Bertsolaritzaren lehen aztarnak historiaurrean, zehazki artzain giroan ageri direla, erantzun ohi da.

Dena dela, gaur egun ezagutzen den bertsolaritzaren lehen aztarna garbia Bernard Etxeparek idatzi eta inprimarazi zuen lehen euskal liburuan (Lingua vasconum primitiae 1545) dago, euskarazko lehen liburu inprimatuan bertsolarien metrika eta beste zenbait ezaugarri ageri baitira tradizioko literaturaren ezaugarriekin batera nahasirik. Patxi Altunak frogatu duenez, funtsean herri poeta zen Etxepare. (Har fitxa ELItik). Garai bertsuan Ziburuko Joanes Etxeberri (1580-¿) Manual debozionezkoa, Eskarazko bertsutan egina, Noelak idatzi eta inprimarazi zituen. (Hartu fitxa ELItik).

Geroxeagokoak dira ondoko bertso jartzaile hauek: Joan Claveria (1636), Juan Bautista Alzola, Rafael Mikoleta, Martin Iturbe eta Migel Basterretxea. Aipagarri da 1609an Iruñean antolatu zen bertso lehiaketa. Beste batzuekin batera ondoko hauek hartu zuten parte: Pedro Ezkurra, Mikel Aldatz, Juan Elizalde eta Martin Portal.

XVIII. eta XIX. mendeko bertsolaria herritarra da eta dibertitzeko kantatzen du. Hala ere ez da batere ongi ikusia: gaizki hitzegina da, parrandazalea, eta horrenbestez ezjakina jende askoren ustez.

Aldi desberdinak kontuan izanez eta aldi horietako ezagunenak soilik aipatuz, honela bana daitezke:

1750-1800

Iparraldean garai honetan bertsolari edo koblakari ezagun zenbait izan zen :

Beñat Mardo (1757): Barkoxen jaiotako koblakari zuberotarra, ospe handiko bertsolaria. Halaxe zioen berak Beñat Mardoren khantorian:

eztakila ni naizala bürüzagi hartako”.

 Pierre Topet “Etxahun”(1786-1862)

Ahaide delizius hontan,
bi berset geit tit kantatü,
ene bizitze mulde gaitza
mündü orori deklaratü;
ihün sos bat ebatsi gabe
ez eskandalik txerkatü,
hamar urten galeretan
nahi üken naie sarthü

Beste batzuk:

Salvat Monho (1749-1829). Isturitzen jaiotako euskal idazle eta apaiz  baxenabartarra.

Balere Arxt-Idiart (1780). Zuberoako Altzürükü herriko koplari honek agot fama izateak sortzen dituen trabak eta eragozpenak aipatzen ditu Argi azkorrian jinik izeneko sortan. Hona hemen horren ale bat:

Agot denak bürüa apal eta dizü begia
lürrian beti sartürik, gaizki eginak bezala.
Izan banintz ni aberats zü ziraden bezala
Aitak eztzeizün erranen ni Agot bat nintzala.

Martin Larralde “Bordaxuri” (1782-1821). Hazpandar hau, familiako gertaera tamalgarri baten ondorioz, galeretara kondenatu zuten. “Galerianoaren kantuak” izeneko bertsoak dira horren adierazgarri.

Mende honetan Bizkaian ere bertsogintza oso zaharra da eta uste baino ugariagoa. Hona hemen, erakusgarri nagusiak:

Agustin Basterretxea (1700-1764). Lekeitiar jesuita honek, beste zenbait idatziz gainera, Jesukristo gure Jaunaren Pasinoa euskarazko bertsuetan idatzi zuen.

Maria Antonia Soloaga Gerenagagoena (1750). Hauxe dugu, seguruenik, bizkaieraz bertsoak jarri dituen emakume ezagun zaharrena. Hona hemen bertso bat:

Adiskide bat daukat
guztiz amantia
da neure bihotzian
guztiz noblia.
Hemen nago bakarrik
asko penadurik
orain ausentatu naz
amantiagatik.

 

Sebastian Antonio de la Gandara (1700-1780). Gernikar abade hau da “zortziko” izenari buruz daukagun konstantziarik zaharrena. Elizan abesteko antzerki gisako bertso batzuen egilea izan zen: Gabon-kantak eta  Guernicaco gabon-canta: muxhil ta vizcaitar baten artean.

Antonio Aboitiz (1751-1824). Lekeitioko abade honen gauzarik harrigarriena da gugana heldu diren bertso sorta guztiak umorezkoak direla, abadea izan arren bertso erlijiosorik ez uztea, alegia. Bere sortarik ospetsuena Txanton Piperri da, Orixek Euskaldunak poeman sartu zuena.

