Egun batian ni banenguan

Egun batian ni banenguan
kostela kostel gañian,
ni banenguan kostel saltzian
ezpabe gari saltzian.
Iru damatxu etorri ziran
bata bestien atzian,
irugarrenak pregunta eustan
gariak zegan zirian.
-Bestientzako dirutan eta
zuretzat laztan-trukian.
-Ez nagizula lotsatu, arren,
onelan plaza betian,
onelan plaza betian eta
ainbeste jende artian.
Orrelan bere esan bazeustan
leku sekretu batian,
gariak eta zeu ta neu bere
an konponduko giñian.
Ama neuria labarako da
goiz edo arratsaldian,
paseito bat emoidakezu
ama laban dan artian.
Ama labatik etorri eta
mutil-usaiña etxian:
-Ana Juanixe, Ana Juanixe,
zein da dauana etxian?
-Katalinatxu auzokua da
beroi laban dan artian.
-Eztona ori Katalinatxu,
bizarra dau okotzian.
Itxagon daizu, mutil, itxagon,
argia piztu artian,
argia piztu artian eta
ikusi zeu nor zarian.
-Ama, beorrek ez dauela nai
neure osasunik etxian;
biyotz illunak egiten yataz
argiya datorrenian.
Urten daik, mutil, urten daik, mutil,
alako bentanarian,
ama neuriak urten dagiyan
kanpora sospetxerian.

  • Biltzaileak: Manuel Lekuona
  • Iturria: “Literatura oral vasca”, Donostia 1965
  • Lekukoa: Ondarroan jasoa

Udabarrian

Udabarrian zarra erara
Londresko ziudadean,
maitearentzat oiak erosten
denda aberats batean.

Dama galant bat topadu neban
tabladu baten ganean,
kortesiagaz itandu neutsan
oi horrek zegan zirean.

-Bestearentzat diruetan da
zuretzat biotz-trukean.
-Eskerrik asko, dama galanta,
eztot armarik aldean.

Armak etxean itxi nituzan
Motriku erri onean,
Motriku erri onean eta
Ana Juanaren etxean.

-Txalupatxu bat, txalupatxu bi,
Santa Klararen parean,
neure anaia ara antxe dator
Ana Juanaren legean.

  • Biltzailea: R. M. Azkue
  • Iturria: “Cancionero popular vasco”
  • Lekukoa: Amorebietako Luziana Estankona

Anderea gorarik

-Anderia, gorarik zaude leihoan,
zure senarra behera dago Prantzian;
hura hantik yin ditekenen artian,
eskutaritzat har nezazu saetsian.

-Ene senarra behera bada Prantzian,
auzuak urbil utzi derauzkit yuatian;
hura handik yin ditekenen artian,
eskutari beharrik ez dut etxian.

-Izan nuzu Prantzian eta Espainian,
bai eta ere Anglaterra guzian;
andere ederrik ikusi izan dut heietan,
zure parerik etzen ene begietan.

-Eskutaria, ederki mintzo zira zu,
zure etxian beharko duzu istatu;
ganbera garbi, ohia xuri dukezu;
nihaur ere aldian hurbil nukezu.

-Eskerrik aski dautzut, etxekanderia,
zure senarra duzu ni baino gizon hobia;
zazpi urtez harek eman deraut ogia,
zortzigarrenean bere azpiko zaldia.

-Euri ondoan hura nahiz den uherlo;
emazteño hok nola bagira parlero,
hitz erdiño bat juan zaitazu lasoño.
Ene senarra deusetan truka ez niro.

-Arbadola betetzen denian udarez,
idi xuri erditzen denian xahalez,
idi xuri erditzen denian xahalez,
erranen deauzut zuria naizen ala ez.

-Iragan duzu, ai!, bada denbora,
eskeini duzu ganbera eta ofia,
eta harekin zure gorputz propia.
Ez dea bada hori egia?

