Sarrera

Baladen definizioak dioenez, baladaren ezaugarri orokorrak bi dira:

  • poesia dira, bertsotan emanda daude.
  • historia bat kontatzen dute.

Konta-poesiaren eremuan sartzen dira beraz, baina konta-poesiaren esparruan genero berezia da, tradizionala delako, hau da, ahoz aho eta kate luze batean eratzen joan delako. Beste modu batez esateko, balada bat aldaeretan bizi da, bertsioetan alegia, ezin da-eta egiaztatu testu “jator” bakar bat badagoenik. Jakina, badira balada bertsio osatuagoak edo murritzagoak, aberatsagoak edo txiroagoak, kontakizun haria ongi moldaturik dutenak edo narrazioa etenez beterik eskaintzen dutenak… Genero bat tradizionala dela esateak egitura zabalik duela esan nahi du, egokitzen, moldatzen ari dela, eta aldaketak dituela, homeostasian bizi dela, garaiarekin orekan, garaia aldatzen den neurrian testua ere aldatzen dela.

“Neska ontziratuaren balada” ezaguna, esate baterako, Bizkaian “Isabelatxu” izenez ezagutzen da eta Iparraldean, aldiz, “Brodatzen ari nintzen” izenez. Berez balada bera izan arren bi bertsio oso desberdin eman ditu leku eta denbora desberdinetan. Honako hauek dira guk nabarmendu ditugunak:

1.- “Neska ontziratuaren balada”
– Isabelatxu
– Brodatzen ari nintzen

2.- “Egun bereko alarguntsa”
– Bart hamarretan
– Goizian goizik

3.- “Ana Juanixe”
– Egun batian ni banenguan
– Udabarrian

Ezaugarri nagusiak

Baina baditu ezaugarri nagusi batzuk kontuan izan behar direnak. Ahozko generoa denez, memoria errazteko, testua errazago gogoratzeko ahozkotasunaren oinarrian diren bost ezaugarriak nabarmenduko dira genero honetan. Ahozkotasunean edozein generori dagozkion bost ezaugarriak hauek dira:

  • Musikaltasuna: hitzak musikaren laguntzaz gogoratzen dira, bai, baina hitzek eurek ere beren musikaltasuna dute, erritmoan eta, batez ere, aliterazioan gorpuzten dena. Bertso lerro honetan adibidez: “Izar ederra argitu jaku zeru altuan bakarrik”, “izar“, “ederra”, “argitu” silaba jokoak soinuen errepikapenarekin aliterazioa sortzen du eta musikaltasuna areagotzen.
  • Paralelismoa: aho literaturan dagoen adierazpiderik erabiliena da berau. Esaldiak pareka ematen dira aho literaturan, bitan agertzen dira oroimenera gogoz eta egoki ekartzearren:

“Zazpi aingeru aldean ditu zortzigarrena gaixorik /
zazpi mediku ekarri deutsez India-Madreletatik”

(“Testamentuarena”)

Zazpi aingeru/ zazpi mediku sintagmak parekaturik agertzen dira.

  • Errepikamena: paralelismoaren beste alderdi bat da. Aurreko adibidean, zazpi hitza errepikatu egiten da eta aingeru/ mediku “paralelizatu”.
  • Kontrajartzea: joskera edo morfologiari erreparatuz gero, paralelismoa egiten da kontrajartzean ere, berez egitura morfosintaktikoa berdina baita, baina hitzen esanahia kontrajarrita dago maila semantikoan, egitura berdintsua eta esanahia kontrakoa baitituzte: “Bestientzako dirutan eta zuretzat laztan trukian” (“Egun batian ni banenguan”).
  • “Hiru” zenbakiaren erabilera: Hau da ahozkotasunaren azken ezaugarria. Hiru zenbakiaren inguruan zenbait maila desberdin osatzen dira aho literaturan. Adibidez, pertsonaiak askotan hiru dira: “Iru damatxo etorri ziran / bata bestien atzian” (“Egun batian ni banenguan”), edo hiru zatitan banatzen da esaldia: “Kapoiak dagoz erretzen / oilaskotxuak mutiltzen / orrek ondo erre artean” (“Peru gurea”) edo galdera erantzunak hiru aldiz errepikatzen dira, “Frantziako andrea”n gertatzen den legez, edo hiru ekintza nagusi kontatzen ditu baladak.

Bost ezaugarriok ahozko literaturan orokorrak badira ere, baladak bere bereak ditu diskurtso mailan.

Diego Catalánek gogoratu duenez, “(baladak) diskurtso egituratuaren zatiak dira, benetako bizitza imitatuz erreferentearen sistema sozial, ekonomiko eta ideologikoak, zatika edo osoki, adierazten dutenak”.

