Bertsolaritzaren ezaugarriak aipatzean, zein arloz ari garen argitu behar da. Bertsolaritzak bi adar ditu, bata bestea bezain funtsezkoa: bat-bateko bertsoak eta bertso jarriak. Bertsolari tradizionalek adar biak landu dituzte. Are gehiago, gerra aurreko bertsolari handiak bertso jarrietatik ezagutzen ditugu batez ere. Xenpelarrek, adibidez, nola inprobisatzen zuen apenas dakigun ezer.

Edonork ikus dezakeenez, bat-bateko bertso saioaren eta bertso jarrien ezaugarriak ez dira berdinak. Bi horien arteko berezitasunak oso nabarmenak dira.

 

1.- Bat-batekotasuna

Bat-batekotasuna, berez, bat-bateko bertsogintzan bakarrik gertatzen da: bi une guztiz berezik eta desberdinek bat egiten dute, sortzeak eta interpretatzeak, alegia. Bertso jarrietan bi une horiek ez dute bat egiten (kantariek kantatzen dituztenean, esaterako).

Bat-bateko bertsoak dira, esate baterako, Lazkao-Txikik ispiluari  jarritakoak. Egoera horretan, bertsolariak testuinguruari buruzko aipamen gutxi egiten du; esate baterako, ez du “ispilua” hitza behin ere esaten, entzuleek ikusi egiten dutelako nori ari zaion kantatzen. Egoera horretan espresibitateak du garrantzia berezia.

Bertso jarriak dira, aldiz, Bordaxurik jarritako “Galerianoaren kantuak”. Bere bizitzako gorabehera nagusiak azaltzen ditu zehaztasun handiz data, leku eta gertakari konkretuak aipatuz.

  • Lazkao-Txikik ispiluari

10 …………………Aizak nik hiri bota behar dit
 8 …………………bertso koxkor bat edo bi
10 …………………Behingoan jarri geran ezkero
 8 …………………biok arpegiz arpegi
10 …………………neri begira hortik daduzkak
 8 …………………alperrikako bi begi
10 …………………hik enauk noski ni ikusiko
 8 …………………baina nik ikuste haut hi

 

2.- Jendaurrean

Jendaurrean egiten dira beti bat-bateko saioak, horrek dituen eskakizun guztiekin: bertsoa kantatu egin behar da, bertsoa antzeztu egin behar da, publikoagana iritsi behar da bertsolaria, unean uneko eta tokian tokiko arrazoi-erantzunak erabili behar dira laburbilduz, entzulea ukitu eta liluratu behar da. Esate baterako, Anjel Mari Peñagarikanok txapelketa batean gaia emanda bota zituen ‘Maitasuna da bizi izateko’ izeneko bertsoetan ikus daiteke nola lotzen zaion jarritako gaiari: “Zure emaztea beste batekin dabilela jakin duzu”.

Bertso jarrietan prozedura oso desberdina da: gai baten inguruan bertsolariak bakardadean gogoeta egiten du, bere barruaren hustuketa egiten du; eta, gero,  interpretatzeko garaian, berak nahi duen bezala antola dezake jaialdi-emanaldia musikaren laguntzarekin, ahotsekin jokatuaz-eta. Bertso jarriak dira, esate baterako, Pedro Mari Otañok Txepetxari jarritakoak, eta haren itxura eta portaera labur eta biribilki deskribatzen ditu.

  • Maitasuna da bizi izateko

10 …………………Maitasuna da bizi izateko
8 …………………..ardatz eta oinarria
10 …………………jakin dedanez hark ba omen du
8 …………………..orain maitale berria,
10 …………………nik ez nekien, jakinen gainen
8 …………………..omen zegoen herria;
8 …………………..garai batean irria
8 …………………..orain malko iturria (bir)
10 …………………ezkondu eta ase nahi nuen
8 …………………..maitasunan egarria,
10 …………………orain horrela egon beharra
8 …………………..bai dala penagarria! (bir)

Doinua: Lizartzako Esnaolak moldatua

 

  • Txepetxa

10 ………………… Euskal lurreko txorietan den
8………………….. txikitxuena da bera,
10………………… gaztain kolore bakarrekua
8………………….. nahi bada ez da ederra;
10 ……………….. begi argiak, buru xanpala,
8…………………. moko tentia aurrera,
10……………….. gorputza motza, hanka laburrak,
8…………………. xaltokako ibilera,
10……………….. xalapartako hegalaria
8 ………………… eta kantari ergela.

 

3.-Hizkuntza

Hizkuntzari dagokionez, arlo bakoitzak bere ezaugarriak ditu: ahozko hizkeraren ezaugarrietako bat arintasuna, bizitasuna da. Irudiak eta ideiak azkar mugitzen dira, beharrezkoa ez dena isildu egiten da, elipsiak egoki tartekatzen dira eta logika-senari eta arrazoibideari ongi atxikitzen zaizkio. Jendaurreko hizkuntzak badu bere tradizioa. Jakina, hemen ere aldeak izango dira inguruko giroaren arabera (etxean, lagunartean, komunikabideen aurrean, hitzaldi aretoetan…). Esate baterako, jaialdi batean eman zioten gaiari lotuz Xalbadorrek emazte zenaren soinekoari jarritakoak.