-Eskutari, oi!, begi urdin faltsia,
altxa zak, altxa, oi!, ezkerreko begia,
altxa zak, altxa, oi!, ezkerreko begia,
hi ote haizen, oi!, ene lehen semia.

  • Biltzailea: Aita Donostia
  • Iturria: “Gure Herria” aldizkaria, 1934
  • Lekukoa: Luzaiden bildua 1919an

Arrosa xuriaren azpian

Arrosa zuriaren azpian anderiak lokartu,
elurra bezen xuri, elkia bezen ederrik,
hiru kapitainek deramate gorkiaz engeiaturik.

Hiru kapitainek joan ziren anderiaren gana,
zaldian ezarri zuten mantoz ongi trozaturik,
Pariserat ere eraman, aitak jakin gaberik.

Parisen ostalera batek ongi du saludatu;
ongi du saludatu, berriak ere galdetu:
– Bortxaz ala amodioz jina ziren, anderia, errazu.

Anderiak errepusta nola eman badaki:
– Ez, ez; ene bihotza ongi triste jina duzu.
Hiru kapitainek balkoni batetik harturik jina nuzu.

Kapitainek, hori entzunik, joan ziran anderia gana:
– Anderia,afal zite eztiki eta trankilki:
hiru kapitain hauk derauzkatzu gaur zure zerbitzari.

Anderia, hori entzunik, hil hotza zen erori.
Kapitainek joan ziren beren tropak harturik,
ongi nigar egiten zutela anderiak dolu eginik.

Gero, hil eta orduan: – Non ehortziren dugu?
– Aitaren baratzian, ezpela baten azpian,
lino liliz inguraturik, tonba baten barnian.

Hiru egunen buruan, hilak aitari oihu:
– Aita, entzun nezazu; orainon hemen niagozu.
Birjinitatea begiratu nahiz hila egona nuzu.

  • Biltzailea: Aita Donostia
  • Iturria: “Yakintza” aldizkaria, 1936
  • Lekukoa: Sarako Yana-Mari Bergara

Atharratze jauregian

Atarratze jauregian bi zitroin doratü;
Ongriako Erregek batto dü galtatü;
arrapostu üken du eztirela huntü,
huntü direnian batto ükenen dü.

Atarratzeko hiria hiri ordoki,
hur handi bat badizü alde bateti;
Errege bidia erdi-erditi,
Maria-Maidalena beste aldeti.

-Aita, saldü naizü idi bat bezala;
ama bizi üken banü, aita, zü bezala,
enündüzün ez juanen Ongrian behera,
bena bai ezkontüren Atarratze Salala.

-Ahizpa, juan zaite portaliala,
ingoiti horra düzü Ongriako Erregia;
hari erran izozü ni eri nizala,
zazpi urte huntan ohian nizala.

-Ahizpa, enükezü ez sinetsia,
zazpi urte huntan ohian zirela;
zazpi urte huntan ohian zirela;
bera nahi dükezü jin zü zien lekila.

Ahizpa jauntz ezazü arrauba berdia,
nik ere jauntziren dit ene xuria;
ingoiti horra düzü Ongriako Erregia;
botzik kita ezazü zure sor etxia.

-Aita, zü izan zira ene saltzale,
anaie gehiena dihariren hartzale,
anaie artekua zamariz igaraile,
anaie xipiena ene lagüntzale.

Aita, juanen gira oro alkarreki;
etxerat jinen zira xangri handireki,
bihotza kargatürik, begiak bustirik,
eta zure alaba tunban ehortzirik.

Ahizpa, zuza orai salako leihora,
iparra ala hegua denez jakitera;
iparra baldin bada goraintzi Salari.
Ene korpitzaren xerka jin dadila sarri .

Atarratzeko zeñiak berak arrapikatzen;
hanko jente gazteriak beltzez beztitzen,
andere Santa-Klara hantik partitzen;
haren peko zamaria ürrez da zelatzen.

