Poesia ludiko-koralak hitz lerroen errepikan oinarritzen dira, estilizazioan eta onomatopeian. Haur leloz, haur kantuz eta formula laburrez josita daude.
Poesia ludiko-koralak hiru osagarri ditu: gorputz higidura, hotsa eta hitza.
1.- GORPUTZ HIGIDURA: Gorputz adierazpena erritmoz markaturik dago, hots, higidura, salto, dantza, joko, korrika, txingo eta beste anitz sentsazioz…
2.- HOTS IRUDIDUNA: Hitzen hotsa, onomatopeia, deskribapena, ironia, kolorea, errepika…
3.- HITZA: DESKRIBAPEN ESTILIZATUA: Hitz alaiak erabiltzen dira poesia ludiko-koraletan, esanahi argiko hitz solteak. Hauek poemaren gaia era estilizatuan adierazten dute. Forma apain kiribilduak dira, eta hauen artean, forma abstraktuen erdian, zentzu figuratiboa ematen dioten hitz konkretuak aurkitzen dira.
Adibidez:
Ttun-kurrun-kuttun-kuttun-ku
ttun-kurrun-kuttuna!
Run-kuttun-kuttun-kuttun-ku
run-kuttun-kuttuna!
Lo, lo, lo, lo…
Olerki honetan gorputzaren mugimendua bi eratakoa da. Bata, sehaskari batera eta bestera eragiterakoan eskuak markatzen duena; bestea, haurraren gorputz etzanak sentitzen duen harat-honat biguna. Higidura hau behar-beharrezko da poemaren erritmo-sentsazioa ulertzeko.
Hots irudiduna, hots giroa, poemako bokalek eta kontsonanteek sortzen dute. Olerki honetan “u” bokala besterik ez da ageri eta honek argi gutxiko giroa, lo giroa sortzen du. Bestalde, euskal aditzean emakumezkoen oihartzuna den “n” kontsonantea dabil hitz hotsen bukaeretan, eta honek amaren itzala dakar gogora. Poemaren iluntasun eta maitasun giro hau loarazteko aukera-aukerakoa da.
Hitzari dagokionez, olerkian “kuttun”, “kurrun” eta “lo” hitzak datoz. Lehenengoak eta azkenak esanahi garbia dute, eta bigarrenak “kurrunka” (urruma laztana) hitzarekin du zerikusia, haurrari lo harrarazteko giroarekin, alegia.
Onomatopeiak, erritmo-higidura eta estilizazioak dira hauek eta poesia mamitzen dute. Adibidetzat hartu den olerki honetan irakurketa hau egin daiteke: “Maite (kuttun), egizu lo (lo), ama hemen dago (“n”), bake giroan (“u”). Alegia, hitz zehatzez emaniko poesiarik ez dugu, baina artistak, osagaien bidez, nahi dituen bezalako sentsazioa eta mezua taxutzen dizkigu.