Behin, behin bizi omen zien, etxe haundi baten, senar-emazte batzuk. Aberatsak zien. Eta, nunbait, etxe hori zegon herritik kanpora. Kanpora, eta hantxe beren lanak eginez eta zea…, baino gizona, nahiz herritik kanpo eon, herrin hartuemana bazun, ibiltzen zan bere… herrin gorabeherak zienen ta joaten zen herrira, eta arratsalde baten esan zion bere emazteari, andreari, esan zion:
– Zu!
– Zer?
– Goazen herrira!
– Bai bai, segitun!
Jarri zan ondo, joan ziren herrira eta herrin ba, edo dirurik ez edo uste baino lehenago iritsi herrira, edo… esan zion, andreari esan zion:
– Aizu! Bero eitten du ta eseri zaitez itturri hontan, itzal hortan, eserita jarri zaitez eta etorriko naiz ni. Gero jungo gea biok, zaldi ta karro bat hartu ta dotore ibiliko gea hor ta geo etxea joango gea.
Gizonak alde egin zun, emakumea jarri zan, zeako.., itturriko petrilen eserita, itzalen, eta han zegon, jarri ta, gaiƱea bazun beta, bazun denborea, ohittuta zegon bakarrik egoten gizona kanpoa ateratzen zanean ta, bakar-bakarrik, hantxe, eta holako baten ikusten du norbait datorrela. Norbait. Zein ote da? Bera izkutuan zegon. Itturrien, harrizko itturrien, itzalen, etorri zan beste hoi ta… urez betetzen hasi zan zea bat eta… Itturrik zeukan putzu bat ingurun. Edateko ure ta,… Beste horrek bete zun zea hori ta… Beiratzen zun ta… Uretan azaldu zan errainu bat. Errainu bat. Neska, bestea, etorri zan horrek, esan zun:
– Ai! Ni hain ederra izan… ni ureta bialtzen!
Hasi zan plis!, plas! ta pitxarra jooop!, harrikin ta, dana txikitu zun. Emakumea han egon zan ixil-ixilik, jun zan etxea ta nausik esan zion:
– Ze in dezu, nun dezu pitxarra?
– Nik pitxarra? Ni, hain ederra ikusi nun lehengokoe, hain ederra izan ta… ni itturrira bialtzen. Enaiz gehiago itturrira joango!
Neska beltz bat zan, neska itsusi bat, ta neskame, azkenetakoa zegoena. Eta ze egin zun ba.. Gizonak esan zion: “Ez dek ba bereekin aterako! Egin beharko dik esandakoa!” Errara bat eman zion. Errara, burnikin ta lotutako egurrezko zea bat, ura ondo gordetzen zuna, eta…
– Zoaz itturrira eta ekarri neri ura!
Bestea jun zan, burun hartuta errara hori, tapa-tapa jun zan; emakume hura oraindik han zegon, gizona zai. Hasi zan ura biltzen. Beirau ureta eta berriz ere:
– Ni hain ederra izan ta ni ureta bialtzen?
Hartu errara hori ta plis!, plas!, ta harrikin ta, ahal zun bezela txikitu dana,… jun zan etxera.
Gizonak ikusi zunen:
– Ze? Nun dezu errarea?
– Errarea? Ni hain ederra izanda ni ureta bialtzen?
– Ze egin diozu?
– Txikitu det dana!
– Emangoizut ba nik bat gauza bat txikitzen ez dana. Jun berriz ere ta ekarri beharko dezu atzenen!
Eman zion pote txiki bat. Aurpegia garbitzeko zato txikia. Eman zion, eta emakumea tapa-tapa jun da berriz itturrira, hasi da betetzen. Beira dago zein, ureta… Ai! Emakumearena ederra, arpegi ederra han, eta bere azala..
– Ni hain ederra izanda!
Hartu potea ta plis!, plas!, hasi zen ta…Beste emakumea han zegon:
– Ze txoro ote da hori!
Ja, ja… parre-txiki batez, eztul zea bezelakoa ta…Beirau zun… Ikusi zun holako ederrik, biali zun …
– Oi, nondik zatoz! – zuri-zuri hitz egiten hasi zitzaion – Ze egiten dezu hemen?
– Hementxe, bero haundia egiten dula ta, gizona jun zait, herrin badaukala egitekoren bat eta… haren zai nago. Bero haundia egiten du ta…
– A bai, bai, bero haundia egiten du eta ni itturrira etorri naiz ura eramateko, ta zean, da..
– Baina, …ta denborea, …aspertuko zea bakarrik hemen.
– Ez, ez, ez, ohituta nago ni bakarrik egoten. Ez naiz aspertuko!
– Bai bai bai bai bai, nik ilea orraztuko dizut!
