Une kronologikoaren zehazpena
Euskal baladen multzoa ez da oso aberatsa, ez dugu corpus moldatu aberatsik, eta, gainera, jakina denez, badirudi zenbait euskal balada (Ura isuririk, Brodatzen ari nintzen, Arrosa xuriaren azpian…) frantsesetik hartuak eta itzuliak direla. Jon Juaristik XIX. mendean eginiko itzulpenak ote diren dio. Dugun tradizioa urria izan arren, azken urteotan asko aurreratu da baladen azterketa egiteko metodologian, eta beste herrialde batzuetan gertatzen den bezala, euskal tradizioaren altxor hori asko baloratu da gure gizartean ere.
Herri literaturaz ari garenean une kronologikoa zorrotz zehaztea oso arazo korapilatsua da. Segurtasun osoz ezin da esan noizkoa den balada bat, nahiz eta jakin gertakari baten ingurukoa dela. Adibide polit bat bada euskal baladaren historian gai honetaz. Bada euskal balada bat “Goizian goizik” izenez ezagutzen dena. Bertan ezkontza egunean alarguntzen den emazte baten kantua dator, eta bertso batean senarraren izena aipatu ere egiten da: “Musde Irigarai, ene jauna…”. Jean Jaurgain ikertzaileak baladen oinarrian gertakari historikoa ezkutatzen zela sinetsi eta metodologia historiografikoa erabiliaz aurkitu zuen bere ezkontza egunean hil zela Irigarai jauna, 1633. urtean. Beraz, haren aburuz, baladak urte horren ingurukoa izan behar… Baina, ondoren, Diego Catalanek frogatu zuen balada lehenagotik ezagutzen zela, nolabait esateko istorioa (hau da, ezkontza egunean alarguntzen den emaztearen istorioa) lehendik zetorrela, eta Irigarai eta bere emaztearena gertatu zenez, istorioa pertsona hauei egokitu zitzaiela. Horrenbestez, balada ez da urte horretakoa. Beste alde batetik, baladak berak, nolabait esateko, badu alde historikoa, baina badu fikziozkoa ere: emazteak zazpi urtez gordetzen du senarraren gorpua, eta, ondoren, beste jarraipen bat badu baladak, “Juan de Flores” izenarekin ezagutzen dena.
Kontuan hartu beharreko datak
Kronologiari gagozkiola, zalantzak sortzen zaizkigu. Balada bat noizkoa den segurtatzeko hiru data desberdin hartu behar dira kontuan: baladaren lehen jasoaldia, hots, noizkoa den gaur ezagutzen dugun lehen aldaera (agian, idazkira pasaturiko beste bertsio edo aldaera batzuk galdu egin dira); baladak aipatzen dituen gertakariak noizkoak diren; eta azkenik, noiz jaso den balada hori euskal eremuan.
Lehenbiziko arazoa dela eta, “Neska ontziratuaren balada”ren lehenbiziko aldaera Albaniakoa da, XII. mendekoa (Ikus “Brodatzen ari nintzen”). Hori da ezagutzen dugun lehen aldaera.
Bigarrena, noizkoa den aipatzen den gertakaria, baldin kontatzen dena historikoa bada. Jaurgainen lanari eskerrak, badakigu “Bereterretxeren kantorea” 1434-1449 urte artean izandako gertakizun historikoak aipatzen dituela, “Atharratze jauregian” adierazten dena 1584. urtean gertatu zela. Lehen adierazi denez, badakigu, gainera, Musde Irigarai 1633. urtean ezkondu zela eta ezkondu zen egunean hil zela. Baina, irudimen erromantikoak hori nahi badu ere, ezin da baieztatu gertakaria eta balada lotuta daudenik. Irigarai ezkondu eta hil zen eguna baino lehenagotik zen Irigarairena bezalako historia kontatu zuen balada. Irudimen erromantikoak eta honi atxikitako historiak beti adierazi dute herriak ahoz kontaturikoaren azpian gertakari historikoa dagoela. Gerta liteke, adibideotan ikusten denez, hala izatea. Dena dela, beste balada asko ezin dira gertakari historikoekin lotu, adibidez, “Neska ontziratuaren balada” bera, edo “Frantziako andrea”.
Hirugarrenez, ziurtasunez jakin dezakegun gauza bakarra zera da, alegia, noiz argitaratu edo bildu den lehen aldiz gure artean balada bat. Bilketa lanen historia da azken batean balada baten historia. Noizkoa da balada bat? Jaiotzen den unekoa ala biltzen den unekoa? Noiz jaio zen jakiteko modurik ez dagoenez, esan ohi da balada bat bildu den garaikoa dela, izan ere, ahotik ahora datorren produkzio guztia bizirik badago, bizi den garaiarekin lotua dagoelako baita.