Kontaera luzeen sail hau XX. mendearen bigarren zatian garatu da gehienbat eta Antonio Zavalak sustaturiko “Auspoa” sailean biltzen dira aipagarrienak. Hala ahozko literaturaren protagonistei buruzko narrazioak nahiz eurek berek idatziriko oroitzapenak dira hauen artean nabarmentzekoak. Egileak gehienetan bertsolariak berak izan dira edota Antonio Zavalak gertakarien lekukoei jaso eta moldaturikoak.
Aparteko saila osatzen dute gerra karlistetan soldadu ibilitakoen oroitzapenak jasotzen dituzten Manuel Lekuonak argitaraturikoek. Azkenik, genero honen barruan salbuespen berezitzat aipa liteke Nikolas Ormaetxea “Orixe“k idatziriko “Santa Cruz apaiza” liburua (1929), ahozko narrazioen ezaugarri eta estiloaz idatziriko liburua eta narrazio eredu hori literatura idatziaren eremuan itsasteko ahalegina egin zuena. Zalantzarik gabe gerora izan dira ahozko narraziogintza horren ezaugarri eta baliabideez interesatu diren idazleak eta euren idazlanetan era batera edo bestera txertatu dutenak. Besteak beste, adierazgarrienak Koldo Izagirre eta Bernardo Atxaga dirateke.
SAILAK
A) Bertsolarien inguruko oroitzapenak:
- “Fernando Amezketarra”, G. Mujika (Donostia, 1925)
- “Pello Errotaren bizitza”, A. Zavala (Auspoa, 1963). Mikaela Elizegi, Pello Errotaren oroitzapenetan oinarrituz.
- “Txirrita, bizitza ta bat-bateko bertsoak”, A. Zavala (Auspoa 1962). J.R. Erauskin, Txirritaren ilobaren laguntzarekin idatzia.
Eta autobiografiak:
- “Lengo egunak gogoan”, Manuel Olaizola Uztapide (Auspoa, 1974).
- “Odolaren mintzoa”, Fernando Aire Xalbador (Auspoa, 1976).
- “Gordean neuzkanak”, Manuel Lasarte (Auspoa, 1975).
B) Gerra garaiko oroitzapenak:
- Guda karlistei buruzkoak
“Santa Krutz apaizaren guda-mutillak” (anonimoa, atal bat publikatua du Manuel Lekuonak “Literatura oral vasca” liburuan, 433-438 orrialdeak)
“Santa Cruz apaiza”, Nikolas Ormaetxea “Orixe” (1929)
- Guda zibilari buruzkoak:
“Neronek tirako nizkin”, Sebastian Salaberria (Auspoa, 1964)
“Gerrateko ibillerak”, Iñaki Alkain (Auspoa, 1981)
“Euskal mutilak armetan”, F. Apalategi (Auspoa, 1961)
“Oroitzak”, B. Iraola (Auspoa, 1961)
“On egiñaren obaria”, M. Ugarte (Kuliska, 1972)
C) Bizimolde jakinekoak: arrantzaleak, basomutilak, emigranteak
“Baso mutillak”, J.M. Arrizabalo (Auspoa, 1979).