1.- Gaiak
2.- Bakarrizketak. Elkarrizketak
3.- Metaforak

1.- Gaiak

Maite kantak dira, gehienbat generoko testuak. Baina maitasunaren sentimendua era askotara agertzen dute kantu hauek.
Lehen-lehenik maitasuna adierazteko kantuak dira:

 

“Kailla kantuz ogi petik uztail-agorrilletan,
maitea ganik etxerakoan entzun izan dut bortzetan,
amodioak bai nerabilkan haren ate-leihoetan”.

(“Kailla kantuz”)

 

Baina maitasunaren mila aurpegi-irudi ageri diren horietan tristura azaltzen dutenak ere badira:

 

“Mendian zoin eder den eper zango gorri!
Ez da behar fidatu itxur’eder hori
Ene maiteak ere bertzeak irudi:
Niri hitzeman eta gibelaz itzuli”

(“Mendian zoin den eder”)

 

Gehienbat, baina, abisu itxura dukete: fideltasunaren inguruan osaturiko abestiak dira. Fideltasuna, hots, hitza eman eta gero aginduari eustea litzateke testuok agertzen duten ezaugarri ideologiko garrantzitsuena. Helburu ideologikoa eta didaktikoa nahiko garbi agertzen dute kantu hauek:

“Landan eder iratze
Behi ederrak aretxe;
Zu bezalako politetarik desir nuke bi seme.
Horren maita ba’naizu,
Obrak irakats itzatzu:
Elizala eraman eta han espusa nezazu”

(“Eijirra zira maitia”).

“Plazeraren ondotik desplazera duzu”

(“Erregek gizon ederrik”).

 

 

Agur kantuak ere badira, edo erronda kantuak. Maitasunaren inguruan zertzelada ugari agertzen dituzte abestiok beren gaien joan-etorrian.

 

2.- Bakarrizketak. Elkarrizketak

Maite kanta diren neurrian, barne munduaren agerbide dira genero kantuak. Baina, halere ez daude denak lehen pertsonan emanda. Inoiz, kontaketa prozesu bat badago eta orduan hirugarren pertsonan datoz, baina baladetan gertatzen dena ez zaigu hemen gertatzen, eta kontaketak hasieran gertatzen dira: maitaleen hizkerari, maitaleen arteko elkarrizketari, marko bat eskaintzen dio kontaketak. Maitalearen barnea azaltzen bada, bakarrizketa izango da:

 

“Amodioa zein den zoroa
mundu guziak badaki.
Nik maiteño bat izaki
Eta beste batek eramaki
Jainko maiteak gerta dezala
enekin baino hobeki”

(“Amodioa”).

 

Baina ugariago ditugu maitaleen arteko bakarrizketa gisa onduriko abestiak. Maitaleek elkarrizketaren bidez maite-penak, itxaropenak, beldurrak, mesfidantzak, pozak kantatzen dituzte. Aho-poesiak zuzenean ematen ditu pertsonaia eta protagonisten hitzak, eta horrela dramatizazio-efektua lortzen da, entzuleak ere zuzen-zuzenean entzuten ditu-eta haien arrazoiak:

 

“Partitu nintzen herritik zuri promesa emanik,
enetzat fidel egon zinten ongi gomendaturik
ez duzu egin kasurik!

 

Fidelik ez egoiteko ez dut, ez, nik arrazoinik,
ene bihotza zuk daukazu arras enganaturik,
Hortaz ez izan dudarik”

  (“Erreztuna”).

 

Juan Mari Lekuonak adierazi duenez, egitura aldetik hiru moldeak (kontakizuna, bakarrizketa, elkarrizketa) tartekatuz edo horietako bi soilik erabiliz osatzen dira kantu hauek. Baina garbi adierazten du, neurri berean, elkarrizketak garrantzizkoak direla eta dialektika berri bat agertzen dela horietan.

 

Maitaleak hizketan ari direnean, horien arteko prozesuak finezia eta kortesia puntu bat badu; baina elkarri arrazoiak emateko orduan, batez ere maitaleen artean tentsio handia dagoenean, ez da gezurrik tartean. Dialektika horren adibide bat ikusiko da lehenik:

 

“Eijerki mintzo zira, üsatü bezala,
trunpatü nahi naizüla badizüt beldürra.
Zü ziradila kausa galdü dit libertatia,
Enezazüla kita, fidela bazira.

 

Zük eztakizia jaun galant bat nizala,
Seküla trunpatzia pentsatü eztiana;
Ezpazira fidatzen gizon galant bati,
Etzitiala fida jagoiti besteri”

(“Goizetan jelkitzen da”).

 

Dialektika ez da sortzen soilik ni eta zu, bi pertsona aurrez aurre direlako eta egoera horrek tentsioa sortzen duelako, kontrajartzeak erabiltzen direlako (trunpatu/ ez trunpatu, engainadore/galant, ni/beste bat; fidela/kitatu, fidatu orain/ez fidatu ondoren, gero) baizik eta, silogismo puntu bat adierazten delako testuan. Orain ez bazara nitaz fidatzen, ezin izango zara ondoren beste inortaz fidatu, adierazten dio mutilak neskatxari. Joera silogistiko horrek planteamendu hirukoitza du: batetik, ideien loturak ematen ditu, bata besteari lotuz; bestetik, etorkizunaren ideia ematen du, eta beraz, litekeena ere kontuan hartzen da; eta, gainera, mendeko perpausak beste generoetan baino gehiago eta ugariago erabiltzen dira.

