Azterketa egiten hasi baino lehen, generoaren definizioari buruzko zertzelada batzuk egin behar dira, zeren gauzak zorrotz esateko, XVIII. mendeko lirika ez baita beti XVIII. mendekoa, ez baita, gainera, beti lirika. Dena dela, horixe da zabaldu den izena, eta horregatik, hemen, honelako zabalkunde-lan batean, horri eutsiko diogu.
XVIII. mendeko lirika esaten zaio testu batzuk XVIII. mendean datatuta daudelako, musika eta kantu biltzaileek beren kaierak mende horretan idatzi zituztelako eta edizio berriak horietatik atera direlako.
Baina, deituraren azpian beste genero bati eta beste testuinguru kultural bati dagokion eskema nagusia dago: Espainiako Erdi Aroko poesiaren egoera azaldu nahiz Ménendez Pidalek eraturiko eskema: hasieran epika izan zen, eta hortik sortu ziren erromantze epiko-lirikoak eta, ondoren, hauetatik sortu ziren erromantze lirikoak. Eskema horrek ez du adierazi nahi, haatik, lirika herrikoi eta tradizionalik ez zela garai horietan; erromantzeen garapena azaltzen du soilik, eta kantu epikoetatik erromantze lirikoetara nola igaro zen azaldu nahi du, ez besterik.
Antzeko eskema bat egin nahi izan da euskal poesia tradizionalarekin, eskema hark zituen baldintza estuak ongi errespetatu gabe. Gutxi gorabehera, Euskal Herrian arrazoibide hau erabili izan da: badugu epika bat, epikaren aztarna bat XVI. mendean guduei buruzko balada batzuetan (epika diren ere diskutigarri da), XVII. mendean eredu epiko-lirikoak ageri dira baladetan, eta, beraz, XVIII. mendea lirikaren mendea da. Pidalen eskemak testurik testu zegoen prozesua azaltzen du (Mio Ciden kantu epikoak sortzen ditu Mio Ciden erromantzeak, edo hauek handik banatzen dira, baina beti testu berdinez ari dela); gure artean, ordea, testu desberdinekin egin da lan. Horra, bada, gure testu batzuk XVIII. mendekoak dira eta beste batzuk ez.
Genero hau lirika denik ezin da ukatu, baina lirikaren ezaugarriekin batera beste ezaugarri batzuk ere baditu, esate baterako, nitasuna desagertzea. Badira poema batzuk elkarrizketa soil direnak, eta beste batzuk narrazio gisa eratuta daudenak.
Generoa, muga zabalak baditu ere, lirika mailakoa da: batez ere maitasunaren inguruan ari da, pertsonaien oinazeak eta sentipenak agertzen ditu, inoiz helburu didaktikoak ditu maitasunak egin ditzakeen kalteez neskatxei gaztigatzeko, eta narrazioa, bakarrizketa eta elkarrizketa onartzen ditu. Eta, batez ere, metaforizazio sistema berezia sortu du.
Beharbada metaforizazio sistema da genero honek duen gauzarik deigarriena, eta estetika aldetik politena, generoari bere izaera ematen diona.