  •  Biltzailea: J. Sallaberry
  •  Iturria: “Chants populaires du Pays Basque”, Baiona 1870

Bereterretxeren kantorea

Haltzak eztu bihotzik,
ez gaztanberak ezürrik;
enian uste erraiten ziela Aitunen semek gezürrik.

Andozeko ibarra
ala zer ibar luzia!
Hiruretan ebaki zaitan armarik gabe bihotza.

Berterretxek oheti
neskatuari eztiki:
– Abil eta so’gin ezan gizonik denez ageri.

Neskatuak berala
ikusi zian bezala:
hirur dozena bazabiltzala borta batetik bestera.

Berterretxek leihoti
jaun kuntiari goraintzi:
ehün behi bazereitzola bere zezena ondotik.

Jain kuntiak berala
traidore batek bezala:
– Berterretx, aigü bortala, ützüliren hiz berala.

– Ama, indazüt atorra,
mentüraz sekulakua,
bizi denak ohit ükenen dü Bazko-gaiherdi-ondua.

Mari-Santzen lasterra
Bost-mendietan behera!
bi belañez herresta sartü da Lakarri Buztanobira.

-Buztanobi gaztia,
ene anaie maitia,
hitzaz hunik ezpalinbada, ene semia juan da!

– Arreba, hago ixilik,
ez, otoi, egin nigarrik;
hire semia bizi ba-da, Mauliala dun juanik.

Mari-Santzen lasterra
jaon küntiaren bortala!
– Ai, ei eta, jaona, nun düzie ene seme galanta?

– Hik bahiena semerik
Berterretxez besterik?
Ezpeldoi altin dün hilik; abil, eraikan bizirik.

Ezpeldoiko jentiak
ala sentimentü gabiak!
Hila hain hüllan üken eta deüs ere etzakienak!

Ezpeldoiko alaba
Margarita deitzen dena;
Berterretxen odoletatik ahürkaz biltzen ari da.

Ezpeldoiko bukata
ala bukata ederra!
Berterretxen atorretarik hirur dozena ümen da.

  • Biltzailea: Gavel
  • Iturria: “Un chant historique du Pays Basque: Berterretsen kantoria”, Baiona 1924

Bart hamarretan

Bart amarretan dontzella nintzan,
amaiketako senarra,
gaubeko amabi santuetako
gelditu nintzan bakarra.

Sentimentua, sentimentua,
andiagoa penea,
ordu beteko senarragaitik
alargun izan bearra.

  • Biltzailea: R. M. Azkue
  • Iturria: “Cancionero popular vasco”
  • Lekukoa: Olaetako Engrazia Lazkano

Goizian goizik

-Goizian goizik jeiki nündüzün espusa nintzan goizian,
bai eta zetaz ere beztitü ekia jelki zenian;
etxek’andere zabal nündüzün egüerdi erditan,
bai eta ere alargüntsa gazte ekia sartü zenian.

-Musde Irigarai, ene jaona, altxa izadazüt büria;
ala dolütü ote zaizü eneki espusatzia?
-Ez, ez, etzitadazü dolütü zureki espusatzia,
ez eta ere dolütüren bizi nizano lürrian.

Nik banizün maitetto bat mündü ororen ixilik,
mündü ororen ixilik eta Jainko Jaonari ageririk;
buket bat igorri ditadazüt lili arraroz eginik,
lili arraroz eginik eta erdia pozuatürik.

-Zazpi urtez etxeki dizüt gizon hila kanberan;
egünaz lür hotzian eta gaiaz bi besuen artian.
Zitru urez üküzten nizün astian egün batian,
astian egün batian eta ostirale goizian.

  • Biltzailea: J. Sallaberry
  • Iturria: “Chants populaires du Pays Basque”, Baiona 1870

Frantziako andrea

Etorri nintzanean
Frantzie-kortetik,
ama billatu neban
suitian tristerik.

