Narrazio horien protagonistek nahiz horien lekuko izandakoek kontatzen dituzten pasadizoek inork bizi izandako pasadizoak jasotzen dituzte eta, sarritan, aldi joanetako ohitura, pentsamolde eta sinesteen berri ematen dute. Hala, Mikaela Elizegik bere garaian osasunaren inguruan oso hedatuak zeuden sineskerien berri kontatzen du, bai eta sorginen ingurukoak ere. Bestalde, berriz, Arrizabaloren “Baso-mutillak” hain zuzen ere behargintza horretan dihardutenen gorabeherak eta pasadizoak hartzen ditu mintzagai. Eta gisa berean, bertsolarien bizimodua agertzen duten hainbat liburuk bertsolarien bizimoduaren zertzeladen berri ematen digute, Lasartek kontaturiko bertso-saio baten osteko bazkari pasadizoa narrazioan bezala.
Bazkari pasadizoa
Nik neronek ez nuen batere jan, ez nintzan gauza ta. Baina usaia artzeak inbidi ikaragarria ematen zidan. Basarri aldamenean neukan apetitu ederrarekin. Platerkada aundi bat jan zuen berealaxe, ta berriro artu. Bete ezin edo ainbesteraino gustatu nunbait; eta bigarren aldiz artutakoa jaten ari zala, onela dio:
-Auek dituk baba gozoak, jaunak! Egunero baleude obe!
Uztapide aurrean zeukan eta esan zion:
-Babak famatzen gogor ari aiz. Guk, gaztetan basoan lanean jardun giñanean, egunean irutan jaten genizkian babak, sarritan zugaitzen baten azpian, goitik bera ura tantaka zetorrela. Fuente zarrean salda ugaritzen uan. Aiek etziteken gaurko auek bezelako gozagarririk izaten. Iri alakoak jarriko balitzaizkik, laixter aspertuko intzake babaz. Zer esaten ari aiz emen?
Baxarri ixildu zan; baña gaiñontzeko jendeari grazi egin zion Uztapideren ateraldi serio arek. A zer nolako parre algarak entzun genituen! Lazkao-Txiki ere lertu bearrean ikusi nuen.
Manuel Lasarte