Lafitte eta, batez ere, Juan Mari Lekuonaren ustez, genero liriko hau baladen ostean etorri bide zen eta XIX. mendeko bertsolaritzaren aurretik.
Planteamenduaren izaera filogenetikoa, hala eta guztiz ere, ezin da onartu: ez da uste izan behar XVIII. mendeko lirika baladetatik sortu denik, ezta generoak XIX. mendeko bertsolaritza sortu duenik ere, nahiz eta bertsolaritzaren bat-batekotasunaren zenbait ezaugarri maite kanta hauetan agertzen diren, erronda kantetan batik bat. Gaurko begiz begiratuz, batez ere esan nahi da genero bat beste bat baino gehiago estimatzen dela garai jakin batean.
Gaur egunetik begiratuz azpimarragarri da hori, zeren genero tradizionalak bizirik baitaude aspaldidanik (XVIII. mendetik baino lehenagotik dudarik gabe), eta bizirik iraun baitute XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan. Adierazten dena da, batez ere genero jakin bat (maitasun lirika) aukeratzen dugula gure ikerketak egiteko, eta XIX. mendetik aurrera bertsolaritza izan dela pixkanaka-pixkanaka gailentzen joan dena. Ordea, horrek ez du esan nahi beste genero tradizional batzuk desagertu zirenik, edo genero hori bakarrik lantzen zenik. Beste alde batetik, ikusi beharko litzateke -eta honetaz datu handirik ez dago-, zer nolako estimua zioten garai hartako biztanleek generoari. Baina hori jakitea ezinezko zaigu.