1.Sarrera

Bertsogintza ahozko literaturaren genero bat denez, edozein literaturaren baliabideak  erabiltzen ditu: fonikoak (onomatopeiak, hitz-jokoak), sintaktikoak (ordena aldaketak, paralelismoak…), irudizkoak (metaforak, konparazioak…). Bada, ordea,  bertsolaritzaren sortze teknika bereziki karakterizatzen duen ezaugarri bat: atzekoz aurrerako teknika erabiltzen da bertso bat osatzerakoan, hau da, lehenik, ideia nagusia bilatzen edo pentsatzen da, eta gero, bukaera emango dion ideia nagusiaren arabera tolesten dira beste guztiak.

Metrikaren aldetik, bertsolaritza egituratzeko unitatea bertsoa da, ahapaldia edo estrofa esaten dena.

Ahapaldi edo bertso batek hiru arau nagusi bete behar ditu:

  • Kantatu ahal izateko doinua behar du.
  • Molde bakoitzaren arabera  silabak ondo neurtu behar dira.
  • Puntu bakoitza errimatu egin behar da.

Banan-banan hartu eta osagarri bakoitza aztertuko dugu:

 

2. Doinua

Kantatu ahal izateko doinua behar du.

Bertsoa edo ahapaldia kantatu egin behar dela kontuan izanik, kantatzeko doinua edo airea behar da. Doinua hitzaren laguntzailea da. Ehunka dira Euskal Herriko bertsolariek erabili zituzten eta erabiltzen dituzten doinuak. Euskal kantutegiko doinuak, elizakoak eta abesti ezagunak erabiltzen dira gehienbat. Azken urteotan, doinu berrien ekarpena sumatu da bertsolarien artean, norberak osatuak batzuk eta musikari baten laguntzaz eginak besteak. Neurri mota bakoitza doinu askotan kanta daiteke. Adibideak (bertso bat 2-3 doinutan kantatua)

Egokia litzateke molde txikiko edo nagusiko ahapaldi bat eta bera doinu bat baino gehiagorekin abestu daitezkeela entzun ahal izatea

 

3. Silabak

Molde bakoitzaren arabera silabak ondo neurtu behar dira.

Hauxe da bertso teknikaren gauzarik zailenetakoa, ez baita nolanahi neurtu behar, oso zehatz baizik. Gaizki neurtzen baldin bada, ezingo da ondo kantatu. Beraz, neurria oso zehatza da. Esaldiek doinuarekin batera joan behar dute, eta doinua amaitzen denean, ahapaldia ere bukatu egin behar da. Silabak ez ditu bertsolariak hatzekin kontatzen, gauzak esaten eta kantatzen jakiteko doinuak markatzen dio ibilbidea.

Molde bakoitzaren arabera, neurri motak honela sailka daitezke:

3.1. Molde txikian:

  • Oinak (errimatzen duten hitzak) bi lerrotik bi lerrora azaltzen dira.
  • Oin batetik bestera dagoen tarteari puntua deritza.
  • Kopla txikiak 4 lerro ditu, 2 puntu eta 7 / 6 silabako erritmoa.
  • Zortziko txikiak 8 lerro ditu, 4 puntu eta 7 / 6 silabako erritmoa.
  • Hamarreko txikiak 10 lerro ditu, 5 puntu eta 7 / 6 silabako erritmoa.

3.1.1. Kopla txikia

7 ……………………Josetxo Olaberriko
6 ………………….zer dezu negarrez?
7 ……………………amak tabernarako
6 ………………….dirurik eman ez.

 (Herritarra)

3.1.2. Zortziko txikia

Behin batian Loiolan
7………………….Behin batean Loiolan
6………………….erromeria zan,
7………………….hantxe ikusi nuan
6………………….neskatxa bat plazan:
7…………………..txoria baino ere
6………………….arinago dantzan.
7………………….Huraxe bai polita,
6………………….han politik bazan!

 (Bilintx)

 Ene Lukas maitea
13 ………………… Ene Lukas maitea zer bihotza duzun
13 ………………… gutaz arta hartzeko, izanik hoin urrun!
13 ………………… Beldurtzeko da Eskual Herrian ez dugun
13 ………………… zu bezalakotarik bi miletan ehun.

                                                             (F. Aire, Xalbadorrek jasoa)

Iparraldeko idazkeran zortziko txikia lau lerrotan idazten da.

