Xabier Amurizak dioenez, bertsolaritzaz mila gauza esan da: arte bat da, euskal kulturaren esentzia, folklorearen adar bat, ahozko literaturaren ardatza, euskararen euslea. Hain gauza onak ez direnak ere esan dira bertsolaritzaz: arte pobrea da, jende ezjakinaren adierazpidea, formula batzuen errepika ia mekanikoa, arte zakarra.
Arbuioen aurretik, eder ala zakar den pentsatzen hasi aurretik, bertsolaritza dibertsio bat dela esatea ez da oker handia. Dibertitzeko modu bat, jolas bat dela ere esan daiteke. Jokoa dela, berriz, ezin da ukatu (txapelketak, lehiak…).
Beraz, hizkuntzan oinarritutako dibertsio mentala da bertsolaritza, jolas, kirol eta joko izateko gaitasuna duena testuinguru eta egoera zehatzetan.
Jon Sarasuak, komunikatzeko tresnatzat du, batez ere, bertsolaritza.
Juan Mari Lekuonak “Ahozko Euskal Literatura” liburuan, bertsolaritzak esanahi garbi eta zehatza duela dio : bat-bateko bertsogintza adierazten du, hau da, herri poetak bat-batean egiten ditu bere poemak usadiozko pentsamoldeari eta teknikari jarraituz.
Bertsolaria herri poeta da, dohain jakinak ditu, usadiozko altxor denona dena moldatuz eta aldatuz bere poemak bat-batean sortu eta abesten ditu. Bertsolaria ez da agortzen aldez aurretik asmaturiko poemak kantatze hutsarekin, juglareek eskuarki egiten zuten antzera. Beste kantagintza batzuetan garai eta leku desberdinetan egiten diren bi gauza, bertsolariak bertan eta une bakoitzean egiten ditu: kreatu eta interpretatu.
Jon Kortazarrek, “Euskal Literaturaren historia txikia” liburuan, bertsolaritza herri literaturaren genero bat dela azpimarratzen du: entzuleen aurrean, bat-batean sortuz edo aldez aurretik espresuki idatzitako ahapaldiak kantatuz, egin ohi den jarduna.
Miman Parry-k iritzi hau eransten dio ahozko genero honi: Homeroren poemekin gertatu omen zen bezala, bertsolaritzan ez da ezerezetik sorturiko bat-batekotasunik gertatzen, errepikatze bat baizik.
Ruth Finnegan-ek dioenez, memoriak bat-batekotasunak baino lan gehiago egiten du. Bertsolariak, bat-batean, almazenetik ideiak ateratzen ditu eta formulak aplikatzen, eta hori artetzat du.
Jon Juaristik, berriz, azpimarratu egiten ditu generoaren baldintza tradizionalak: “Inprobisatzaileak talde profesionalak edo erdi profesionalak dira, eta baldintza horietara lantze prozesu luze baten bidez iristen da”.