Hizkera formulistikoa

Baladaren diskurtsoa hizkera formulistikoz osatua da: esan nahi da gune morfologikoa, semantikoa eta metrikoa batera doazela. Formula bat hitz talde batek osatzen du, eta hitz talde hori metrikari egokitzen zaio. Har dezagun adibide hau: “Kapoiak dagoz erretzen”. Hor dugun egitura sinplea da: subjektua, aditza, partizipioa. Bada, batasun sintaktiko hori -hemen gertatzen den bezala- metrikari egokitu behar zaio eta oin (bertso lerro erdia) osoa hartzen du. Bigarren esaldi bat egiteko orduan hemen jarritako baldintzak hartu beharko dira kontuan: hiru hitz, esaldiaren moldaera (subjektua, aditza, partizipioa) eta esaldiaren neurria. Bigarren horrek ere baldintza berak bete beharko ditu, eta, ziurrenik, horrela esaldi paralelo bat izango dugu: “oilaskoak mutiltzen”.

Aho literaturan balada bat ez omen da hitzez hitz gogoratzen (gure kultura alorrean, gure artean mendebaldean), formulaz formula baizik. Hizkera formulistikoaren adibiderik errazena epiteto homerikoa izango litzateke: pertsonaia bat izenondo batez kalifikatzeko aukera dugu, baina izen eta izenondo horiek metrikaren neurri bat (oina) osatu beharko dute. “Leixibatxoa” deituriko baladan, adibidez, mutilak “andra gaztea” deituko du dama, eta honek “jauna neurea” mutila, edo “aita frailia”, betiere neurria eta errima gordez. “Frantziako andrea” ere epitetoen erabilera formulistikoa genuke adibide honetan:

“Artu anaijia
anajia gazte ta
estudiantia”.

Baladen motiboa

Baladak bere gramatika eta hiztegia ditu. Hizkera formulistikoa alde bitan banatzen da. Formula hutsa bada, bere izaera forman garatzen bada, formula dela esaten dugu, beste barik, eta era berean, testu batetik bestera hitzez hitz kopiatzen dira. Hiru pertsonaia aipatzea, adibidez, formula folklorikoa da. Baina forma izaera hori semantikara heltzen bada, orduan motibo baten aurrean gaude. Motiboak bigarren esanahi sinbolikoa duten hitzak dira.

Baladak bere hiztegi propioa osatu du eta hiztegi horretako “hitz” bakoitzari, edo hitz multzoari, motibo esan ohi zaio. Esaten duena baino gehiago adierazten du, eta baladen zeinu sarean agertuko da bere esanahia.

Adibidez, garbi dago janariarekin edo dantzarekin lotuak agertzen diren hitzen azpian ekintza sexualak ezkutatzen direla. Metonimia sexualok gaur egun gazteen hizkeran erabiltzen direnen antzekoak dira. Motiboek entzuleari informazio sinbolikoa ematen diote, eta maiz sexuarekin lotuak agertzen dira adierok, baina ez horrekin bakarrik, izan ere gizartearen eratze prozesuari lotuak ere ager daitezke, edo erlijioari lotuak, edo edozein instituziori atxikiak. Motibo folklorikoek baladak interpretatzeko bidean jartzen gaituzte.

Esate baterako, “Neska ontziratuaren balada”n (“Brodatzen ari nintzen” beste hitzez esateko) bere buruaz beste egiteko neskatxak ezpata erabiltzen du. Ukaezina da tresnak duen adiera falikoa. Motiboak batzuetan agerian geratzen dira: “Goizian goizik” baladan, adibidez, esaten denean “maitetxoak” pozoituriko lore-sorta bidali diola, garbi dago “pozoitua” dela eta senarrari kalte egingo diola, eta hilko duela. Beste batzuk, gaur egungo entzule batentzat ezkutuak dira. Balada berean senarrak “Mundu ororen isilik eta Jainko jaunari ageririk” ezkondu dela maitetxoaz dioenean, ziurrenik garai batean (Elizak ezkontzak arautu bitartean) usu egiten ziren ezkontza sekretuaz ari da.

Zaila da, beste aldetik, “Bereterretxeren kantorea”n Jesusen Pasioaren arabera eraturiko narrazioa ikustea lehen irakurraldian behintzat (J. Juaristik azaltzen du, “Flor de baladas vascas”, 1989). Balada hau motiboz beteriko balada da, eta motiboen irakurketa garaiko gizartearen ohituren ezagutzarekin loturik dago.

Motiboak metonimian (metaforan baino gehiago) oinarritzen dira, eta honetan ahozko estetikarekin bat datoz, oralitateak maiteago baitu zehatza dena abstraktoa baino, gurago baitu esperientzia (ezpata) abstraktua (indarra) baino.