Bertso jarrietan, aldiz, beste arau batzuek agintzen dute: idatziak direnez, landuagoak izaten dira bai hizkuntzaren aldetik, bai teknikarenetik, halaber mezuaren eta arrazoiketarenetik. Honen eredu garbiak dira Otsaldek jarritako “Gaztetasuna eta zahartasuna”.

  • Xalbadorrek emazte zenaren soinekoari

10 ………………… Pentsa zazute alargundu bat
8………………….. ez daike izan urusa
10………………… dolamen hunek oi! ez dezala
8………………….. ainitz gehiago luza
10………………… orai urtea ziloan sartu
8………………….. andreñoaren gorputza
10………………… haren arropa hantxet dilindan
8………………….. penaz ikusten dut hutsa.

  • Gaztetasuna eta zahartasuna

7 …………………Zahar-gazten arteko
6 …………………hau da parabola:
7 …………………Xuxen esplikatzea
5 …………………ainitz gogor da.
7 …………………gaztea ez daiteke
6 …………………adin batez molda,
7 …………………gorputza sendo eta
6 …………………azkar du odola;
6 …………………zaharra ez hola:
6 …………………iragan denbora
6 …………………etortzen gogora,
6 …………………eta ezin kontsola.
7 …………………Nekez bihurtzen baita
6 …………………zahar arbola!

Doinua: “Gaztalondo handian”

 

4.-Funtzio desberdinak

Funtzio desberdinak dituzte bat-bateko bertso saioek eta bertso jarriek, genero beraren adarrak izan arren. Bertsoa egiteko sistema ere desberdina da. Bat-bateko bertsoetan, askotan, entzuleak entretenitzea, zirikatzea eta umorea jartzea izaten du bertsolariak helburu, eta horretarako egoeraren alderdi xelebreak azpimarratzen ditu. Esate baterako, Txirritak Pello Errotari zuzenduriko agur bertsoak Asteasukoaren erantzuna probokatzea dute helburutzat. Bertso jarrietan, berriz, helburuak bestelakoak izan daitezke. Besteak beste, gertakizunei buruz norberaren ikuspuntua ematea, norberaren gogoetak aditzera ematea edota istorio bat kontatzea. Esate baterako, Izuela artzaiak galdutako bere txakurrari jarritakoak (“Txakur txiki gorritxo bat”).

Dena dela, Amurizaren ustez, elkarren osagarri dira bi adar  horiek, izan ere, bertso jarririk gabe, bat-bateko bertsolaritza asko txirotuko litzateke.

 

5.- Bertso saioa

Bertso saioa bertsolariak eta entzuleak bat egiten duten emanaldia da. Bertsolariaren ezaugarriei begiratzen bazaie aldaketa handiak sumatuko dira lehengoetatik oraingoetara. Entzuleen artean ere beste horrenbeste. Bizitza aldatu den heinean aldatu egin da bat-batekotasunaren ingurumari guztia. Ikus dezagun zeintzuk diren aldaketarik nabarmenenak:  

-Orain dela gutxi arte, bertsolaria baserri girokoa izan da. Azken urte hauetan, aldiz, bertsolariak eskolatu egin dira, gehientsuenak unibertsitatean ikasiak dira, eta, bestalde, bertso eskolen mugimenduak ere eragin handia izan du.

-Entzuleari dagokionez, gauza bertsua esan daiteke: orain dela gutxi arte, entzule heldua eta baserri-mendi-herri txikietako giroa nabaritzen zen bertso saioetan. Azken hamarkadetan, bertsolaritza kaletartu egin da, gizarte maila guztietako jendea ikus daiteke bertsoak entzuten, eta, batez ere, saioetara jende gaztea hurbiltzen dela sumatzen da.

-Bertsolaritza komunikabideetan sartu da, eta, ondorioz, horren  hedadura eta ezagutza Euskal Herriko bazter guztietara iritsi da. Honen eraginez, jolas eta joko izatetik, ikuskizun izatera heldu da. Gainera, bertsolariak, lehen urrutiko izar zirenak orain artista hurbil dira.

-Bertso moldeari dagokionez, alde nabaria da lehengo bertsolarietatik gaurkoetara: lehen entzule bateratuagoa zenez, hizkuntzaren erregistroak berdintsuak zituzten bertsolari guztiek. Gaur egun, aldiz, entzule nahasiagoa ikusten denez plazetan (zaharrak, gazteak, ikasiak eta ikasi gabeak…) hizkera ezberdinak egiten dira. Ondorioz, bertsolariak ere, hizkuntza erregistro diferenteak erabiltzen ditu giro eta egiteko desberdin bakoitzari dagokion hizkuntza plazaratu nahirik.

-Modu berean, bertsoaren arau teknikoak beste era batera betetzen dira orain (errima aberatsagoak, doinu desberdin gehiago, betelana egiteko forma berriak, gaiaren tratamendu zabalagoak, ironia beltza eta abar.)