Kontalaria
Kontalariaren iritzia eta sentimenduak ere tartekatu egiten dira sarritan iruzkin, pasadako zehar aipamen, erran zaharren edo erran komunen erabilera abilaz, nahiz esklamazio edo oihu, eztenkada eta antzekoez. Narratzailea ez da neutrala edo objektiboa izaten. Sarritan bere iritziak eta egintzak justifikatzen ditu, eta gainerakoan, besterenak esaten ari bada, informazio horren mugak argitzen ditu fidagarritasuna bilatuz, berez dakiena dioen ala bestek esandakoa kontatzen ari den.
Sarritan kontalaria kontatzen duenaren gainean duen informazioaren interesa pizten saiatzen da. Hala, Mikaela Elizegik zenbait sarrera formula erabiltzen ditu interes hori pizteko.
“Zakur amorratuen kontuak badakizkit nik inork bezain ondo…”
“Neronek ere eskapada ederra egin nuen beste batean…”
Informazioa sentsazio edo espanturik eragin gabe ematea, kontuak patxadaz azaltzeko asmoz ari den narratzaileak ere informazioaren zehaztasunak eman nahi izaten ditu eta, bestela, badaezpadakoa bada, hala adierazten du. Horixe da bizitzaren hondarrean euren bizi esperientzia kontatzen duten Uztapide, Basarri edo beste askoren jarrera. Manuel Lasartek, esaterako, Lazkao-Txikiren bizitzako gorabeherak idazten diharduela, honela azaltzen ditu haren lan kontuak.
Lazkao txiki
Urrengo pausoa faubrika batera eman zuela dirudi Lazkao-Txikik: Fundiciones Arriaran, oker ez banago behintzat. Emen ere ez det arrasto garbirik zenbat urte pasa zituen lanean, baiña baliteke denbora dexente egitea, eta egunez bezela gauez seguru asko erreleboan txandaka ibiltzen ote ziran daukat errezeloa Fundiciones Arriarango langileak.
Faubrikan bere eginkizuna bete ta bertan erropak aldatuta, sarritan joaten zan , etxeratu gabe, bertsotara zuzenean ainbat erritara Lazkao-Txiki zana. Ori ez da gezurra, neronek dakidana baizik.
Kontaturikoaren fidagarritasuna zedarritu nahi izaten da eta horretarako frogatzat ematen dira, esate baterako, leku eta pertsona izen konkretuak Leku-izen eta pertsona-izen konkretuen ugaritasunak testuaren sinesgarritasuna eta interesa pizten du, entzuleak berak jakin ditzakeen edo ezagut ditzakeen leku eta pertsonen datuekin benetakotasuna ematen zaio.
Manuel Lasarte
Gisa berean, beste helburu literarioari lotzen zaio, konkretutasunak halako zindotasun bat ematen dio. Hona Mikaela Elizegik zakur amorratu batek egindakoa kontatzerakoan emandako zehaztasun batzuk:
“Eta Asteasun, eliza-igoeran ezkerretara, Santa Kruz deitzen zaion ermita txiki bat dago. Mutil koxkor bat, Illobate baserrikoa, ermita hartan zegoen itzalean jostatzen. Eta barrena sartuta, zakurrak heldu egin zion”
Mikela Elizegi
Orixek ere Santa Kruz apaizaren kontakizunari sinesgarritasuna emateko, leku jakin bat aipatzen du gauza bakoitzaren gertaleku izateko:
“Apaiza ote zan ez ote zan jabetzeko, latinez galde erraz batzuk egin zizkion. Tutik etzun erantzun gezur-apaiz arek, eta tiroz botarazi zun lizar baten ondoan”
Santa Cruz apaiza
Denbora zehaztasunak ere helburu bera du, kontalariaren datuen fidagarritasuna sendotzea.
“Elurra ari zun eta inon lurmenik ez. Iru aldetatik liberal salla arengana zijoan, eta elurrarekin aldegiterik etzedukan: erdian arkituko zuten. Nola iges egin? Goizeko ordu bietan Leizarango ibaian gerrirainoko uretan sartu ta …”
Santa Cruz apaiza
Entzulea solaskide
Entzulea solaskide bihurtzen du gehienetan kontalari horrek, norbere iritziko edo pentsamoldekoa figuratzen du; hala, entzulea inplikatu egiten du, eta bere aldeko delakoan egiten ditu komentarioak.
“Illunabarrian itxerakuan, Anbuleiko birautzian karabineruak topo. “Santa Krutz non zebillen jakitten banun, esateko”. Nik, bayetz (Leku eerrian!)”
“Santa Kruzen mutillak”, Manuel Lekuonak bildua