Esteban Garibai (1533-1600?)

XVI. mendeko arrasatear hau Espainiako Felipe II.aren kronista ofizial izendatu zuten. Garibaik bizkaieraz idatzitako bi atsotitz bilduma burutu zituen 1592an. Batean 63 dira eta bestean 64, baina bi bildumotan 37 atsotitz berdinak dira.

 

Refranes y Sentencias (1596)

Euskal kulturaren harribitxirik ederrenetarikoak dira. Egile ezezagunarenak. Iruñean, 1596an argitaratu zen bilduma. Garibairena baino askoz zabalagoa da: 539 atsotitz ditu. Gehienak gipuzkeraz daude, asko bizkaieraz,  batzuk goi nafarreraz eta beste batzuk behe nafarreraz.

Euskararen lexikoa eta zenbait alderdi morfologiko aztertzeko harrobi aparta da atsotitz bilduma hau. Horrez gainera, balio historiko eta folkloriko handia dute atsotitz horiek, orduko ohiturak eta senideen arteko guduak eta haserreak ispilatzen baitituzte. Aipatzekoa da Julio Urquijok prestatu zuen liburu honen edizioa.

EHUren “Euskal Testuen Gordailua” izeneko xede digitalak “Refranes y Sentencias” liburuari buruzko materiala jasota dauka:

http://www.vc.ehu.es/gordailua/Refranes_sentencias.htm

 

Arnaut Oihenart (1592-1667)

Maulen sortua, Zuberoako diputatua izan zen. Poemak idatzi zituen euskaraz eta esaerak bildu zituen. Les Proverbes Basques (1657) liburuan 706 euskal atsotitz heldu dira; den-denek itzulpen frantsesa ondoan dute.

Oihenart dugu lehenbiziko euskal atsotizlaria, esaerak bildu eta, gainera,  liburuaren hitzaurrean atsotitzei buruz zenbait iritzi jaulkitzen baitu. Atsotitz hauetan zuberera, lapurtera, gipuzkera, nafarrera eta bizkaiera suma litezke.

Oihenarten atsotitzetatik batzuk herriak erabiltzen zituela ez dago zalantzarik,  atsotitz laburrak bereziki: “Ororen nahiz, oro gal”, “Haurrak hazi, nekeak hasi”…. Baina bilduman agertzen diren beste zenbait atsotitz latinetikakoak dira: “Gaztaro alferrak dakarke zahartze landerra”. Edo berak orraztuak: Garibairen “Otsoak bere burua mandataririk onena” Oihenartek “Otsoak ez du kausitzen mandataririk, bera iduririk”  idatzi zuen. Luzatu ere egin zituen: “Ez da surik ke gaberik”  atsotitza honela dakar: “Sua ezta hain barna egiten, non ezten khea kanpora jalgiten”.

Lope Martinez de Isasti (1560 inguruan jaioa)

Apaiz lezoar honek 86 atsotitz bildu zituen berak idatzitako Compendio Historial de la M.N. y M.L. Provincia de Guipuzcoa (1625) liburu bikainean.

EHUren “Euskal Testuen Gordailua” izeneko xede digitalak Isastik bildutako atsotitzei buruzko materiala jasota dauka:

http://www.vc.ehu.es/gordailua/atsotitzak.htm

 

Bertrand de Sauguis (XVI. mendea)

Nafarroako gobernamenduan kargu handiak izan zituen zaldun hugonote zuberotarra. Bere olerkiak galdu egin dira, baina ez Oihenarti igorri zion 196 atsotitzez osatutako bilduma.

EHUren “Euskal Testuen Gordailua” izeneko xede digitalak Zalgizek bildutako atsotitzei buruz jasotako materiala jasota dauka.

http://www.vc.ehu.es/gordailua/atsotitzak.htm