Ipuin guztien artean interesgarriena ipuin miresgarria denez gero, aipa ditzagun zenbait ezaugarri orokor: lehenik, ipuin miresgarriak, beti-beti ez bada ere, sarrera-formulak eta bukaera-formulak izaten ditu.

Sarrera formulak

Sarrerarik ezagunena behin hitzak ematen dio.
“Behin bazen” edo “behin batez bazen” horretaz hasten den narrazioak entzulea edo entzuleak denborarik gabeko denbora zoragarri batean jartzen ditu ipuin kontalariak. Denbora eza hau, edo nahiago izatera, antzinate zehaztugabe batean gertaera miragarriak gertatzea, da ipuin miresgarriaren ezaugarririk inportante edo behinena. Halaxe gertatzen da ezagutzen ditugun munduko beste gainerako hizkuntzetan ere. Alemanez, esaterako, märchen edo ipuin miresgarriak Es war ainmal batez hasten dira. Ingelesez Once upon a time sarrera dute. Gaztelaniaz denok aditzea dugun Había una vez edo Érase una vez, edo Érase vez y vez horiek ematen diote abioa kontaerari.

Denbora eta leku zehaztugabeak

Ipuin miresgarrietan denbora zehaztugabea da eta gertalekua ere bai. Ipuin miresgarrietan gertaeren garaia zehaztu ezin den bezalaxe, gertalekua ere ezin dezake inork jakin. Ipuin miresgarrietako ekintzak noizbait eta nonbait gertatzen dira, inolako zehaztasunik gabe.

Horrexegatik, euskarazko sarrerarik ederrenetako batek ekintza munduan jartzen du, munduan jartze horrek nonbaitasuna ezerk baino hobeki markatzen duela. Wendtwoth Webster-ek bildutako Lapurdiko ipuinetan adibide ugari ditugu. “Sorginak akelarrian” ipuina, esaterako, honelaxe hasten da: Behin batez bazen, munduan asko di(r)en bezala…

Pertsonaiak ere beste asko bezala

J.M. Barandiaranek Bizkaian bildu zuen aldaera batean Munduan asko le(g)ez hasiera-formula honek badu luzagarri bat: Munduan asko lez arto koskorrez… Sarrera honek zenbaitetan Lapurdiko ipuinetan beretan ere izan dezake luzagarri eder bat “Jaundeko” eta “Errege eta hiru alabak” ipuinetan bezalaxe. “Jaundeko” delakoan honela hasten da: Asko munduan bezala, eta izanen diren bezala, baziren ama-seme batzu. “Errege eta hiru alabak” ipuinean ordea: Asko munduan bezala, eta garen bezala, bazen errege bat; bazituen hiru alaba. Eta azkenik, formula beraren luzagarririk ederrena bezalaxe “Errege eta bere hiru semeak” ipuinekoa: Asko munduan bezala, garen eta izatu eta izanen garen bezala, baziren errege, bere andrea eta hiru mutiko. Ipuin miresgarrietako gertakariak, beraz, edozeini gerta dakizkioke, baina edozein hori ere zehaztugabea izan ohi da gehienetan. Izenik gabekoa, hain zuzen. Errege batek hiru alaba baldin baditu, alaba horiek zaharrena, erdikoa eta gazteena izango dira. Aita batek hiru seme baditu, seme horiek zaharrena, tartekoa eta gazteena izango dira.

Egitura finkoa

Ipuin miresgarri hauetako egitura, finko xamarra dute hizkuntza batean eta bestean. Bestela esan, ipuin miresgarrien morfologia finkoa da ezagutzen ditugun Europako tradizio guztietan. Morfologiaren edo egituraren finkotasun hau zehaztea izan zen Vladimir Propp errusiarraren Ipuinaren morfologia lanaren helburua. Ipuin miresgarriaren egitura finko horretan, heroia beti ateratzen da etxetik mundua korritzera. Etxetik abiatze horri munduz mundu joatea deitzen zaio euskarazko aldaeretan. Heroiak munduz mundu ibiltze horretan proba batzuk gainditu beharko ditu. Heroiak probak gainditzeko laguntzaileak zein arerioak izango ditu. Laguntzaileak euskarazko ipuinetan bidean aurkituko duen Ama Birjina edo Amandre bat izango dira. Laguntzaile horrek erdaraz hada du izena, horrexegatik esan ohi da gaztelaniaz modu batean baino gehiagotan Cuento maravilloso o de encantamiento, edo frantses deituratik hartutako Cuento de hadas.