 

Hau guztia azpimarratu behar da arrazoi birengatik: Ong-en teoria gogoratuz, silogismoak eskatzen duen abstrakzio maila ez da ahozkotasunaren ezaugarri berezia eta, bestetik, mendeko perpausen erabilera  oso garrantzitsua da maite-kantuetan, batez ere baldintzazkoak ageri dira adibidean, baina bestelakoak ere badira. Horrek guztiak adierazten du genero honetan, ziurrenik, literatura idatziaren eragina egon badagoela, kultura idatzitik jasoa dela zenbait elementu, alegia. Eta hipotesia ez da alferrekoa, kontuan hartzen bada kaiera idatzietan transmititu zela abestien corpusa, eta zenbait kantaren egilea Nafarroa Behereko aitoren seme bat izan genuela.

 

3.- Metaforak

Metaforizazio sistema da denetan deskribatzen errazena. Hori dela eta,  berarekin hasiko gara, horrek ematen baitio generoari xarma eta lilurarik handiena.
Maitearen irudia agertzeko hainbat metafora nagusi erabiltzen ditu generoak:

  • Izarra
  • Lilia, lorea
  • Hegaztia
  • Urxapala
  • Beste adierazpideak

       3.1.- Izarra

 Metafora honen bidez urrun ageri den emakumea aipatu nahi du maitaleak. Neskatxa urrun dago, izarren argiaren antzera hotza da bere harrera, eta izarren antzera urrun du maitaleak maitea:

 

“Izar eder bat ateratzen da
Santiyo goiko lepuan.
Hari begira egoten nauzu
ateratzen den orduan.
Nire bizitza pixka da baina
zeinen dolorez dijuan.”

 (“Arboletan den ederrena da”)

3.2.- Lilia, lorea

Maitaleen arteko harremana hasia da, eta beraz, hurbileko egiten da bien arteko lotura hori. Mutila iritsiko da neskatilagana:

 

“Lili bat ikusi dut baratze batean,
desiratzen bai’nuke nire saihetsean:
lorea ez du galtzen, udan ez neguan,
haren parerik ez da bertze bat munduan”

 (“Lili bat ikusi dut”). “Eijerra zira” Benito aldatu (lehenengo bi apaldiak)

3.3.- Hegaztia

Mutilak sarean harrapatzen duen neskatxa da, neskatila engainatua, hitza eman ondoren mutilak bakarrik uzten duen neskatxaren irudi hunkigarria:

 

“Aspaldiko  denboretan, gaiaz eta beti,
ihizen nabilazu txori eijer bati;
azkenekoz atzaman dit, oi! bena tristeki!
Lumarik eijerrena beitzaio erori!

Txori kantazale, eijer, xarmagarria,
aspaldian eztit entzun zure botz eztia;
arren kontsola zite, tristeziaz betia,
etzirade izanen gaizki tratatia.

Eijerki mintzo zira, usatu bezala,
Trunpatu nahi naizula badizut beldurra”

(“Goizetan jeikitzen da”).

 

3.4.- Urxapala

Mutilak guztiz tronpatu duen neskatxaren irudia agertuko luke metafora honek. Urxapalak, dirudienez, usoak baino luma bat gutxiago du hegalean, eta urxapalaren irudiaz, bere luma, edo lorea, galdu duen neskatxaren irudia agertuko luke. Adibiderik argiena Etxahun Barkoxek bere maitea engainatua utzi behar duenean kantatzen duen bertsoan dator:

 

“Urxapal bat badugu herrian tristerik,
nigarrez ari duzu kaiola barnetik
bere lagun maitiaz izan baita utzirik,
kontsola ezazüe ziek adiskidik” .

(Urxapal bat)

Baina herri tradizioko adibideak ere baditugu:

 

“Urzo apalaren malurra
galduz geroztik laguna!
Triste da beti bere bihotzetik,
Zeren ezpeitu maitatu bat baizik,
Maitatu bat baizik”

(“Argizagiak zelutik”)

3.5.- Beste adierazpideak

Metaforizazio egitura finkoa bada ere, agertu behar lirateke adierazpide honi lotuta suertatzen diren beste adierazpide bi: batetik, abesti batean, metafora bat baino gehiago ager daiteke neskatxa bakarra izendatzeko. Agian, testu desberdinen zatiak bildurik agertzen direlako gerta liteke hori; testu arteko kutsadura maiz gertatzen da, eta noizbait, editoreek ere, banandu egiten dituzte beren ustez kantu desberdinen zati direnak. Beste alde batetik, XVIII. mendeko lirikaren ahapaldiak kopla zahar gisa eratzen dira sarri:

 

“Landan eder iratze
Behi ederrak aretxe;
Zu bezalako politetarik desir nuke bi seme.

Horren maita ba’naizu,
Obrak irakats itzatzu:
Elizala eraman eta han espusa nezazu”

(“Eijerra zira maitia”).

 

Kopla zaharreko irudi hori maiz neskatxa izendatzeko erabili ohi da:

 

“Primaderan zoinen eder brioletaren loria!
Aspaldian ez dut ikusi neure maitearen begia”

(“Kailla kantuz”).

 

Zenbait ikertzaileren ustez, irudian agertzen den elementu poetiko horrek ere neskatxaren metafora gisa jokatzen du, horren adierazpidea eginez. Horrela, metaforizazio sistema ez litzateke agertuko metafora garbietan soilik, kopla zaharreko irudi poetikoen bidez ere osatuko litzateke.