Gitarra zahartzo bat

7 …………………   Gitarra zahartxo bat det
6 …………………   nik nere laguna.
7 …………………   Horrela ibiltzen da
6 …………………   artist’euskalduna:
7 …………………   egun batean pobre,
6 …………………   bestietan jauna,
7 …………………   kantatzen pasatzen det
6 …………………   nik beti eguna.

(J.M. Iparragirre)

3.1.3. Hamarreko txikia

Gizon eta herriak
7………………….Gizon eta herriak
6 ………………..dabiltza beldurrez,
7………………….elkar zelatatuaz
6………………….lehor eta urez,
7………………….kanpotik hitz ederrak
6………………….barrutik gezurrez,
7………………….zein dirade gaiztoak?
6………………….besteak bai, gu ez!
7………………….indarra nagusi ta
6………………….gogorrena juez.

 (P.M.Otaño)

 Modari kantatuak
7 …………………Modaren esplikatzen
6 …………………behar dut nik hasi,
7 …………………gazte maiteak hori
6 …………………behauzue ikusi;
7 …………………oraingo moda hori
6 …………………ez baita itsusi
7 …………………modan emanak ditut
6 …………………arropa ta guzi,
7 …………………gaztiek orain modan
6 …………………behar dute bizi

(Mattin Treku)

3.2. Molde handian:

Molde handiko hiru neurri mota hauen ezaugarriak honela laburbilduko ditugu:

  • 10 / 8 silabako erritmoa dute neurri handiko ahapaldiek.
  • Oinak bi lerrotik bi lerrora azaltzen dira (puntu bat osatuz)
  • 10 silabako lerroek etenaldi bat dute erdian, 5 / 5 (doinuak eskatzen du)
  • Molde txikian bezala, kopla handiak 4 lerro eta 2 puntu ditu.
  • Zortziko handiak, 8 lerro eta 4 puntu ditu
  • Hamarreko handiak, 10 lerro eta 5 puntu ditu

3.2.1. Kopla handia

 10 ………………… Armen hartzera deitu ninduen
8…………………… gazterik zorte etsaiak,
10…………………. urrundu nintzen herri alderat
8…………………… itzuliz usu begiak.

 (J.B.Elizanburu)

3.2.2. Zortziko handia

Zortziko handiak, 8 lerro eta 4 puntu ditu

Ume eder bat

10…………………Ume eder bat ikusi nuan
8…………………. Donostiako kalean,
10…………………hitz erditxo bat hari esan gabe
8…………………. nola pasatu parean?
10…………………Gorputza zuan liraina eta
8…………………. oinak zebiltzan airean,
10…………………politagorik ez det ikusi
8…………………. nere begien aurrean.

 (J.M.Iparragirre)

Emazte zenaren soinekoa

10 ………………… Pentsa zazute alargundu bat
8………………….. ez daike izan urusa
10………………… dolamen hunek oi! ez dezala
8………………….. ainitz gehiago luza
10………………… orai urtea ziloan sartu
8………………….. andreñoaren gorputza
10………………… haren arropa hantxet dilindan
8………………….. penaz ikusten dut hutsa.

 (Fernando Aire “Xalbador”)

Ispiluarena

10 …………………Aizak nik hiri bota behar dit
8 …………………. bertso koxkor bat edo bi
10 …………………Behingoan jarri geran ezkero
8 …………………. biok arpegiz arpegi
10 …………………neri begira hortik daduzkak
8 …………………. alperrikako bi begi
10 …………………hik enauk noski ni ikusiko
8 …………………. baina nik ikuste haut hi

(Lazkao Txiki)

Basarriren bertso bat

10 …………………Pasa dituzu ingurutako
8 …………………. mendiak eta basoak,
10 …………………zeinek kontatu jarri dituzun
8 …………………. une alai ta goxoak;
10 …………………hirurogeita bost urte ditu
8 …………………. Goierriko txoritxoak,
10 …………………geroztik beti zugan zorretan
8 …………………. euskera eta euskal bertsoak.

(Iñaki Eizmendi “Basarri”)

Pello Errotaren bertso bat

10 …………………Astiasutik gaur etorri naiz
8 …………………. automobiltxo batian
10 …………………Donostiyara bertsuetako
8 …………………. guztizko borondatian
10 …………………Inazio Sagasti (?) da kontra
8 …………………. ez dadukat apartian
10 …………………zein gean hobenak probatutzera
8 …………………. bi Lasarteko partian.

Pello Errotak Donostian egin zuen saio batean jasoa.