Mogeldarrak. Joan Antonio Mogel (1745-1804), Peru Abarka ospetsuaren egilea. Bere iloba, Joan Jose Mogel (1781-1849), eta batez ere, honen arreba Bizenta Antonia Mogel (1782-1854), Bilboko Santiagoko Gabon kanta askoren egilea izan zena seguruenik.

 

Juan Cruz eta Antonio de la Fuente anaiak (1760-1831, 1758-1834. Aita Burgoskoa eta ama Gasteizkoa izaki, jatorriz ia guztiz erdaldunak baziren ere, euskaraz egin ziren ospetsu. Bertsogile, dantzari, musikari eta umorezale handiak. Bi anaia hauei zor zaie Eragiok mutil izeneko gabon kanta ezaguna.

 

1800-1839

Hemeretzigarren mende hasieratik karlisten lehen gerratea bukatu arteko epe honi Erromantizismo-aurrea esan zaio. Nekazari giroko gizartea zen erabat, eta bertsolariak bailaraka mugitzen ziren. Aparteko indarra dute desafioek. Bertsolariak eskolagabeak dira. Bertsopaper gutxi idazten da garai honetan. Bertso asko eta asko herriak buruan hartu zituen eta orain horietako asko oso ezagunak  dira.

Fernando Amezketarraren garaia esaten zaio belaunaldi honi, bera izan zelako herriaren ahotan gehien ibili zen pertsonaia. Horren inguruan ziren Zabala, Txabalategi, Izuela artzaia, Altamira, Bordel (Juan Etxamendi Bordel), Juan Ignazio Iztueta eta beste hainbat.

Hona hemen aldi honetako bertso ezagun batzuk:

Erretoreak Pernandori:

Esan behar didazu
instante batean
liburutik txartela
atera artean,
nola sinisten dezun
zuk zure artean
daudela hiru pertsona
Jaungoiko batean.

Pernandoren erantzuna:

Nola sinisten dedan
arrazoiarekin
orain esango dizut
sagartxo batekin:
usai ta saborea
kolorearekin,
horra hiru jenero
gauza bat batekin.

Aipagarria da, 1801ean Villabonako plazan Txabalategi eta Zabalaren arten jokatu zen bertso desafioa. 4000 entzule elkartu omen ziren, garai hartan denak oinez edo zaldiz  inguru guztietatik. (Ikus Joanito Dorronsororen “Bertsotan” liburua).

Pernando Amezketarraren irudiaz eta bertsoren batez identifika daiteke aro hau, gainerako bertsolari ospetsuen bertso bat edo beste grabatua edo idatzia erakustea posible bada: Izuelaren Txakur txiki gorritxo bat edo Iztuetarena (Kontxesiri)

 

1839 – 1876

Euskal Herriko bi karlista gerrateen arteko aldi honi “Erromantizismo garaia” esaten zaio bertsolaritza giroan. Industrializazioaren bultzada gero eta indartsuagoa da, burdinbidea bertaraino iritsi da, baita beste gauza asko ere. Bertsogintzari dagokionez, aurrerapauso handiak eman dira: doinu berriak sortzen dira, errimak aberasten, bertsopaperen komunikazio-gaitasuna handitzen, eta abar. Urrezko arotzat du garai hau bertsozale aditu askok.

Lau bertsolariren inguruan osatzen da aldi honen ardatza: Juan Frantzisko Petrirena “Xenpelar”, Jose Mari Iparragirre, Indalezio Bizkarrondo “Bilintx” eta Jean Batiste Otsalde.

  • Juan Frantzisko Petrirena “Xenpelar”

Betroiarenak
7 …………………Milla zortziregun-ta
6 …………………irurogeita biyan,
7 …………………bertso bi jarritzeko,
5 …………………nua abiyan.
7 …………………Betroi bat artu nuben
6 …………………Ernani’n periyan,
7 …………………galantziya egingo
6 …………………nubela agiyan
6 …………………Beti auleriyan,
6 …………………tristura begiyan;
6 …………………ez haren premiyan
6 …………………nere familiyan
7 …………………Xenpelar’ek daukazki
5 …………………Errenteriya’n (bir)

  • Jose Mari Iparragirre

Ume eder bat
10 ………….…… Ume eder bat ikusi nuan
8 ………………… Donostiako kalean,
10 …………….… hitz erditxo bat hari esan gabe
8 ………………… nola pasatu parean?
10 …………….… Gorputza zuan liraina eta
8 ………………… oinak zebiltzan airean,
10 …………….… politagorik ez det ikusi
8 ………………… nere begien aurrean.