Behin proba guztiak gainditu ondoren, azken zoriontsua etorriko zaio heroiari. Heroia pozik eta luze biziko da. Azken zoriontsu hau da ipuin miresgarrien ezaugarririk nabarmenenetakoa. Bukaera hau ere formula bidez eman ohi da hainbat hizkuntzatan. Labur zurrean euskarazkoak bakarrik aipatuko ditugunez, Lapurdiko ipuinetan Ungi bizi izan ziren, ungi hil ziren edo aldaera txiki bat duela: Ungi bizi izan baziren, ungi hil ziren. Ipuin miresgarriak beste denbora batera eramaten gaituenez gero, denbora zehaztugabe eta magiko batera hain zuzen, ipuina zabaltzeko formula bat erabiltzen den bezala ipuina gakotzeko ere beste bat erabiliko da. Formula bien bitarteko kontakizuna izango da ipuin miresgarriaren eremu zoragarria.

Bukaera formulak

Ipuin miresgarrien bukaera-formula guztiak hemen aipatuko ez baditugu ere, esan dezagun zenbaitetan ipuina bukatzeko edo giltzatzeko formula berezi bat erabili ohi dela. Formula berezi honi formula egomorfikoa esaten diogu. Erdarazko adibide bat jartzearren Y vivieron felices y comieron perdices formula ezagunari, zenbaitetan, gehigarri egomorfiko bat gehitu ohi zaio: Y vivieron felices y comieron perdices y a mi me dieron con el plato en las narices. Formula barregarri honen bidez kontalaria zorionaren kanpoan dagoela adierazten bada ere, bidenabar adierazten da, bide batez bada ere, besteren zorionaren lekuko izan dela. Formula honek ipuin-kontalaria edo “ixtorio-errailea” bera egiten baitu gertatu denaren testigu edo lekuko, ipuin-kontalaria izan baita ipuinaren gertalekuan. Tankera horretako bukaera du Jose Egañak kontatzen duen “Hiru malestudiantiena” ipuinak, eta baita Barbierrek bildu zuen “Tartaroa” ipuinak ere. Ipuin honetan protagonistak behin Tartaro bentzutuz gero, Tartaroren bizkar-larruaz zapata parea egiten du. Kontalariak ipuina giltzatzeko hauxe dio azkenean: “Eta geroztik ongi aberasturik, hor dabila gure muthikoa, ezin higatuzko bere oinetakoak soinean. Iragan astean kurutzatua dut oraino, hanchet, Pinodietako kaskoan”.

Bukaera hau deigarria da alderdi askotatik. Lehenik eta behin, Tartaroren bizkarretik kendutako larruaz egindako oinetakoak ezin dira higatu, ezin dira gastatu, hain da gogorra Tartaroren larrua! Bigarrenik, kontalaria ipuineko protagonista ezagutu ez ezik, berarekin gurutzatzen da ipuina kontatzen den lekutik hurbil, Pinodietako mendi tontorrean. Mendi tontor edo kasko hau hurbil dago hiztunarentzat, “hantxet” esaten baitu.

Euskal ipuinei dagokienez, Euskal Herri osoko bilduma guztien artean Wendworth Webster artzain anglikanoak Lapurdiko Sara herrian bildutako bildumakoak dira ederrenetakoak. Formularik laburrena “Erretora” kontakizuneko Orduan han nintzen bukaera zoragarria da. Bukaera hau bestetan osoago eta are indartsuago agertzen da: Orduan han nintzen eta orain hemen. Formula honetan bi denbora markatzen dira bi adberbiorekin: bata, ipuinaren gertaeren garaikoa da “orduan” hitzarekin markatzen dena, bestea, ipuina kontatzen den garaikoa, “orain”. Era berean, bi espazio desberdin markatzen dira: bata ipuinaren gertaeren lekukoa, “han”, bestea ipuina kontatzen den lekukoa, “hemen”. Horrexegatik da bere laburrean zoragarri aipatu dugun formula hau. Bi denborarekiko eta lekurekiko formula hau Lapurdiko zenbait ipuinetan agertzen da, besteak beste direla, “Dragon” alean. Oinarrizko formula hauek izan ditzakete gehigarri eder askoak. Horra, adibide bezala, “orduan” hitzarekin bukatzen direnak: Orduan han nintzen ur hegian eta han ikasi nituen hiru egia hoik eta gehoztik ez ditut sekula ahantzi, “Axeria” ipuinean. Edota “Bi mandozainak” ipuineko Orduan bizi nintzen zubi haren muthurrean etxe txiki batean. Aditzen nituen arrats guziez eta aditu nituben mandazaiñaren plaiñoak. Gaztelaniaz ezagutzen ditugunen tankeratsukoa da, esaterako, “Heren sugea” ipuinaren bukaeran agertzen dena: Horiek guziak ikhusi nituen bañian ez ninduten niri deusikan eman. Kontalaria bera gertaera harrigarrien testigu izan zela adierazteko bada beste formularik ere ni ere esapideak markatzen duena. Hona azken ale bezala “Baligua Gure Aita eta Agur Mariarena” ipuinean agertzen dena: Ni ere herri hartan nintzen ezkillak ari zirenian. Gan nintzen etxe hartarat, bañian ezin hurbildu nintzen gela hainbertze jende baitzen han.

