Hiru idazlan aurkeztu zituen G. Hérellek “Inauterietako tragikomediak” deiturapean sailkatuak:

Bacchus: ardoaren eta mozkorkeriaren jainko greziarraren izenak gogora ekartzen duenez, ardozalekeriaren kritika eta epaia egiten da obra honetan.

Pansart: tripazainkeriaren edo sabelkoikeriaren kritika egiten da horien  pertsonifikazio Pansarten epaiketa eginez. Pansart edo Saint-Pansart (gure Zanpantzar) Frantziako zenbait literatur obra garai berekoetan agertzen da, besteak beste, Rabelais-en “Gargantua eta Pantagruel”en, eta han ere ase ezinezko sabela izatea egozten zaio: “ventrem omnipotentem”. Inauterietako pertsonaia hau oso hedaturik egon da Hego Euskal Herrian ere, eta hain ezagunak diren “zanpantzarrak”  ere izen beretik datoz.

Obra honetan Inauteria nagusitu egiten zaio Hausterre edota Garizumaren aginteari eta Arene Garamendiren iritziz, Bacchusen benetako eredu moralari bagagozkio, Pansart tragikomedian inauteria gailen ateratzen da, ihes egitea lortzen baitu.

Lehen errepresentazioa Ithorrotze-Olhaibi egin zen, 1787an, eta XIX. mendean beste lau aldiz jokatu zen.

Inauterien epaiketa eta kondenazioa: Garizuma eta Astearte Inauteren arteko tirabira errepresentatzen da obra honetan.

Zanpantzar

Pansart tragikomedian

Ondoren datozen lerroak “Pansart” tragikomediaren zati dira. Bertan, Pansarten epaiketaren hasiera kontatzen da, Ihauteri giroko antzezpenetan hain ohikoa izan dena. Pertsonaia nagusiak, nola ez, Ihauteria eta Garizuma dira (‘Pansart’ eta ‘Hauste Jauna’).

Ihauterietako tragikomedia hau “Agerre Teatroa” taldeak antzeztu zuen 1991n, Maite Agirre zuzendari zela. Testua Junes Casenave-Harigile pastoralgileak egokitu zuen. Jatorrizko testua moldatu egin behar izan zuten, obraren iraupena ordu t’erdian utziaz (jatorrizkoak zazpi orduko iraupena zuen).

PREBOSTA

Jaun Phantzart arrastatü dut
ene lagünekila ,
ene presentian ekharten dügü
zien aitziniala .

Phantzart paillart hori,
ah gizun gaistua!
Merexi dü izan dadin
segür untsa pünitia .

Xuardanseko portialadino
juan behar ükhen dügü,
eta emazte bateki
han atzeman dügü.

Bere puiñalarekila
nahi izan zeikü defendatu,
bena azkenekotz
errenda erazi dügü.

Hain gizun korajorik
ezpagina izan,
ützülerazi güntien
gibelerat mementian.

Atzeman onduan gero
juanik bortün gaña ,
atzeman ükhen düt
’]Hauste Errege Jauna.

Erran derot ükhen dügüla
atzeman haren etsaia,
eta erran dot astezkenian
eraits dadin behera .

Eztü suita haundi bat
erraiteko azkarki,
berrogei soldado dütü
zazpi ofizierreki .

Señor Suberein
Mus de Hauste behar dügü,
ezi  süjet zühür baten
markak oro badütü.

Aldiz desboxatü hunek
galerazi behar dü,
astezkenian goizik
jaun harek jin behar beitü.

JÜJIA

Utzi ezazie jaunak
egitekua nitara ,

ezi nik nahi dit jüjatü
jüsto den bezala .

FLORI

Libra dezadazien
bertan
ene osaba maitia,
edo bestela eginen dut
arrabajez debria .

KORAL

Prebosta koki hori
galerazi ezazie ,
jendarmek ere hortan
etsenplü hartüren die .