  • Indalezio Bizkarrondo “Bilintx”

Joana Buxenta Olabe
10 …………………Amak esan dit, etxeko errenta
10 …………………pagatzeko dirurik ez zuben ta.
10 …………………ia egingo dion mesere
10 …………………illabetian geienaz ere
5 ……………..……itxoitia
10 …………………bada zierto dela ematia
10 …………………pasa baiño len illabetia.


Hauen inguruan beste izen hauek ere aipagarri dira:  J.B. Elizanburu (1821-1891)  “Ikusten duzu goizean” kantuaren egilea, Gratien Adema “Zalduby” (1828-1907) “Zazpi Euskal Herriek” izeneko bertsoen egilea, Piarres D’Íbarrat (1839-1919), Jose Mendiage (1845), Jean Barbier, Bettiri Ibarrart, Eusebio Maria Azkue (Resurreccion Maria Azkueren aita), Felipe Arrese Beitia, Joseba Imanol Etxeita, Eustakio Larrabeiti,  etab.

  • Ikusten duzu goizean

8 …………………Ikusten duzu goizean
8 …………………argia hasten denean
8 …………………menditto baten gainean:
10 …………………etxe ttipitto aintzin xuri bat
8 …………………lau haitz-ondoren erdian
8 …………………xakur xuri bat atean
8 …………………iturriño bat aldean
8 …………………han bizi naiz bakean.

(J.B. Elizanburu)

1876 – 1935

Bigarren karlista gerratea bukatu ondotik hasi eta Gerra Zibilaren bitarteko aldi honi Pizkunde-aurrea esaten zaio. Trantsizio aldi honetan bertsolarien arteko desafioak indar handia du, bertsopaper asko idazten da herriko notiziak barreiatuz (Kubako gerra, soldadutza, langileen grebak…), eta enkarguzko bertso jarriak puri-purian azaltzen dira (halako neskari, halako mutilari…) Lore Jokoak izeneko ekitaldiak antolatzen dira bertsolariak leku batetik bestera mugiaraziz, eta euskara/aberria gaiak sarri aipatzen dira. Euskal kulturan Jose Manterolaren eta Sabino Aranaren bultzadaren eragina nabari da, Donostia eta Bilbo inguruan batez ere.

Izen hauek nabarmentzen dira garai honetan: Juan Jose Alkain “Udarregi”, Jose Elizegi “Pello Errota”, Jose Manuel Lujanbio “Txirrita”, Pedro Mari Otaño, Kepa Enbeita “Urretxindorra”, Juan Jose Lujanbio “Saiburu”, Eusebio Eizmendi “Txapel”, Akilino Izagirre “Zepai”… eta beste asko.

 

1935 – 1968

Pizkundea esaten zaion aldi honetan, Gerra Zibila bukatzearekin batera, bertsolarien maila eta kategoria igotzen hasten da: sagardotegi zulotik antzokira eta plazara ateratzen dira bertso saioak, entzuleak jarrera zorrotzagoa erakusten du, gaiak jarrita egiten hasten dira saio asko eta asko, irrati eta egunkariez baliatzen hasten da orduko bertsogintza eta txapelketak antolatzeari ekiten zaio serioski (lehena, 1935ean antolatu zen). Arlo honetan lan gogoangarria egin zuten Joxe Aristimuño “Aitzol”, Manuel Lekuona eta Juan Jose Makazagak. Bertsolaritzaren bultzatzaile sutsu izan ziren.

Aldi horren ardatz nagusi dira, besteak beste, honako bertsolari hauek: Iñaki Eizmendi “Basarri”, Manuel Olaizola “Uztapide”, Balendin Enbeita, Fernando Aire “Xalbador”, Mattin Treku, Manuel Lasarte, Joxe Joakin Mitxelena, Joxe Miel Iztueta “Lazkao-Txiki”, Joxe Lizaso,  Migel Arozamena, Jon Mugartegi, Txomin Garmendia, Patxi Etxeberria, Antonio Mari Eizmendi “Loidisaletxe”, Frantses Txikia, etab.

  • Iñaki Eizmendi “Basarri”
    Lazkao Txikiren omenaldian kantatutakoa
    10 …………………Pasa dituzu ingurutako
    8 …………………mendiak eta basoak,
    10 …………………zeinek kontatu jarri dituzun
    8 …………………une alai ta goxoak;
    10 …………………hirurogeita bost urte ditu
    8 …………………Goierriko txoritxoak,
    10 …………………geroztik beti zugan zorretan
    8 …………………euskera eta euskal bertsoak.