Motiboak alda daitezke. Homeostasiaren arabera, testuak gizartearekin gorde behar duen orekaren arabera, testuek ulergarri izan behar dute, eta tresnaren bat ez bada gizartean erabiltzen, alferrekoa litzateke testuan gordetzea. Horrela, “Neska ontziratuaren balada” (ikus “Brodatzen ari nintzen”) baladaren ekintzan “objektu ziztatzailea” izan behar du beti, neskatxak bere buruaz beste egin dezan. Baina bertsio desberdinetan desberdina da tresna hori. Hasieran “ezpata” da, ordea gizartean ezpatarik ez denean, eta horren ezagutza galzorian dagoenean, eguneroko bizitzara hurbiltzen dira baladaren esale eta interpretatzaileak eta “ezpata”ren ordez “aiztoa” jartzen dute, edo “guraizeak” emakumeen lanari hurbilduz: baladaren transmititzaile nagusiak emakumeak direla ezin da ahaztu.

Metrika moldeak

Metrikari dagokionez molde metriko asko erabiltzen da baladetan. Ez da hor arau jakinik, nahiz eta ezaugarri orokor batzuk badiren. Oso neurri desberdinekoak dira baladak, ordea horietan denetan bada kopla itxurako errima moldea erabiltzeko joera. Esan nahi da, bertso-lerroz lauko ahapaldiak dira nagusi, eta beti pareek eramaten dute errima. Adibiderik ezagunena, “Frantziako andrea” izango litzateke:

“Etorri nintzanean
Frantzie kortetik,
Ama billatu neban 
Suitian tristerik”.

Bertso lerrook Iparraldeko idazkera moldean ematen direnean bi bertso lerro izaten dira, eta orduan bi bertsoak errimadunak dira. Kasu honetan etena egiten da bertsoaren erdi aldean.

“Etorri nintzanean Frantzie kortetik
Ama billatu neban suitian tristerik”.

Baina molde metrikoak asko dira.

Aipaturiko baliabide horiez gain, hots, ahozkotasunak, formulek eta motiboek utzi duten aztarnez gain, adierazpide poetikoari dagokionez, esan behar da, baladek oso mintzaira landua erakusten dutela, baina beti “ulergarri” eta “natural” agertuz, entzuleagana zuzen-zuzen heldu behar baita.

Metonimia

Metonimia adierazpide garrantzitsua da, zehatza abstraktuaren ordez agertzen duelako ez ezik, ekintzen bisualizaziorako lagungarri delako. Entzunez batera, baladak ikusi egin behar dira, eta horretarako metonimiak oso baliagarriak dira. Ahozkotasuna oso dinamikoa denez, ez du deskripziorik ematen, horren ordez, ikusarazi egin behar du pertsonaia. Har dezagun “Frantziako andrea” balada eta aztertu nola deskribatzen den Juanita. Hasteko, badirudi (eta arrazoia ez dago garbi, agian Mariaren izenak zerikusia izan dezake) euskal baladetan neskatxak deitzeko “i” eta “a” bokalen jokoa duten izenak edertzat hartzen direla, “izen argiak” direla, zehatzago esanda eufonikoak, aliteratiboak. Juanita zaldiz dator. Zaldia ikusi egin behar da: aberastasunaren sinboloa da, edertasunarena, indarrarena. Baina zaldiak “izaraz” jantzirik eskaintzen ditu Juanitak bere bizitzaren ordez, eta izararen zuritasunak deigarriago egingo ditu zaldiok. Baina zortzigarren zaldia “perlaz estalita” dator, eta, orduan, goia jo du argitasunean bertsoak.

Elkarrizketa

Ekintzak dramatizatu beharrak pertsonaien elkarrizketa indartzea dakar. Narrazio-poemak direnez, aditza maiz agertzen da; baita espazio eta denboraren jauziak ere. “In media res” hasierak usu gertatzen dira. Hauxe lortu nahi da: entzuleak arretaz entzutea, entzuleak parte hartzea.

Diskurtsoaren erretorikari bagagozkio, hauek dirateke baladetan agertzen diren adierazpide nagusiak: lehen ahapaldiak joko berezia du, hor, normalean pertsonaiak elkarren artean bortizki kontrajarrita ageri dira, honela entzulearen arreta eta jakin-mina pizteko; adjektibazioa urria da eta epiteto homerikoa nagusitzen da. Esate baterako, “Isabelatxu” deritzan baladan elkarrizketan agertzen dira lehen ahapaldietatik neska ontziratua eta ontziko maisua.

“Isabelatxu, Isabelatxu, arren esan bat eidazu:
atian dauen kantore orri etor dila esaiozu.

Egun on asko euki dizule, ontziko maisu gaztia.
Alango asko ekar dizule, linde damatxu gaztia.”