-Zer egiten dau, ama,
orrelan bakarrik?
-Nobedade barriak
entzun dodaz, bai, nik.

-Zer nobedade barri
entzun dozu, ama?
-Ezkonetan zarela,
bai, seme laztana.

Nondikoa dakazu
zeure emaztea?
-Frantzie-kortekoa,
bai, ama neurea.

-Ez dot gure prantzesik,
ain gutxi errenik.
-Esan dodan berbiaz
urten biar dot nik.

-Esan dozun berbiaz
urten biar bozu,
urten bidera eta
il ein biar dozu.

-Ain de polita, ba, ze
nire emaztea…
Ez da posible, ama,
nik ori eitea.

-Zuk ezpozu posible
artu anaijia,
anaije gaztea ta
estudiantia.

-Juanita, jatxi zaite
zaldien gañetik,
sar daitzudan puñal au
biotzen erditik.

-Ai orren puñalaren
puntien zorrotza!
Ikusiz beste barik
ilten deust biotza.

Zazpi zaldi deukadaz
ixeraz jantzita:
zortzigarrentxoa barriz
perlaz estalita.

-Orrez gañera dekot
urre-kalizia,
urre-kalizia ta
sobreprelizia.

Arek emongo’tzudaz
ixtiarren bizirik.
-Arek neuretzat baña
ez itxi bizirik.

-Kanpai bat entzuten dot,
ez dakit nongoa;
iguel izango da
agoniekoa.

Abadea ekar izu
konfesatu naiten,
animaren okerrak
arteztu daidazen.

-Abadea urrin dago,
eliza urrinago;
oin orretan asteko
asti gitxi dago.

  • Iturria: “Anuario de Eusko-Folklore” urtekaria, 1933
  • Lekukoa: Zeanuriko Undurragan jasoa

Jaun Baruak

Yaun Baruak aspaldin,
txedera bat hedatü zin.
Txori eijer bat atzaman dizü Paueko seroren komentin,
orai harekin lotzen düzü, aspaldian desir beitzin.

– Yauna, entzun düzü,
felizitatzen zitügü,
Mus de la Plazaren alab’ederra zuk düzüla esposatü
andere hura hirus düzü, zuri ezteizügü dolü.

Txedera balitz halako
merkatietan saltzeko,
Ziberoko aitunen semek eros litzake oro,
txori eijer zonbaiten atxemaiteko.

– Igaran apirilaren bürian,
Armadaren erdian,
züntüdan bihotzian, armak oro eskian,
present espiritian, manka besuan artian.

– Yauna, maite banaizü
erraiten düzün bezala,
kita ezazü, kita ezazü Erregeren serbitxia
eta maite herria, üken dezadan plazera.

Eztiot kita, maitia,
Erregeren serbitxia,
sortü nüzü uhurezko Erregeren serbitxüko,
maite dit uhuria zügatik, xarmagarria.

  • Biltzailea: Aita Donostia
  • Iturria: “Apuntes de Folklore vasco, Revista Internacional de Estudios Vascos” aldizkaria, 1927
  • Lekukoa: François Piérou, Lagingeko (Zuberoako) artzain bati jasoa

Leixibatxoa

Leisibatsu zuria dozu, andra gaztea.
Ondotxu egosita, aita praillea.

Eskutxu zuria dozu, andra gaztea.
Guantepean erabilita, aita praillea.

Semerik edo badozu, andra gaztea?
Semetxu bi daukadaz, aita praillea.

Semeak nun dituzu, andra gaztea?
Eskolak erakusten, aita praillea.

Senarrik edo badozu, andra gaztea?
Senarra biajean, aita praillea.

Ezagutuko al zenduke, andra gaztea?
Lengo erropakin baletor bai, aita praillea.

Laztan bat emongo neuskizu, andra gaztea.
Ibaia dago bitarte, aita praillea.

Berton itoko al zara, andrea gaztea.
Berori txalupa dala, aita praillea.