  • Fernando Aire “Xalbador”

Amodioa
10 ………………… Amodioa gauza tristea
8 ………………… bihotzen higatzailea,
10 ………………… guziz enea bezala bada
8 ………………… esperantzarik gabea,
10 ………………… gizonarentzat hau baino malur
8 ………………… handiagorik badea?
10 ………………… ikusten eta ezin eskura
8 ………………… maitatzen duen lorea!
10 ………………… hunela bizi baino aunitzez
8 ………………… hobe litaike hiltzea.

  • Mattin Treku

Modarena
7 …………………Modaren esplikatzen
6 …………………behar dut nik hasi,
7 …………………gazte maiteak hori
6 …………………behauzue ikusi;
7 …………………oraingo moda hori
6 …………………ez baita itsusi
7 …………………modan emanak ditut
6 …………………arropa ta guzi,
7 …………………gaztiek orain modan
6 …………………behar dute bizi

  • Joxe Miel Iztueta “Lazkao-Txiki”

Ispiluarena
10 …………………Aizak nik hiri bota behar dit
8 …………………bertso koxkor bat edo bi
10 …………………Behingoan jarri geran ezkero
8 …………………biok arpegiz arpegi
10 …………………neri begira hortik daduzkak
8 …………………alperrikako bi begi
10 …………………hik enauk noski ni ikusiko
8 …………………baina nik ikuste haut hi


1968 – 1977

Euskal Herriarentzat oso garai berezia eta gogorra da: frankismo giroa bete-betean dago, borroka armatua sendo ari da bazterrak inarrosten, langileak protesta bizian ari dira, atxiloketak nonahi eta noiznahi…  

Azken txapelketa nagusia 1967an jokatu ondoren, 13 urteko hutsartea heldu zen. Ikastola eta gau-eskolen sorrera dator argitara, euskaldun berriak hasten dira bertso saioetara joaten, eta entzuleak, batez ere, mezuari begiratzen dio. “Bertsolaritza soziala” esan izan zaio garai honetako bertso joerari.

Berezitasun hauek kontuan izanik, Jon Lopategi eta Jon Azpillagak izugarrizko sona hartu zuten Euskal Herriko plazetan. Zigortutako bertsolariak ugari dira hau eta hori kantatu dutelako; bertso saioa antolatzeko gobernadore zibilari aldez aurretik  baimena eskatu behar zaio.

Bizkaitar bertsolari hauen inguruan beste talde sendo bat agertzen zaigu herriz herri etengabe ibilian: Joxe Agirre, Imanol Lazkano, Joxe Luis Gorrotxategi, Eusebio Igarzabal, Imanol Xanpun, Txomin Ezponda, Anjel Larrañaga, Kaxiano Ibarguren, Jon Enbeita, Jose Mari Arregi, Koxme Lizaso, Juan Narbaiza, Xabier Zeberio, Florentino Goiburu, Patxi Iraola, Jose Luis Lekuona “Lexoti” eta beste batzuk.

Bertsopaperak indarra hartzen hasten dira berriro, batez ere izen handiko lehiaketak antolatzen direlako, esate baterako, Xenpelar saria, Orixe saria… Bertso- jartzaileen artean bertso giroko izen ezagunak ageri dira gehienbat: Rufino Iraola, Pello Esnal, Joxe Aierbe, Jesus Lete, Jesus Mari Mendizabal, Joxe Mari Arrieta, Nikolas Zendoia, Joxe Mari Lertxundi…

 

1980 – 1986

Aldaketa handiak izan dira garai honetako bertsogintzan. Bertso eskolen mugimendua indarrean dator, ikastola eta ikastetxeetan bertsolaritzaren baliabideak lantzen hasten dira, bertso molde berriak plazaratzen dira, errima, betelan eta arrazoibideei buruz gogoeta sakonak egiten dira, hots, estilo berri bat nagusitzen da. Bestalde, txapelketa nazionalak berriz ere martxan jartzen dira, 1982 arte Euskaltzaindiaren ardurapean, eta 1986tik aurrera sortu berri den Euskal Herriko Bertsozale Elkartearenean. Jakina, entzuleen artean ere aldaketa nabaria ari da gertatzen: maila sozial guztietako jendea dator bertsoak entzutera, eta batez ere, gazteen presentzia da ezaugarri nagusia.

