Txiste eta pasadizo barregarriak jasotzen dituzten narrazio laburrak dira. Garai bakoitzari dagozkion pertsonaia, gai eta gorabeheretan mamituriko umorearen emaitza. Sarritan, irrigarritzat edo azkartzat hartzen den pertsonaia bati erantsi ohi zaizkio handik eta hemendik bilduriko pasadizoak, eta izen ezberdinez izendatu izan dira, esaterako, istorio, ixtorio xahar, ixtorio bitxi, izkirimiri, xaplada… eta egutegi, almanake eta bestelako argitalpen herrikoien bidez hedatu dira.
Besteak beste, Fernando Amezketarrari egotzi zaizkionak dira ospetsuak hegoaldean eta Gregorio Mujikak liburuxka batean mamitu zituen (1925). Iparraldean berriz “Oxoki” bertsolariari eratxekitakoak biltzen ditu Jean Elissaldek “Arto xuritzetan” liburuan (“Gure Herria”, 1921-22).

Eredua: “Tonto azkarra” 

Udazkena zen. Pernando eta bere emazte Mari Joxepa garotan zebiltzan mendian. Emaztea sardez garoa gurdira botatzen ari zen eta gizona gurdi gainean zegoen.

Hala ari zirela, zauritutako erbi bat ikusi zuen Pernandok gurdi gainetik. Gurditik salto egin, erbia harrapatu eta garo artean ezkutatu zuen.

Handik pixka batera bi erbi-zakur azaldu ziren zaunkaz, bazter guztietan usain eginez. Baina Pernandok ez zien uzten gurdi garora inguratzen. Horrela zebilela, bi ehiztari agertu ziren eta galdetu zioten Pernandori:

-Erbirik ikusi al duzue inguru hauetan? Tiroz jo dugu eta alderdi honetara egin du. Zauriturik dago eta ez da urrutian ibiliko.

Pernandok, tonto itxura eginez, erantzun zien:
-Hamaikak inguruan edo…
-Ez dizugu zer ordu den galdetu, hemen inguruan zauritutako erbiren bat ikusi al duzun baizik.

Eta Pernandok berriro:
-Hamaika t’erdiak ez behintzat oraindik…
-Hau ez zegok burutik sano eta goazemak hemendik etxera -esan zion ehiztari batek besteari.

Horrela urrutiratu ziren ehiztariak. Pernandok, berriz, etxera heldu orduko larrutu zuen erbia eta Mari Joxepak su gainean jarri zuen. Aspaldian ez zen halako jenerorik sartu etxe hartan.

Hurrengo larunbatean Tolosan ikusi zuten bi ehiztariek Pernando eta, zirikatzeagatik, galdetu zioten:

-Aizu, tontolapiko, zer ordu da?
Eta Pernandoren erantzuna:
-Ederra zegoen erbia. Andreak eta biok jan genuen.

Orduan konturatu ziren ehiztariak tontotzat hartu zuten hura ez zela hain tontoa.

 

“Elkar ezin ikusi” (Fernando Amezketarra). 
Kea bera baino ere itsuagoa zen asto zahar bat zeukan Pernandok ikuiluan. Saltzera eramanda ere inork ez ziola erosiko eta han zeukan erdi-goserik.

Asto harekin ez zeukala konturik eta beste bat erosi zuen. Baina ez zuen suerte handirik izan harekin ere. Etxera eramanda gero konturatu baitzen hura ere itsua zela.

Hurrengo feri-egunean bi asto itsuak hartu eta Tolosara joan zen. Erosle bat gerturatu zitzaion eta galdetu zion:

-Asto horiek salgai al dauzkazu, Pernando ?
-Bai, halaxe dauzkat, ba.
-Ez al daukate akatsik?
-Ez, akats handirik ez. Hauek daukaten gauzarik txarrena, elkar ezin dutela ikusi… Horixe.
-Hori besterik ez bada…

Eta gizarajoak bi astoak erosi zizkion Pernandori. Pernandok pozik aldegin zuen handik Amezketa aldera.

Erosleak astoei sokak kendu zizkien eta bere aurretik jarri zituen. Arre eta arre, baina astoak geldi. Urritz-makila batekin astindu zituen gero, baina alferrik. Pauso bat ez zuten zuzen ematen.

Halako batean bi astoak itsuak zirela konturatu zen. Korrika eta presaka abiatu zen Pernandoren bila. Kostatu zitzaion baina Amezketarako bidean atzetik harrapatu zuen.

-Adizu, ba al dakizu zer egin didazun? Bi asto itsu saldu dizkidazu. Ekarridazu niri berriro dirua eta har itzazu ezertarako balio ez duten asto zahar horiek.
-Ez gizontxo, ez. Astoak erosi baino lehen garbi asko esan nizun elkar ezin zutela ikusi. Hala ere erosi egin zenizkidan. Zeurea ezan da errua. Beste ezertarako balio ez badute sal itzazu lukainka egiteko. “Hor konpon Marianton”.