Suak erreko al zaitu, andra gaztea.
Berori egurra dala, aita praillea.

Agur, agur, agur, andra gaztea.
Beyoa ondo ondo, aita praillea.

  • Biltzailea: R. M. Azkue
  • Iturria: “Cancionero popular vasco”, Baiona 1870
  • Lekukoa: Gabikako Dominga Aboitiz

Musde Sarri

Ürzo lüma gris gaxua,
Orai bidajin bahua:
baratzen bazaik Musde Sarri, jaon apetitü hun hura,
begiz ikusten balin bahai Petiriñalat bahua.

-Ürzo gaxuak umilki
diozü musde Sarriri:
egündano eztereiola ogenik egin jaon hari,
utzi dezan igaraitera üsatü dian bideti.

Auher dük, auher, ürzua,
jüratü diat fedia!
Aurten aurten jin behar dük eneki Petiriñala;
han nik emanen dereiat art’eta zahiz asia.

-Artoz asia hun düzü
libertatia bagünü;
Oriko bago ezkürtto hurak guri hobexe zizkützü,
anglesa Frantzian sartzen bada Españalat baguatzü.

-Ürzua, ago ixilik,
Frantzian eztük anglesik;
Baiunara jiten badira Agaramuntek hilen tik;
Petiriñalat eztük jinen zaragolla lüzetarik.

-Fida niz zure erraner,
fidago ene hegaler;
goraintzi erran behar derezü jiten badira angleser,
nik ere ber gisan erranen diet español papo gorrier.

-Goraintzi erraile angleser
ni naika ezarten mezuler?
Orai diat orai ikusten nitzaz hizala trüfatzen,
ar’eta enaik beste urte batez bortian freskeraziren.

-Jaona, zuaza etxerat,
Mauletik Petiriñalat;
xori eta bilagarro gizen zunbaiten jatera,
ürzo hegal azkartto hoiek ezkira zure bianda.

  • Biltzailea: J. Sallaberry
  • Iturria: “Chants populaires du Pays Basque”, Baiona 1870

Isabelatxu

– Isabelatxu, Isabelatxu, arren esan bat eidazu:
atian dauen kantore orri etor dila esaiozu.

-Egun on asko euki dizule, ontziko maisu gaztia.
-Alango asko ekar dizule, linde damatxu gaztia.

-Aitek eta amak bialtzen neude au kantatxuau ikasten.
-Au kantatxuau ikis nai bozu erdu nerekin bordera.

-Eskerrik asko mile biderrez, ez dot olango usterik,
aitek eta amak etxian neukie neu ondo estimadarik.

Berbau aotik esan bazuen ze sartu zioen kapapean,
sartu zioen kapapean ta eroen zuen bordera.

Loberdatxu bet ipini neuntsen bular biaren erdian,
linde damia loak daroa bosteun legoa bidian.

Alan ta bere subertia zan untziek alkar jotia,
ordu atantxe itxartu zala linde damatxu gaztia.

-Eroan naizue, eroan naizue aiten d’amaren errire.
-Aiten d’amaren errire joateko bosteun legoak bear dire,
bosteun legoak olan eiteko orren errezak eztire.

-Untziko maixu gaztea, badezu kainabetea?
-Ezteukat kainabetarik baina emongo deutzut saflea.

Emon zioten saflea eta sartu zeuen biotzean,
ordu atantxe ilotzitu zen linde damatxu gaztea.

-Ene mutilak, lagunek onak, zer ingo’tsegu oneri?
-Intzentzoagaz intzentzatu te erramuz lurrindu,
linde damia zazpi astian geurekin erabil daigun.

Ene mutilek, lagunek onak, zer ingo’tsegu oneri?
– Emon deiogun zazpine mosu ta bota deiogun ureri.
Emon zioten zazpine mosu eta bota zioten ureri.

