitara bialdu eban au, zimera bete ekarteko esanda. Otzen otzaz dardar yoan zan neskato errukarria ta txabola baten iru gizon aurkitu ebazan.
– Nora oa, neskato? -itaundu eutsen.
– Amak mailukitara bialdu nau.
-Mailukitara! ¡Dagoan otzaz ta daukanan yantziaz! Zelako ama don ori?
– Amordea dot.
-Aolan bai. Bada ortxe txabola-atzeko egurpean ediroko donaz mailukiok, zimera bete gitxienez.
Mailuki ederrez zimeratxoa bete bete egin ebanean, eskerrak erakustera iru gizonakana yoan zan. Onek maiterik artu ta iru bezuza egin eutsezan.
Batak:
-Esango donan itz bakotxeko urre-zati bat yausiko al-ddan.
Besteak:
-Egunean baiño egunean ederrago izango al-aiz.
Irugarrenak:
-Ildakoan angeruak zeruan sartuko al-abe.
Etxera elduta, amordeak zimeratxoa mailukiz betea ekarrela ta bera len baino ederrago etorrela ta urre-urtika ikusi ebanean:
-Non izan aiz, neskato? -itandu eutsan.
-Gaintxo orretxen beste aldeko txabola baten izan naiz.
– Inor ikusi don bertan?
-Iru gizon. Eurak erakutsi dauste mailuki-lekua.
Au entzunda, bere alabea soineko eder lodiz yantzi ta zimeratxoa bera eskuan arrarazota “i, neskato” esan eutsan alabordeari:
-Lagun egion oni txabola ori urruntxotik ikusten dan gaintxoragino. Ator gero eu bakarrik etxera.
Sorginaren alabatxoa txabolara eldu zanean, iru gizonak an ikusita:
-Amak mailukitara bidaldu nau neu bere, esan eutsen.
-Mailukitara! Zimerakada bat ezaldozue naikoa?
Ezeutsen mailukitegirik erakutsi. Iru bezuza bai ari bere egin eutsezan.
Batak:
– Egingo donan itz bakotxeko zapoa yausiko al-ddan.
Besteak:
– Egunean baino egunean itxusiago izango al-aiz.
Irugarrenak:
– Ildakoan Txerrenek eta lagunak inpernura eroango al-abe.
Etxera elduta amak zimeratxoa utsik, zimeraduna itsusiago ta aotik zapo-urtika ikusirik, len baino bere gorroto andiago artu eutsan alabordeari. Urrengo egunean otzen otzaz ibaia izoztuta (leituta) egoan. Orixe nai eban sorginak. Alabordea, mataza batzuk eskuan arrarazota, ibaira eurak yotera bidaldu eban: aurregunean legez, ortozik eta erdi biloizik gaixoa! Ibaiondora eldu zanean eskuak mangututa, matazak indarga yoten eragiola, zaldun batek ain ederra ta ain marroiz yantzita ikusirik, errukiarren bereganako bidea artu eban:
– Zertan diardun emen, neskato?
-Amak arizko matazok garbitzera (ikuztera) bidaldu nau.
-Dagoen otzaz ta daukanan yantziaz! Zelako ama don ori?
-Amordea dot.
-Aolan bai. Ator neure etxera. Neure amak alabatzat artuko au betiko.
Zaldun ori errege zan ta bere emazte izatera eroan eban neskatoa. Erregeren amak bene benetako alabeari langoxe maitetasuna eutsan erranari. Au lenengo seina izateko egoela, beronen amorde sorgina, barri onek yakinda, alabea lagun ebala, araxe yoan zan bizi izatera. Eztakigu sorginak nundik nora lortu eban yauregian sartu ta erregina gaztearen emagin izatea. Errege ta bere ama sein barriaz baratzeko lora-artean eguzkia artzen egozan bitartean, sorgina, bere alaba zatarra lagun ebala, ama barri zoritsuaren gelan sartu zan. Au ogetik kendu ta bere ordez izara-artean bere alaba zatar zapoduna sartu eban.
Errege gelaratu zanean bere emazte ederra emakume itxusi biurturik ikusita, zer egin ezekiala egoan. Sorginak lentxoago alaborde erregina ibaira yaurtigi eban. Orduan txori bat txioka asi zan:

Txin txaun txoria
txoritxu txilibitaria
astoan arto-bitxia,
upan edergarria,
zalduna doa zoroa,
moroa langoa daroa.

Alantxe igarri eben benetako erregina non egoan. Sorgina laban erre eben ta bere alaba zatarra barriz itxasoan irato.

  • Biltzailea: R.M. Azkue
  • Iturria: “Euskalerriaren Yakintza”
  • Lekukoa: Murelagako Maria Martina Maruri

“Alostorrea”
Deba-inguruko etxe entzutetsu baten izena zan au. Yabearena Beltrán Pérez de Alós. Bi aldiz ezkondu zan. Lenengo emaztearengandik alaba bat izan zuen: ederra, galanta ta ona. Alos-Usoa izentzat ematen zioten. Bigarren emazteak bi alaba eman zizkion Beltrani. Gaizki artzen zuen Usoa bere amordeak.
Beltranek, alaba maitea atsekabe aien artetik ateratzearren, beretzat senargai bat begiz yo zuen. Eztai-egunetan Beltran, Alos utzita, mauruen gudaldi batera yoan zan eta zazpi urte anditan egon zan etxeratu gabe.
Alosteratu zanean, berri izugarri batek mindu zion Beltrani biotza: bera mauru ilten ibili zan urte aietan uriko seme bat Alosen yaio zala; ta aur berri onen ama bere emaztea otezan, bere alaba Usoa otezan. Usoaren amordeak zabaldu zuen bigarren uste gezurrezko au.
Egia garbi garbi ezagutzeko, burutasun bat izan zuen Beltranek: bere burua iltzat egitea. Alostorreko zaldunaren eriotzea laxter zabaldu zan inguru aietan. Gaubeilara, aide ta adiskide, lagun asko batu ziran.
Aldi artan iletak yoten zituzten, ez bakarrik gorputza lupera eramatean, bai gaubeila-bitartean ere.
Beltranen lenengo alabari bere aldia eldu zitzaionean, zegoen lekutik yaiki, zerraldora urreratu ta bere aita maiteari bekokian muñ eman ta gero, itz auezaz kantatu zuen bere ileta:

Alostorrea bai, Alostorrea,
Alostorreko eskalera luzea!
Alostorrean nengoanean goruetan,
Bela beltza kua kua kua kua leioetan.

Bela Beltz sasiko mutilaren aitak zuen ezizena ta bera ere sasikoa edo urikoa zan, Beltranen lengusu baten semea.
Usoa luzaroago ari zan ileta yoten, eta bere ezpainetako itzak argi argi agertu zuten Alosko mutil gaizki yaioa etxeko andrearena zala.
Orduan yaiki zan au, ta, berak zinu eginda, bere senar-orde Bela Beltz ere bai; ta bien artean Usoa iltzeko zeukatela, zerraldotik atera zan Beltran ta berealaxe Bela Beltz-i bizia kendu zion.

  • Biltzailea: R.M. Azkue
  • Iturria: “Euskalerriaren Yakintza”