Historia bat kontatzen duen poema horrek deitura desberdinak izan ditu euskal literaturaren historian. Gehien erabili dena, agian, “erromantze” izan da, erromantzea ere, azken batean, historia bat kontatzen duen poema bat da-eta. Baina deituren desberdintasunean kontzeptu desberdintasunak ere badira, eta definizioaren barnean kontu hau argitu behar da.

Berez balada izango litzateke hitzik orokorrena, Europa osoan zehar ezagutzen dena, bertokoak baitira baladak; erromantzeak baladen generoaren barnean gertatzen den berezitasun eta zehaztasun joera baten seinale dira. Orokorraren barnean geratu den espezializazio jakin baten adierazpide.

Diogunez, poema narratibo guztiak dira baladak, baina badira batzuk, beren berezitasunengatik erromantze direnak. Ilun geratzeko arriskuan bada ere, esan dezakegu erromantze guztiak direla balada, poema narratiboak diren heinean, baina balada guztiak ez direla erromantze, hauek hartu dituzten berezitasunak ez dituztelako. Erromantzeak baladen artean azpimultzo bat dira.

Zeintzuk dira erromantzearen berezitasunak?

Lehen ezaugarria, hizkuntza poetikoaren erabilera berezia da; bigarrena, batez ere, metrikan gauzatu da berezitasun hori, eta, inoiz, gaiaren berezitasuna ere aipatzen da.

Erromantzea eredu hispanikoan gertatu da, hau da, Espainian eta Portugalen lehendabizi eta horien hizkuntzak zabaldu diren herrialdeetan gero (Hego Amerikan, baita, sefardien bidez, Mediterraneo itsasoaren hegietan ere).

Berezitasunik argiena, bigarren ezaugarrian, metrikan datza. Erromantzeak neurri jakinak ditu: 8 silaba, etena, gehi 8 silabaz osaturiko bertso lerroa, errima asonantikoa, hau da, bokalez soilik egina. Inoiz banandu egiten da 16 silabako bertso lerro hori eta 8 silabako bitan ematen da, eta orduan bertso lerro bakunek ez dute errimarik, pareek, aldiz, bai.

Baladek, ordea, oso neurri desberdinak darabiltzate, finkatu gabe daude bertso lerroen neurria eta errima mota. Euskal Herrian, adibidez, koplak erabiltzen dira ugari (8/8/10/8), baina bada erromantze bat 8/8 neurria duena: “Beotibarko kantua”. Kontapoema honetan erromantze hispanikoaren neurri metrikoak betetzen dira.

Mila urte igarota
ura bere bidean.
Gipuzkoarrok sartu dira
Gazteluko etxean,
Nafarrokin batu dira
Beotibarren pelean.

  • Biltzailea: Esteban Garibay
  • Iturria: “Compendio Historial”, Amberes 1571

Hirugarren ezaugarria gaiari dagokio. Baladetan gehiago erabiltzen dira gai harrigarri eta fantasiazkoak; erromantzeak, aldiz, joera errealista dute.

Metrikak bereizten du euskal balada erromantzeetatik, eta “erromantze” deitura oso zabalduta dagoen arren, nahiago izan diogu kontapoesiaren genero honi balada izena eman. Euskal poesia mota honetaz egin den azken bilduma bikainean, ordea, Aita Antonio Zavalak egin duenean, “erromantze” deitura hobetsi da.