(Jose Elizegi “Pello Errota”)

2.3.3. Hamarreko handia
Hamarreko handiak, 10 lerro eta 5 puntu ditu

 Amodioa

10 …………………Amodioa gauza tristea
8 …………………. bihotzen higatzailea,
10 …………………guziz enea bezala bada
8 …………………. esperantzarik gabea,
10 …………………gizonarentzat hau baino malur
8 …………………. handiagorik badea?
10 …………………ikusten eta ezin eskura
8 …………………. maitatzen duen lorea!
10 …………………hunela bizi baino aunitzez
8 …………………. hobe litaike hiltzea.

  (Fernando Aire “Xalbador”)

Txepetxa

10 ………………… Euskal lurreko txorietan den
8………………….. txikitxuena da bera,
10………………… gaztain kolore bakarrekua
8………………….. nahi bada ez da ederra;
10 …………………begi argiak, buru xanpala,
8………………….. moko tentia aurrera,
10………………… gorputza motza, hanka laburrak,
8………………….. xaltokako ibilera,
10………………… xalapartako hegalaria
8 ………………… eta kantari ergela.

(P.M. Otaño)

3.3. Molde bereziak:

 Neurri txikiko eta handiko arauak ez dituzte betetzen, osorik behintzat. Neurri berezietan oin guztiak ez doaz bi lerrotik bi lerrora: batzuetan lerrotik lerrora ere bai. Silaben metrika ere ez da ohikoa, eta doinuak ere bereziak dira.

Neurri berezien arloa bukatzeko, bertsolarien artean ezagunenak diren doinuen zerrenda doakizue ondoren:

  • Ai, hori begi ederra

8 …………………Ai, hori begi ederra
8 …………………iruditzen zait eperra,
8 …………………gauza hoberikan zer da?
10 ……………… Ointxo polita, zapata eder
8 …………………txorkatila guztiz fina,
8 …………………jantzi ederki egina
8 …………………telia modako fina
8 …………………Ai, neretzako bazina!

(Herri-kanta)

  • Aizak, hi mutil mainontzi

8 …………………Aizak, hi mutil mainontzi,
8 …………………nagusiari goraintzi.
10 ……………… Ez al hakiken hor pipa hartzea
6 …………………ez zela lizentzi?
8 …………………Jenio txar hoiek utzi
8 …………………bestela hezurrak hautsi,
10 ……………… gizalegea nola behar den
6 …………………ezin erakutsi!

(Xenpelar)

  • Begira nago jarria, beraz

10 …………………Begira nago jarria beraz
8 …………………. zeru erditik mundura
10 …………………Bilbo aldeak sortu du nere
8 …………………. barrunpe hontan ardura,
10 …………………kez estalia ikusitzen det
8 …………………  hiri handien modura
8 …………………. hori da zatar itxura. (bir)
10 …………………Zalantzan nago oraindik ere
8 …………………..petrolioa den hura,
10 …………………hurbildu eta konturatu naiz
8 …………………..dela Nerbioiko ura. (bir)

Doinua: Manolo Urbietak moldatua

(Andoni Egaña)

  • Betroiarenak

7 …………………Milla zortziregun-ta
6 …………………irurogeita biyan,
7 …………………bertso bi jarritzeko,
5 …………………nua abiyan.
7 …………………Betroi bat artu nuben
6 …………………Ernani’n periyan,
7 …………………galantziya egingo
6 …………………nubela agiyan
6 …………………Beti auleriyan,
6 …………………tristura begiyan;
6 …………………ez haren premiyan
6 …………………nere familiyan
7 …………………Xenpelar’ek daukazki
5 …………………Errenteriya’n (bir)

(Xenpelar)

  • Biribila da lur gaina

8 ………………… Biribila da lur gaina,
7 …………………itsasoa urdina
8 …………………zerua ere berdina,
8 …………………euskaldunen aterpea
7 …………………haizea zen antxina (bir)
8 …………………han, Isturitz, Altamira
7 …………………hemen Santimamiña,
7 …………………Anbotoko sorgina,
8 …………………gure arima dago harriz
7 …………………eta haizez egina. (bir)

(Xabier Amuriza)

  • Gai horrek badu mamia

8 …………………Gai horrek badu mamia
7 …………………baldin ez banago gor,
8 …………………hainbat jende gizaseme
7 …………………ikusten ari naiz hor;
8 …………………ogiaz gain gizonari
7 …………………anitz gauza zaio zor,
8 …………………bestela mundu hontara
7 …………………hobe ez gaitezen sor.
8 …………………Ogiakin justizia
7 …………………behar dugu derrigor,
8 …………………hau sinisten ez duenik
7 …………………ba al da hemen inor? (bir)

