Poesia ludiko-koralak formulazio laburreko poemak dira oso teknika  zaharrez eginak. Hala ere ez da horietan gizarte mailako proiekziorik edo festa girorik sumatzen. Horien kokaleku berezkoa etxe barrua edota umeen jolaslekua da: leku zabal eta librea.

Olerki hauek umeentzat baliabide ezin hobeak izan daitezke margotzeko, kantatzeko eta dantzan egiteko, betiere beren jolas arauen  arabera.

Poesia ludiko-koralek, eta, batez ere, haur poesiek, pieza hauetan aurki ditzakete pieza berriak sortzeko behar dituzten teknika, adierazpen eta edukia. Oso aberatsa da Euskal Herriak gorde duen tradizio eta folklore  altxorra, eta, horrenbestez, inspirazio iturri da umeentzako gaiez arduratzen diren idazleentzat.

Bestalde, teknika estilizatu eta subjektibo hau bertsolaritza eta kopla zaharrak baino gutxiago erabiltzen da. Poesia ludiko-koralak estilizaziorako sentiberatasun berezia eskatzen dio poetari. Horregatik, gutxiago dira bidezidor honetan sena eta arrakasta izan dutenak.

Adibide gisa, Joxean Artze aipatu behar da. Poemagintza bikaina lortzen du poesia esperimentalaren alorrean. Lanean gauzak kolpeka xehatzeko erabiltzen den erritmoan eta sentsazioan esanahi jakina duten hitzak aukeratuz, poema estilizatua lortzen du.

Poesia ludiko-koral berrien eredu gailur bilakatzen da Bitoriano Gandiagaren zenbait poema:

  • “Tiriki tauki tauki”, “Hiru gizon bakarka” liburuan.

Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Hamasei harri lantzen
ari da Oteitza.
Ai, oi, ai,
ari da Oteitza.

Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Mailua penazkoa,
harria gau beltza.
Ai, oi, ai,
harria gau beltza.

Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Etsipen kolpe bat da
ukaldi bakoitza.
Ai, oi, ai,
ukaldi bakoitza.

 

  • “Uda batez Madrilen” lanean datorren “Anuntzioak” olerkia.

ANUNTZIOAK

dir-dir

mila

txaplata

mila

abata

tamaina

tankera

milatan,

mila

lekutan

txipizta

txapasta

hiria

zehar

txapastan.

 

Argitarako jarri
bonbilen argia baino
anuntzioen bristada,

NEBRASKA, IMPERIAL

ta anuntzio gehiago:

KAMEL, BIMBO, MARTINI,

 

CLUB, PASAPOGA, CAPITOL,
ESPASA CALPE, S.A.
CERTINA…

 

Anuntzioak

dist-dast

mila

zaplada

mila

blastada

mila

tamaina

tankera

mailatan,

mila

lekutan

ziplika

zaplaka

hiria

zehar

blisti-blast.

Anuntzioak argiz,

argi zirtada biziz,

kolore

zirtakariz,

bristakoan, begiz,

Irriz anuntzioak,

eskaintza kilikariz,

irritsa

irristaraziz,

tirriatuz zirriz.

Anuntzioak

zirt-zart

mila

zartada

mila

sastada

mila

tamaina

tankera

milatan,

mila

lekutan

sistaka

sastaka

hiria

zehar

sisti-sast.”