Genero honen diskurtsoari erretorikaren eta estilistikaren ikuspegitik begiratuz, zenbait ezaugarri nagusi agertzen dira bere espresabidean.

Lehena, metaforak erabiltzeko joera litzateke. Metaforak metonimiak baino goragoko abstrakzio maila behar du, eta agian, hau ere beste indizio bat genuke generoan idazkera-kulturak duen eraginaz hitz egiteko. Metaforak nonahi agertzen dira, metonimiak berriz ez.

Kopla zaharraren estilizazio prozesua maite dute generoko testuek. Kopla zaharra erabiltzen dute hainbatetan, eta teknika horren berri ematerakoan goian aipaturiko elementuak gogorarazi beharko lirateke. Izadiari begira osaturiko testuak dira hauek, izadiak eskaintzen duen aberastasunarekin eta xarma-lilurarekin.

 

“Kukuiak umeak xillo tipian haritz gainean…
Primaderan zein den eder brioletaren loria”

(“Kailla kantuz”).

Kailla kantuz

Kailla kantuz ogi petik uztaril agorriletan;
maitea ganik etxerakoan entzun izan dut bortzetan,
amodioak bainerabilkan haren ate-leioetan.

Amodioa, amodio nahi duenak har diro;
nik batentzat hartu dut, eta sekula ez utziko,
ez sekula, tonbaren barnen sartu artino.

Kukuiak umeak xilo ttipian haritz gainean,
ama, ni ere nahi niz ezkondu adinak ditudanian;
ene lagunak eginak dire juan den aspaldi handian.

Primaderan zoinen eder brioletaren loria!
Aspaldian nik eztut ikusi neure maitiaren begia;
balinba gaixoak eztu ahantze niri eman fedia.

-Oroitzen nuzu, oroitzen, ez zatazu ahanzten;
Madalena batek bezanbat munduian dut sofritzen;
jaten dudan ogia ere nigarrez dut trenpatzen.

-Gaua ilun, bidia luze, ez dea pena handia?
Zure ikustera jiten gira, izar xarmagarria;
borta irek aguzu, zuk, tendreziaz betia.

Gaua luze izanagatik, argi mentsik ez dugu:
izar xarmagarri hura leioan omen dagozu;
gu etxian sartu artino harek argituren derauku.

Biltzailea: Charles Bordes
Iturria: “Chansons Amoreuses du Pays Basque-Français”, Paris 1898

 

Eta irakurlearen irudimen mundua hunkitua geratzen da eta, ase nahiz, beste ikuspegi sentsorial batzuez betetzen du bere mundua.

Irudi poetikoaren mundua bisualizazioan oinarritzen da, ikusten den zerbaitetan, eta ikusten den horrek entzule-irakurlearen barrena ukitzen du antzeko irudiak eta esperientziak berriro bizitzara ekarriz.

Generoak erabiltzen duen epiteto homeriko nagusia, pertsonaiak izendatzeko erabiltzen den izenlagun nagusia “maite” da, eta horrek pertsonaia deskribatzen du, eta bide batez mundu afektibo oso bat eratzen du. Maitearen, hurkoaren mundura eramaten du entzulea. Tradizioko lirikaz aritu izan diren ikertzaileek zera ikusi izan dute: gutxi gorabehera berdintsuak dira kultura guztietan barrengo eta oinarrizko sentimenduen adierazpena. Gizaki egin gaituen munduaren eremuan gaude, agian hitzak sobera diren mundu horretan…

Prozesu poetikoaren elaborazioan, adierazpenean, formulak landuta agertzen dira: izenlagunak ugari dira, koloreek adiera sinbolikoa dute: zuria garbia da, zentzu moralez garbia, gorria odolaren kolorea, grinarena eta desirarena. Hiperboleek, aposizioek eta konparazioek hizkuntza berezia ematen diote generoari, eta horretan beste aho genero tradizionaletatik urruntzen dira XVIII. mendeko testuok.