(Xabier Amuriza)

  • Habanera

8 …………………Berriro itzuliko balitz
8 …………………iragan denbora arrotza
8 …………………Berdin kontsumi nezake
8 …………………bainila gozo artean
8 …………………itsaso urrun batetan
8 …………………irudimena galdurik
8 …………………udaberriko euritan
8 …………………larrosak pizten ikusiz
8 …………………osaba komertzianterik
8 …………………ez nuen izan Habanan
8 …………………pianorik ez zegoen
8 …………………bizi nintzen etxe hartan
8 …………………neskatxen puntila finak
8 …………………udako arratsaldetan
8 …………………errosario santua
8 …………………neguko gela hotzetan.

(Xabier Lete)

  • Ia guriak egin du

8 …………………Ia gureak egin du,
8 …………………badegu zeinek agindu.
7 …………………Ez oraindik umildu,
7 …………………alkarrengana bildu;
8 …………………gerra nahi duen guzia,
8 …………………berari kendu bizia.

(Xenpelar)

  • Ikusten duzu goizean

8 …………………Ikusten duzu goizean
8 …………………argia hasten denean
8 …………………menditto baten gainean:
10 ……………….etxe ttipitto aintzin xuri bat
8 …………………lau haitz-ondoren erdian
8 …………………xakur xuri bat atean
8 …………………iturriño bat aldean
8 …………………han bizi naiz bakean.

(J.B. Elizanburu)

  • Itsaso hori dago zatarra

10 …………………Itxaso hori dago zatarra
10 …………………nire oihua eta negarra
10 …………………untzi bat horra nun azaltzen den
8 …………………. nik behar nuen izarra (bir)
8 …………………. oraintxe sartu zait harra
8 …………………. berriz piztutzeko garra
8 …………………. baina hau da zori txarra
10 …………………ikusi naute aurrean eta
8 …………………. ai hau destino baldarra
10 …………………laguna ondotik pasatu eta
8 …………………. nik hemen ito beharra.

(Xabier Amuriza)

  • Joana Bixenta Olabe

10 …………………Amak esan dit, etxeko errenta
10 …………………pagatzeko dirurik ez zuben ta.
10 …………………ia egingo dion mesere
10 …………………illabetian geienaz ere
5 …………………. itxoitia
10 …………………bada zierto dela ematia
10 …………………pasa baiño len illabetia.

(Bilintx)

  • Kontxesiri

12 …………………Maite bat maitatzen det maitagarria
12 …………………begi ederra du ta guztiz argia
5 …………………. daukat urruti,
10 …………………bainan ezin kendu det burutik
5 …………………. haren itxura,
10 …………………saldu ahal baliteke pisura,
6 …………………. urrearen truke
10 …………………nork erosi faltako ez luke. (bir)

(Juan Inazio Iztueta)

  • Leiho ertzetik

10 …………………Leiho ertzetik entzun dezaket
8 …………………..itsasoaren indarra,
10 …………………olatu pila, nola lehertzen dan
8 …………………..braust eta braust barra-barra,
10 …………………pentsatze hutsak begietara
8 ………………..…ekartzen didan negarra,
8 ………………..…momentu triste xamarra,
8 ………………..…eskegi nuen txamarra, (bir)
10 …………………ni bezelako gizon batentzat
8 ………………..…ez ote da zoritxarra,
10 …………………itsasoa hain hurbil izan da
8 ………………..…ohean egon beharra. (bir)

Doinua: J.L. Antsorenak moldatua

(Andoni Egaña)

  • Maitasuna da bizi izateko

10 …………………Maitasuna da bizi izateko
8 ……………….….ardatz eta oinarria
10 …………………jakin dedanez hark ba omen du
8 ………………….orain maitale berria,
10 …………………nik ez nekien, jakinen gainen
8 ……………….…omen zegoen herria;
8 ……………….…garai batean irria
8 ……………….…orain malko iturria (bir)
10 …………..……ezkondu eta ase nahi nuen
8 ………………….maitasunan egarria,
10 ……….…….…orain horrela egon beharra
8 ……………….…bai dala penagarria! (bir)

Doinua: Lizartzako Esnaolak moldatua

(Anjel Mari Peñagarikano)

 

Neurriari dagokionez, zehatza izan behar du eta bertsolariarentzat ongi neurtzea lan zaila da. Bertsolariak baditu alabaina klabe batzuk euskarak eskaintzen dituen baliabideak ongi aprobetxatzeko eta bat-batean ari denean hitzekin konbinazio egokiak egiteko.