  • Biltzailea:Jose Migel Larrabeiti, 1985ean
  • Iturria: Labayru Ikastegiko Artxiboa
  • Lekukoa: Derioko Juana Tellaetxe, 85 urte zituela

Brodatzen ari nintzen

Brodatzen ari nintzen, ene salan jarririk;
aire bat entzun nuen itsasoko aldetik,
itsasoko aldetik, untzian kantaturik.

Brodatzea utzirik, gan nintzen ama gana:
hean jaliko nintzen gibeleko leihora,
gibeleko leihora, itsasoko aldera.

-Bai, habil, haurra, habil, erron kapitainari,
jin dadin afaitera, hemen deskantsatzera,
hemen deskantsatzera, salaren ikustera.

-Jaun kapitaina, amak igortzen nau zu gana,
jin zaiten afaitera, hantxet deskantsatzera,
hortxet deskantsatzera, salaren ikustera.

-Andre gazte xarmanta, hoi ezin ditekena…
ipar haizea dugu, gan behar guk aintzina,
ezin ilkia baitut, hauxe da ene pena.

Andre gazte xarmanta, igan zaite untzira,
gurekin afaitera eta deskantzatzera,
hortxet deskantsatzera, salaren ikustera.

Andre gazte xarmanta igaiten da untzian,
han emaiten diote lo-belarra papora,
eta untzian lo dago gaixo haurra.

-Jaun kapitaina, nora deramazu zuk haurra?
zaluxko itzulazu hartu duzun lekura,
hartu duzun lekura, aita-amen gortera!

-Nere mariñel ona, heda zak, heda, bela!
Beti nahi nuena jina zaitak aldera,
ez duk hain usu jiten zoriona eskura.

-Jaun kapitaina, nora ekarri nauzu huna?
Zalu itzul nezazu hartu nauzun lekura,
hartu nauzun lekura, aita-amen gortera!

-Andre gazte xarmanta, hori ezin egina…
Hiru ehun lekutan juanak gira aintzina,
ene meneko zira, orai duzu orena.

Andre gazte xarmantak hor hartzen du ezpata,
bihotzetik sartzen ta hila doa lurrera,
aldiz haren arima hegaldaka zerura!

-Nere mariñel jauna, hauxe duzu malurra!
-Nere mariñel ona, norat aurtiki haurra?
Norat aurtiki haurra? Hortxet itsas zolara.

-Hiru ehun lekutan dago itsas-leihorra;
Oi, Ama Anderea, so egizu leihora.
Zur’alaba gaixoa uhinak derabila.

  • Biltzaileak: Nehor eta C. Dufau
  • Iturria: “Kantuz” bilduma, Baiona 1940
  • N. eta C. Dufau-ren jatorrizko bertsioaren ondoan (“Gure Herria”, 1921) aldaketa batzuk ditu hemen jaso dugun bertsioak, Zavalaren ustez transkribitzean egindakoak.

Neska soldadua

Gaztiak kantuan ta
zarrak eragusian,
ori da pasatzen dana
bardin mundu guzian.

Etxetik urten neban
Mariatzeko illian,
amasei urterekin,
neure txoramenian.

Soldadu sartu nintzan
Agorraren bostian,
kabo ero sarjento
izateko ustian.

Ni lako fortunia
notu arrapatu?
Amaika illabeteko
sarjento nonbratu.

Urte bete baiño len
nintzan teniente,
rejimentutikan be
nintzala ausente.

Rejimentu bi izan ditut
amar urte onetan:
Anjel de Ondasetan
Buenas Airasetan.

Nerau emakumia
ofizialia,
letrarik eskolarik
batere gabia.

Agustin Antonio
izan da neure izena.
Ori aitu dezutenok
ezta neure izena.

Oraintxe da denboria
izena muratzeko,
Agustina Antonia
naizela esateko.

Batetik lau balazo,
bestetik enfermo,
Jaunaren abixuak
oixek ditut klaro.

Moja sartzera noa
komentu batera,
Jesusaren esposa
betiko izatera.

