Asko munduan bezela bazen jaun erretor bat. Bazuen errota bat eta hura zen irian zagoen errege. Egun batez errege harek ekhar arazten du bere aintziñerat eta erraten dio:
-Jaun aphez batek gauza hañitz daki eta behar du jakin. Hiru gauza behar nauzkitzu erran: zenbat bide den hemendik zerurat, zenbat dutan balio eta zer dutan gogoan. Eta hori halako denboretako. Bertzenez hila izanen zare.
Gure jaun apheza badoha tristeki etxerat. Ondoko egunetan orañion tristeago. Maiz errotako ingurutan beitzabillan errotazaniak ikhusi zuen eta erremarkatu haren tristezia. Erraten dio behin:
-Zer duzu, jauna, hola billakatzeko? Baduzu zerbeit pena? Erran nazazu.
-Bai, zuri erranikan ere ez dut probetxurik.
Eta ez dio erraten. Denborak urbiltzen ari zitzaiozkan eta ari zen meatzen bere peñarekin. Errotazaiñak erraten dio egun batez:
-Jauna, erran nazazu zer duzun. Nik erremediatuko dut.
Biharamuñian zen eguna. Pentsaazu nola zen gure jaun apheza. erraten dio bere errotazañari zer galdetu digoen erregek eta billatu zuela bere liburu guzietan eta nihon ez zuela deusik ikhasi eta hilla izanen zela. Erraten dio errotazaniak:
-Nahi balin banazu eman errota niretzat eta zure sotana, ni ganen naiz erregearen aintzinerat.
Gure aphezak emanen zituen hamar errota ere izan balitu. Erraten dio baietz sehurki. Eta ematen dio bere sotana.
Gure errotazaina badoha bere etxerat. Erraten dio bere emazteari harilkatzeko etxean zituen hari guziak harilko baterat. Eta badoha biharamunian bere harilkoa harturik sotanaren azpian, bañian harilkoaren erditan in zuen marka bat ezpal ttiki batekin eta badoha erregearenganat. Errege kontent zen ikhustia. Erraten dio aphezak:
-Horra zonbat bide den justu justua zeruraino. Ez balin bazare fida, ikhusazu zeonek. Nahi duzu jakin ere zenbat duzun balio? Gure Jainko maitea ogoi eta hamar diru pezetan saldu zuten. Ez bide duzu harek bañion gehiago balio!
Errege gelditzen da soratua haren izpiritu handiaz.
-Hirugarren gauza: nahi duzu erratea zer duzun gogoan? Lehengo jaun aphez hura, bañían ez naiz hura eta zuk duzu gogoan nik orai erran zeikitzunak.
Errege hura arribatua zen aphez haren jakiteaz. Errotazañ harek erraten dio nor den eta erregek erraten dio harek behar duela erretor bere jakitatea dela kausa. Ungi merezi duela. Eta bertze jaun apheza egortzen dute.
Noizetikan noizerat egiñ behar izaten zuen aphezak prediku bat. Eta egun hura ethorria zen. Badoha prediku tokirat eta erraten du “bertzeek bezala, bertzeek bezala” etc. etc. prediku tokiari joka oren batez atziki zituen. Ofiziuak finitu eta jende guzia koleran badohazi erregeenganat iyan zer aphez eman dioten, oren batez ez diotela bertzeikan erran “bertzeek bezala” bertzeik. Erregek erraten diote:
-Bertzeek bezela erran badu, franko egin du eta ungi kontent naiz.
Hainbertze jende etortzen zen plenta iterat non erregek erran baitzuen bere portierari ethortzen ziren jendeak errenkura egiterat aphezaren kontra, emateko preso. Hola izan zuen bakia.
Zonbait egunen buruban deitua izan zen ingurutako herri baterat predikatzerat. Enbrazu handian zen gure errotazaiña. Zer iten du? Badoha predikatzerat eta erraten du hasi bañion lehen:
-Ni entzunen nauena, saindu izanen da eta ni entzunen ez nauena, damnatua izanen da.
Hasten da españen ibiltzen, jotzen zubelarikan prediku tokia. Bañian nihork ez zuen deusik konprenitzen. Izituak zagozin elkharri beira. Emazteki zahar bat atzartzen da predikua finitzearekin. Begiak frotatzearekin erraten du:
-Zer prediku ederra in duen! Zer itz ederrak erran dituen!
Denak arritzen dire aditzeaz harek entzun zuela. Bertzeak isildu ziren eta gure jaun apheza bizi izan zen aberats handi, bere erretorkuarekin eta bere errotarekin eta bertze gaxua bizi izan zen pobre eta denetaz abandonatua. Orduan han nintzen.