Joseba Lakarrak zuzendutako “Maria Goyri Mintegia”k (Euskal Baladak, 1983) lau aro bereizten ditu baladen kokalekua seinalatu eta tradizio bilketa osatzeko.

Lehen aroa: XVI – XVII. mendeak

Mende hauetakoak ditugu lehen lekukoak. Baladetan historiaren aztarnak aurki zitezkeelakoan, garai horietako historialariek zenbait sartu zituzten historia liburuetan. Hori egin zuten, esate baterako, E. Garibaik, Zaldibiak, Ibarguen-Cachopin eta Isastik, “balada zaharrak” edo balada epikoak deitu izan diren horien lehen aipamena egin baitzuten. Horrela heldu zaizkigu “Beotibarko kantua”ren aldaerak, “Aramaioko kanta”, “Mondragoiko kanta”, “Juan Lazkanoren kanta”, “Urrexolako kanta”, eta beste batzuk.
Hain zuen ere kronika horietako batean aurkitu da berriki euskal kanta epiko bakanetako bat, Erdi Aroko epikaren eredu ikusgarria: “Errodrigo Zaratekoa”

Beotibarko kantua

Mila urte igarota
ura bere bidean.
Gipuzkoarrok sartu dira
Gazteluko etxean,
Nafarrokin batu dira
Beotibarren pelean.

  • Biltzailea: Esteban Garibay
  • Iturria: “Compendio Historial”, Amberes 1571

Aramaioko kanta (Peru Abendañoko)

Izarragati(k) gora elzian joxala,
jaun Peru Abendañokok esala:
“Oñetako lur au jabilt ikara,
gorputzeko lau aragiok berala.”

Oi aldi oneri al banegi enpara!
Barriz enendorke Aramaio kontrara.
Mendiola il deustak Gasto Apala,
bere laguntzat beste asko ditubala.

  • Biltzailea: Francisco de Mendieta
  • Iturria: “Annales de Vizcaya”, Donostia 1915

Mondragoiko kanta

Mondragoiko oñaztarren kanta:
Gal didila Unzueta ta Bergara,
Zaldibarrek bere partea debala,
Aramaio, suak erre azala,
ta sumi Ja(…)la Gurayarra;
zeren zeuren jauna ez zenzan anpara.

Ganboatarren kanta:
-Eskerrik asko emaiten deusat
Andra Santa Maiñ(ari);
bera axeeizat sartu eta
esera bidaldu nau ni.

Oñatiko ganboarren kanta:
Gomez andia zanarren,
an zan Presebal bere,
bai Joanikote bere,
Madalenaan an ei dauza
viola tronpeta bage.

Mondragoiko ganboarren kanta:
Gomizek asko lagunik
zabal arabaarrik,
giputz ondo ederrik,
bizkaitar urduri gogorrik,
ez diazo bakarrik,
ze an daz Presebal hilik
Juanikotegaz lagundurik,
txibuluen ospe bagerik,
ez urrun Maloguenik.

Argi izarrak urten dau
zeruan goyan ostanzean,
bergararrak asi dira
trajioe baten asmazean,
euroen artean dioela:
“Erre dezagun Mondragoe,
lasterrean sar gaitezan”.
Kantoeko zarzaikeran
aen bizarrak ikara zirean,
armakaz ezin egien legez ezer.

Ganboarrok su emaitean
asi dira ta onegaz
urten daude beralan
oñeztar barrunangoak,
zeiñ erre ez zitezan.
Gomiz Gonzalez bertan zan,
beragaz Presebalen kaltean,
Joanikok eta beste askok
eudela parte bertan.

Oin arrok zi(tu)an luma,
Ozaetako jaun gazteak
laster baten igaro zan
uraz alde bestea(n).
Ama bereak esaeusan:
-Semea, zer dok orrelan?
-Zaurietan kuradu eta,
ama, nagozu oera.

-Egun bein ur jarruta
Ganboar seme lasterra,
ara bere lasterrago
Abendañuje Motela.

-Eskerrik asko emaiten deusat
Andra Santa Maiñ(ari);
bera axeeizat sartu eta
esera bidaldu nau ni.

  • Biltzailea: Ibarguen Cachopin-en idatzitatik, Juan Carlos Guerra-k jasoa.
  • Iturria: “Los Cantares antiguos del euskera”, Donostia 1924

Juan Lazkanoren kanta

Juan de Lazkano beltzarana,
Gipuzkoa’ko kapitana,
frantzes osteak jakingo du
ura Ondarrabiyan zana.

  • Biltzailea: Juan Carlos Guerra.
  • Iturria: “Los Cantares antiguos del euskera”, Donostia 1924

Urrexolako kanta

Gaiza zenduan Lenizanok
Urruxolako lekayoa,

sendo zenduan odol ori
biurtu jazu gazayoa.