Bertsolariei dagokienez, izen nagusi bat har dezakegu honen guztiaren ardaztzat: Xabier Amuriza. 1941ean jaiotako zornotzar hau bilakatzen da molde berri hauen eragile eta eredu: bi aldiz Euskal Herriko txapela irabazteaz gain, etengabeko ekarpenak, saiakerak eta gogoetak plazaratzen ditu.

Txapelketei eskerrak, belaunaldi berri bat osatzen da, bertsolaritza hartzen ari den hedaduraren erakusle: Sebastian Lizaso, Anjel Mari Peñagarikano, Iñaki Murua, Millan Telleria, Jesus Iribar “Olalde”, Mikel Mendizabal, Jokin Sorozabal, Jose Luis Elgetzu, Manolo Arozena, Mixel Xalbador, Jean Pierre Mendiburu, Juan Inazio Begiristain, Xabier Ziarda, Joxe Attola, Juan Joxe Eizmendi “Loidisaletxe”, Xabier Euzkitze, Jon Sarasua, Andoni Egaña eta beste asko.  

Bertsopaperei dagokienez, lehiaketak ugaltzen dira eta era berean bertso- jartzaileen artean izen berriak agertzen, batik bat bat-bateko bertsolarien parte-hartzea handitu delako. Hauen artean aipagarri dira Jon Enbeita, Xabier Amuriza, Andoni Egaña, Jean Pierre Mendiburu

  • Anjel Mari Peñagarikano

Maitasuna da bizi izateko
10 …………………Maitasuna da bizi izateko
8 …………………ardatz eta oinarria
10 …………………jakin dedanez hark ba omen du
8 …………………orain maitale berria,
10 …………………nik ez nekien, jakinen gainen
8 …………………omen zegoen herria;
8 …………………garai batean irria
8 …………………orain malko iturria (bir)
10 …………………ezkondu eta ase nahi nuen
8 …………………maitasunan egarria,
10 …………………orain horrela egon beharra
8 …………………bai dala penagarria! (bir)

Doinua: Lizartzako Esnaolak moldatua

  • Andoni Egaña

Begira nago jarria, beraz
10 …………………Begira nago jarria beraz
8 …………………zeru erditik mundura
10 …………………Bilbo aldeak sortu du nere
8 …………………barrunpe hontan ardura,
10 …………………kez estalia ikusitzen det
8 …………………hiri handien modura
8 …………………hori da zatar itxura. (bir)
10 …………………Zalantzan nago oraindik ere
8 …………………petrolioa den hura,
10 …………………hurbildu eta konturatu naiz
8 …………………dela Nerbioiko ura. (bir)

Doinua: Manolo Urbietak moldatua

1990 – 2000

Bertsolaritza komunikabideetan sartzen da bete-betean, Euskal Telebistan programa berezi bati hasiera ematen zaio, irrati eta egunkarietan bertsotan adituak arduratzen dira programa egokiak egiten, unibertsitatean aztergai bihurtzen da bertsolaritza, munduan zehar barreiatuta dauden inprobisatzaileekin harremanak estutzen dira eta, azkenik, egoera politikoak gizartean sortarazten dituen erreakzioen araberako bertso-mezua asko zabaltzen da.

Teknifikazioaren indarra maila guztietara heldu da (antolaketa arloan, prestakuntza sailean, produktua saltzeko orduan…).

Elitearen egitura piramidala beti izan da bertsolaritzaren ezaugarrietako bat. Azken hamarkada honetan ordea gero eta zorrotzagoa da piramide horren gailurra, eta belaunaldiak lehen baino askoz azkarrago berritzen dira. Esate baterako, Jon Lopategik 1989an 54 urterekin irabazi zuen txapelketa nagusia; 2001eko txapelketa nagusian bertsolaririk beteranoena 45 urtekoa izan zen.

Azken hiru txapelketa nagusien irabazlea izan den Andoni Egaña da hamarkada honetako izen nagusia, txapel kontuagatik ez ezik, sormenaren esparruan egin duen ekarpenagatik.

Aipagarriak dira gisa berean Unai Iturriaga, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Jesus Mari Irazu, Jon Maia, Amets Arzallus, Bittor Elizagoien, Xabier Silbeira, Amaia Agirre, Aritz Lopategi, Iratxe Ibarra, Asier Otamendi, Aitor Sarriegi, Joxe Munduate, Xabier Narbarte, Iñigo Manzisidor ‘Mantxi’, Nahikari Gabilondo eta beste asko.

Gaur egungo eta etorkizuneko taldea da. Hitza eta musika elkarturik saiakera berri ugari plazaratzen da orainaldion. Bertso-tramak ere modan jartzen ari dira, eta formato berrien egarria etengabea da bertsolari gazteen artean.