 

3.4. Neurri zehatzak:

Neurri zehatza emateko baliabideak

Neurri zehatza emateko zenbait baliabide baditu bertsolariak, eta horietako bat hitzekin jokatzen jakitea da. Hitz guztiak ez dira, ordea, berdinak. Batzuk, ken-ipinikoak dira, eta horiek hain zuzen esaldiari zalutasuna eman diezaiokete. Esaterako: hain, txit, bai, ez, gaur…

Beste klabe bat atzizkiekin jokatzea da. Esaterako: norantz-norantza, nondik-nondikan, gera-gerade, gaurtik-gaurdanik, gizon-gizonki, …  

Hitz elkartuen egitura erabiltzeko erraztasun handiak ematen ditu euskarak, eta oso ugariak dira gainera: etxe gaina/etxearen gaina, mendi gailurra/mendiaren gailurra, diru hotsa/diruaren hotsa, heriotza orduan/heriotzaren orduan…

Beste sail bat luzadurekin eta laburdurekin jokatzea da. Adibide batzuk: genuen-genun, duela-dula, egin ezazu-egizu, pentsatu-pentsau…

Elipsia zerbait ezabatzea edo ulertutzat ematea da. Izan daiteke hitz bat edo gehiago. Baita esaldi osoa ere. Esaterako:

 

(…)

tristura begian

beti ahulerian

ez haren premian

nere famelian
Xenpelarrek daukazki
Errenterian.

     (Betroiarenak; Xenpelar)

Hitz sinonimoez baliatzea, euren luze-laburraren arabera komeni den moduan. Adibidez: maiz-sarri-anitzetan-hainbestetan; pizti-abere-animalia…

 

4. Errima

Puntua zer den ere argitu behar da : oin batetik bestera doan zatia da puntua. Beste era batera esanda, oin bakoitzak puntu bat adierazten du. Gehienetan, bi lerrotik bi lerrora joaten da puntua, baina, doinu berezietan lerrotik lerrora ere osa daiteke. Adibidez:

Ikusten duzu goizean
argia hasten denean

…..

        ( J.B.Elizanburu)

Kontsonante hoskideak

Errima hoskidetasunean oinarritzen da. Errima,  txarra, ona, oso ona… izan daiteke erabiltzen diren hitzen arabera. Horretarako, honako errima-arauok erabiltzen dira:

Kontsonate hoskideak: aurreko bokala berdintzen da

B-D-G-R         gara-bolada
                          dira-segida
                          zuri-dirudi
                          neri-bedi
                          ….

P-T-K               aparta-marka
                          erreka-erreta
                          beti-baleki
                          ….

L                       epela-sabela
                          ….

IL                      bila-mutila
                           ….

M-N                  zama-lana
                          gizona-broma
                           ….

IN                     mina-fina
                          baino-laino
                          ….

S-Z-X               babesa-meza-kexa
                          ikusi-jauzi-kutixi
                          ….

TS-TZ-TX        mahatsa– latza– martxa
                          hitsa– hitza– txitxa
                          ….

RR                    sagarra- belarra
                          jarri-ekarri
                          harro-katxarro
                          ….

Diptongoak: besterik gabe errima ona egiten dute

gai-jai
sasoi-otoi
gau-nau
neu-heu

L-N-R-S-Z-TS-TZ kontsonantez bukatzen diren hitzek aurreko bokalaren berdintasuna aski dute:

mutil-hurbil
hemen-omen
behar-elkar
ihes-babes

Hitza A-AK mugatzaileaz edo deklinabide atzizkiaz bukatzen denean (-N,-RA,-TIK…) hitzaren aurreko silabak ere errimatu behar du:

mendiak-handiak
ondotik-gogotik

A bokalaz bukatzen diren hitzetan azken aurreko silabako bokala ere berdina bada, errima hobea da:

dena-pena
argala-formala
….

A – E – I – O – U bokalez bukatzean, azken aurreko silabako bokala berdina izatea hobesten da:

erneeme
ondo-egongo
bukatu-ukatu

Bertso berean oin bera errepikatzea txartzat ematen da, eta poto egitea esaten zaio. Hitz homonimoak, jakina, salbuespen dira: heldu-heldu, berriz-berriz, ura-hura…