Transgresioak

Ipuin miresgarrietako gertaera harrigarriak transgresioen bidez ematen dira askotan. Transgresioak lege fisiko eta naturalak hautsiz lortzen dira. Era askotakoak izan daitezke transgresio hauek. Izenda ditzagun zenbait. “Zorria” ipuinean errege-alaba batek zorri bat aurkitzen du bere burkoan. Zorria, euskal bertsioan, ez da zorri arrunt bat, zorri txikia baizik. Zorri txiki hori errege-alabak pertz batean sartzen du eta zorria handitzen denean pertza zapartarazten du, lehertzen du, handitu delako. Zorriak pertza lehertzen du txitak jaiotzean arrautza oskola lehertzen duen bezalaxe. Orduan, zorri hori pipota edo barrika txiki batean sartzen dute, baina zorria gehiago gizentzen da eta barrika ere hautsi egiten du. Azkenean, zorria hain da handi, non, laur karnazer edo harakin behar baitituzte zorri gizendua hiltzeko. Behin zorria larrutu ondoren, zorri larrua erregek sikatzen uzten du bere leihoan eta kridarazten du edo pregonatzen du inork asmatzen badu zeren larrua den leihotik dilindan dagoena, bere alabetariko batekin ezkonduko dela. Hau da Europako ipuin miresgarririk hedatuenetako bat. Ipuinaren hasiera berean transgresio fisiko baten berri ematen zaigu: zorri txiki bat urdama handi edo txerri handi baten pare gizentzen da.

Badago adibide politagorik ere. Mutil gazte bat etxetik abiatzen da eta ibili eta ibili, aintzira ertz batera ailegatzen da. Aintzira ertzean dagoela, egarri denez gero, makurtu egiten da ura edateko. Ura edateko unean, zeruan hegaz doan lertxun saldo bati erreparatzen dio, eta lertxunak ere, aintzira ertzean pausatu eta beren azala kendu ondoren neskatila eder bihurtzen dira. Neskatilek beren lertxun-azal lumadunak aintzira ertzean utzi eta uretan biluzik bainatzen dira. Orduan mutilak neskatilarik ederrenaren lertxun-azala ostu eta aintzira ertzean ezkutatzen da. Transgresio zoragarri hori, lertxun edo zisne enkantatuen azalpean neskatila ederrak egotearena, Europa osoko ipuin zoragarrietan ematen da. Euskarazkoetan ere baditugu horren adibideak: Websterren “Andere usoa eta bere orrazia” ipuinean mutiko batek etxetik atera ondoren Tartaro bat batzen du bidean. Tartarok galdera bat egin ondoren honelaxe erantzuten dio mutilari: Zeren egia erran dukan uzten haut bizia, lurreko xinaurria, eta zenbeit egunen buruban ganen haiz hemendik. Ethorriko dituk hiru andre gazte nere baratzeko urerat mañatzerat. Hekiek utziko ditizkek beren uso arropak harri handi baten gañian eta hartuko duk erdian izanen den uso larruba. Ilkiko dituk bi andre gazteak uretik eta hartuko ditizkek bere larrubak. Urean geldituko denak galdetuko hau bere larruba bañian ez diok emanen agindu arte lagunduko hauela beti. Euskal adibidean hegaztiak lertxun edo zisneak izan beharrean usoak dira, baina usoak beren azala edo arropa lumaduna utzi ondoren, baratzeko ur ertzeko harri handi baten gainean, neskatila bihurtzen dira. Transgresio hau, jakina, indar handikoa da, edertasun hunkigarrikoa. Transgresio honen bidez hiru neskatila sorgindu edo enkantaturen berri ematen da. Era honetako sorginkeria edo enkantamenduak edozein hizkuntzatako ipuin miresgarrien gatz eta arima dira.

Adibideak