Olagizon bati Zubillagako (OƱati) ola gelditu egin zitzaion eta arazoa konpontzeko Anbotoko Mariri iritzia eskatzea erabaki zuen. Fraide batek bedeinkatu zuen eta erakutsi ere bai nola jokatu Mariren leizean.
Joan zen, bada, olagizona Anbotora eta sartu zen leizean. Andrea bere ilea orrazten ari zen gela eder batean. Olagizonak gertatzen zitzaiona esan eta irtenbidea erakuts ziezaiola eskatu zion. Marik esan zion tresnaren barruan sartutako sugetxo batek galarazten ziola olari lan egitea. Erremedio bezala, esan zion, fraide batek bedeinka zezala, eta honela berriro lanean hasi zen ola.