Amar urtian errege
serbitu detalako,
dotia gertu daukat
moja sartutzeko.

Adios, ama neuria
probintziania,
ongi lastimatzen naiz
zu despeditzia.

Baiña oraindik ere
bizi naizen artian
gogoan izango zaitut
neure biotzian.

  • Biltzailea: Bitoriano Gandiaga
  • Iturria: “Arantzazu” aldizkaria, 1969ko uztaila
  • Lekukoa: Araozen jasoa, Oñatin, Maria Barrenari

Peru gurea

Londresen dot neuk senarra
zirin-bedarrak ekarten,
bera andik dan artean
gu emen dantza gaitezen.
Oi au egia!
Daigun jira bi, Maria.

Neure oilanda nabarra,
txikarra baina zabala,
zetan oa i auzora,
etxean oilarra donala?
Oi au egia!
Daigun jira bi, Maria.

Kapoiak dagoz erreten,
oilaskutxoak mutiltzen,
orrek ondo erre artean
gu emen dantza gaitezen.
Oi au egia!
Daigun jira bi, Maria.

Neuk ugazaba nekusan
Izurdiako zubian.
Ori zestorik urten artean
gu emen dantza gaitezan.
Oi au egia!
Daigun jira bi, Maria.

Neure mutiltxu txoria,
ik esan eustan egia:
gaur gabean dantzauko zala
nire emazte Maria.
Oi au egia!
Iretzat mando zuria.

  • Biltzaileak: R. M. Azkue
  • Iturria: “Cancionero popular vasco”
  • Lekukoa: Gabikako Maria Josefa Ispizua

Testamentuarena

Izar ederrak argi egiten dau
zeru altuan bakarrik;
ezta bakarrik, lagunak ditu
Jaun Zerukoak emonik.

Zazpi aingeru aldean ditu,
zortzigarrena gaixorik;
zazpi mediku ekarri deutsez
India-Madriletatik.

Arek igarri, arek igarri
nundik dagoan gaixorik:
-Amore-minak badituz onek
desentraiñetan sarturik.

-Guzurra diño mediku onek.
Nik eztot amore-miñik.
Amore-miñak badaukadaz be
desentrainetan sarturik.

Gaur arratsean ilgo naz eta
etorri gorpu-ondora,
errosario zuri eder bat
esku artean dozula.

Neu enterretan naroenean
igongo dozu korura,
andixek bera salto egingo’zu
Birjina Amaren ortura.

Larrosea ta krabeliñea
artungo dozuz eskura,
jente guztiak esan daiela
neure lutua dozula.

Aingerutxoak esaten dabe
Salbean Abe Maria,
gero guztiok gozatu daigun
zeru altuan gloria.
Amen Abe Maria.

  • Biltzailea: R. M. Azkue
  • Iturria: “Cancionero popular vasco”
  • Lekukoa: Zornotzako Luzia Estankona

Ura isuririk

Nexkak:
-Ura ixuririk sorginen bidean,
dohaina bildu dut Bazko aratsean;
gauaz Mayi nuzu, egunaz oreina,
etxeko xakurrek xerkatzen nautena.
Amak:
-Jakes, nun tuk horak, eztiat senditzen.
Jakesek:
-Oihanpean kurri oreina xerkatzen.
Amak:
-Jakes, dei zakurrak, salba zak arreba!
Jakesek:
-Ama, nola sinets Mayi daitekela?
Jakes zakurreri hasi da xixtuka.
Oreina hil dute kolpez ausikika.
Jakesek kanitaz eman du pusketan:
-Aseko ahal da Mayi gurekilan.
Nexkak:
Afal, afal, Jakes, ni nuk hor lehena,
ene haragiaz beterik dupina!
Ama sala zolan nigarra begian,
punala sartu du bere bihotzean.

  • Biltzailea: P. Lafitte
  • Iturria: “Gure Herria” aldizkaria, 1965