  • Biltzailea: Juan Carlos Perez de Lazarragaren idatzitatik, Juan Carlos Guerra-k jasoa.
  • Iturria: “Los Cantares antiguos del euskera”, Donostia 1924

Errodrigo Zaratekoa

Arma eskuduak on dira dardoz
Parerik eztabe kanporakoz
Zaratearrak galdu ei dabe Markia-Zuia sekulako

Errodrigo Zarateko zelan xugarra zindean
Jaun Juane Abendañokogaz gudua artzen zanean
Bi mila gizon oi dituz bere lelengo deiean
Lau mila bere baleduque premia letorrenean,
Kortazarretarrak delanterea, Ibarguendarrak urrean,
Gastelan Sarmientuarrik asko, ez parerik arean,
Jaun Asentzio Gebarako ganean darda ordean
Billela ta Arteaga, anaixe onak urrean,
Saldusunak on() rrenean
Oinak arin, gogoa sendo, areioaen atzean.

Errodrigo Zarateko zaldi urdinaen ganean,
Bostean kaskabel urregorrizko zaldiak idurenean,
Karrerea laster eroean Erbitegi ganean,
Arerioak ur jarraika arrebearen semea,
Oina txipi, orpo laster, Abendañotxea.
– Arren, etxozu orain osaba, bixeok justa gaitean.
– Etxi egidak orailoba, gau(r) bixirik noean
Neuri bizian enoake Urkizuren kontrean
Omenaje egingo joat bizia dodan artean
Bela bik sar naxaitek Billa Realgo torrean.

  • Iturria: 1996an Julen Arriolabengoak argitaratua ASJU aldizkarian Ibarguen-Cachopin-en kroniketatik. “Erdi Aroko kanta ezezagunak Ibarguren-Cachopin kronikan (1570-1620)”

Bigarren aroa: XIX. mendea

Ikertzaile erromantikoen ahaleginari zor zaio aro honetako bilketa. Erromantizismoak herri kulturaren aldeko lan eskerga egin zuen, eta ideologia horri eskerrak hasi ziren Euskal Herrian ere euskal tradizioa biltzen. Iztuetaren “Gipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia”n ez da baladarik aurkitzen (dantza zen bere gaia), nahiz eta ia lehen bilketa-lanen eredua izan. Iparraldean, bilketa-lanak indar handia hartu eta fruitu ederrak eman zituen. Francisque Michélek bere “Le Pays Basque…” (1857) liburuan ehunen bat euskal kanta bildu zituen, eta horien artean dozenaren bat balada badira. Madame Villéhélioo-k 1869an euskal kantuen bilduma txiki bat eman zuen argitara, tartean “Egun bereko alarguntsa” (ikus “Goizian goizik”). Urtebete geroago Sallabérry-k “Chants populaires du Pays Basque”, kantu lirikoz osatutako bilduma inprimatu zuen, eta hor ere bada zenbait balada: “Egun bereko alarguntsa”, “Musde Sarri” eta “Bereterretxeren kantorea”.

Hirugarren aroa: 1900 – 1936

Aldi honetan Hegoaldekoek egin zuten ekarpena guztiz azpimarragarria da: Resurrekzion Maria Azkuek “Cancionero Popular Vasco” bilduma garrantzizkoa argitaratu zuen (1922); Aita Donostiaren “Euskel eres sorta” (1921) ere aipagarria da, eta Azkuek beste kantu biltzen ez badu ere, aukera finagoa egiten du. Biltzaile nagusi hauen ostean egiten da beste bilketa-lanik ere. Gure Herria aldizkarian eta Euzkadi egunkarian ari ziren korrespontsalen bidez bilketa-lana bultzatu zen. Aita Jose Migel Barandiaranek “Eusko Folklore”n egindako lana ere aipagarria da. Jose Aristimuñok ere, Aitzolek alegia, bilduma bat abiarazi zuen, Aita Zavalak bere bilduma egiteko erabili duena.

Laugarren aroa: 1936tik aurrera

Aro hau 1936. urteko gerra zibilaren ondoren egindako bildumek osatzen dute. Bilketa-lan gutxiago egiten da. Azkenaldion bi instituzio saiatu dira lan hori aurrera ateratzen: alde batetik, María Goyri Mintegia, Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Filologia sailean, “Euskal Baladak” (1983) azterketa sakona eta bilketa-lana argitaratu zituena; eta, bestetik, Mikel Zarate Mintegia, Bizkaiko Labayru Institutuko kide dena, eta “Mendebaldeko euskal baladak” (1995) lan aipagarria argitarazi duena. Zalantzarik gabe, Antonio Zavalaren “Euskal Erromantzeak” (1998) dateke konta-poesiaren genero honetaz egin den bilketa-lanik mardulena.