– Ez, ez daukat beharrik, zertako orraztu…?
– Bai, bai, bai, orraztuko dizut…
Gerturatu emakumeana eta hasten da burun ileko orrazi bat itzultzen. Hortan zer egiten du? Orratz buru beltz haundi bat, neketsduna, atera ta, pom! emakumeari burun sartu zion. Emakumeari burun sartu zion, eta belaxe, uso baten antzera bihurtu zen, eta usoa bezala ra, ra, ra, ra, ra, joan zen ihesi. Eta ordun emakume harek, zahar harek, denbora asko egon ziren hizketan, galdetu zizkion ba ea senarra nolakoa zan, etxean ze egiten zuten, zenbat seme-alaba zituzten, eta baserria nolakoa zan, eta… mila gauza esan zizkion, aspertu arte guzti. Eta, burun ra! orratza sartu zionen, jun zan uso bezela.
Emakume beltz harek esan zuen:
– Ni etxekoandre izango naun noizbait!
Jarri zan eserita atso haren ondon, … edo, … emakume haren tokin.
Noizbait etorri zan gizona eta hasi zan beira. Emaztea esan, ez zuenean ikusten… emakume zahar hura, beltz hura:
– Ikusi al duzu hemen, hola, emakume bat…
– Zuk esaten diazun hori, ni zure emaztea naiz!
– Nola, nere emaztea? Nere emaztea beste emakume bat zan! Zu? Ez da posible!
– Bai! Eguzkiak belztu nau!
– Eguzkiak?
– Bai, bai, bai, bai. Hona ez da inor etorri eta badezu garaia etortzeko!
Izan litekek, hala gertatzea! Hartu, zaldi ta karrokin etorrita zegon, buelta bat eman,… ta gizona kezketan, kezketan. Nire emaztea, ez da posible!
Bittarten bestea esanez:
– Bai, akordatze al zera atzo ze egin gendun ta, gure etxen nola dagon zea ta…
Bestek, dana baaki. Nere emaztea da! Beiratu ta, … Behintzat, bere etxera eraman zun. Zaldia ta karroa utzi herrin ta, bere etxera.
Etxea jun zianien ba, familiko danak, harrittuta:
– Etxera, nor ekarri dezu etxera?
– Ama.
– Ama? Hori ama?
– Ez,…eguzkik txoratu du eta, eguzkik ondoez eginda… Gaizki dagola ta hantxe bilatu det. Hau da!
Denbora jun zan, udea jun zan,… udatzena etorri zanen, …etxe ingurun zuhaitz haundik eta han usok eta biltzen ziran eta, famili hortan ba, danak triste. Emakume hura ba, nahi zun batzutan, alai bezela… Ezin! Etzan bera, hartakoa etzan. Eta egun baten, bazkalduta bazeuden han, balkoi batean… Ta!, ta!, uso bat! Zuhaitzetik, arbolatik…
– Nagusi jauna ondo! – usoak – Nagusi jauna ondo!
– Bai!
– Nagusi jauna ondo?
– Bai. Zu ere bai?
– Bai. Morena beltxa eta ni (?).
…Ihesi. Gizona kezkatan. Ze, ze esan nahi ote zun. Ze… Beste beltz hura berriz:
– Hoa hortik, muturzikin hori! Aizan, alde hortio!
Bigarrenean etorri zan, … berdin. Hirugarrenean etorri zan eta gizonak esan zun:
– Uso hori, ezkutatu behar det nik uso hori nola edo hala.
Ailegatu zienien piskat, … pum! eskukin hartu, usoa behera. Atso zaharrak:
– Uh! Zikin hori! Zer daukazu zuk… Bialdu zazu hortik! Bialdu zazu!
– Ez, ez, ez.
Hasi zan burutik zea leuntzen, piska bat, eta… Burun koxkor bat! Ze ote du ta,… orratza. Atera zun, oi!, lehenagoko emakume ederra bere aurren.
– Zu! Nola?
– Nola? Beira. Hor daukazun hori, horrek engainatu zaitu. Horren itturrian hartu nindun, ilek orraztu behar zizkila ta, orratza burun sartu zin, eta uso baten egon naiz gaur arte. Emakume zahar hori!
Hoi entzun zunen hasi zan balkoitik saltoka, lasterka. Bestek harrapatu zuten, eta bittarten emakume hura gizonakin ta esaten gelditu zan, ze pasau zan ta zer etzan. Behintzat danak poztu zien … Eta atso zahar hori gauen euki zuten han, herriko kartzela baten. Hurrengo egunen herri guzti-guztia bildu eta labe baten erre zuten. Geroztik, familia hartan oso gustoa izan zien.
Kaltzakortak Arratibeli jasoa