1.- Magia kutsuko koplak

Koplaren lehen eta bigarren partearen artean magia kutsuko lotura dagoela esan ohi da irudiaren eta mezuaren arteko lotura hotsaren bidez bakarrik egina bada, hau da, errimaren hotsen bidez bakarrik, eta arrazoiaren bidez lotura logikorik aski ikusten ez bada. Esaterako:

 

“Horrako hor goian izarra,
errakaldian lizarra.
Etxe hontako nagusi jaunak
urregorrizko bizarra.” 

 

Hoskidetasuna beste konexiorik ez duten kopla horien adierazpena M. Lekuonak etnologiaz eta euskal mitologiaz baliatuz ematen digu:

“Majia-kultura” deritzan kultura giroan gauza bati eta aren irudiari balio bera ematen zaie. Balio bera du gizon baten irudiakimajinak- eta gizonak berak, balio bera edo beretsua.

Gauza baten izena, berriz, nolapait gauzaren beraren irudi bat da; gauzaren izenak eta gauzaren izanak balio bera dute; izenak eta izanak badute zerbait batasun.

Orregatik ez da arritzeko, majia-giroan kopla batean, balio berdina izatea gauza batek eta aren izenaren antzeko dan beste edozein hitzek. Esaterako: izarrak, lizarrak, bizarrak. Laburbilduz, majia-kutsuko kopla oietan bertsoaren batasuna lortua dago rima bera duten itzen bitartez…rima soil-sollak ematen dio koplari bere batasun; ez koplaren giroak, ez koplarien sentimenak; izen soil-sollak berak baizik.”

Literatur espresioaren magia kutsuko oihartzun hauek oraindik ere onartzen eta erabiltzen dira euskaldunen artean. Eta berauek ematen dute bide azalez eta mamiz eite modernoa duen poesia mamitzeko: edukiz surrealista, egituraz abstraktu, gizartean erroturiko poesia.

 

2.- Eskeko koplak

Ospakizun baten inguruan, goraipamenak egin eta ordainetan zerbait biltzeko kantatzen diren koplak sartzen dira sail honetan. Taldean kantatzen dira etxez etxe errondan ibiliz, koplari bat gidari dela. Lekuan lekuko  aipamenak eta alabantzak egin ohi dira atari bakoitzean.

Ezagunenak hauek ditugu:

  • Marijesiak
  • Gabon-Urtezahar-Errege eguneko ospakizunak (Itsasondo)

  • Santa Ageda bezperako kantaldiak (Arbona eta Galdakao)

  • San Juan bezperako kantaldia (Urdiain)

  • Maiak (Arizkun)

  • San Nikolas (Segurako obispiloa)

  • Kintoen aldeko ibilaldia
  • Tobera (ezteiak egin aurretik mutil taldea senargaiaren etxe aurrean koplak kantatzen ari denean jotzen den musika)…

 

Hona hemen kanta batzuk adibide gisa:

“Hau haizearen epela!
Airean dabil orbela…
Etxe hontako jende leialak
gabon Jainkoak diela.”

“Lukainkatxo bi guri emotea
ez da milagro haundia,
etxekoandrea parkatu
ez bazara endo notadu.”

3.- Dantzan egiteko koplak

Erromeria-giroan kantatzen dira gehienbat. Kopla hauen ezaugarri nagusia  bihurkia eta errepikaren teknika erabiltzea da. Koplaren hasiera errepikatzeko joera da nagusi multzo honetan; koplaren azken partea kantatzen denean berriz ere hasierakoa errepikatzen da. Honela, ahapaldiak goitik beherako eta behetik gorako ibilbidea egiten du, erantzun-leloen forma lortuz. Gainera, jergaren bidez ahapaldiari bira emateko aukera eskaintzen du doinuak. Hitz hauek arrotzak dira kasu askotan eta koplari izugarrizko ironia eta umorea eransten diote.  

Arin-arin eiten dausoloan erbiek;
hutsean eiten dituz
punturik erdiek
soloan erbiek,
punturik erdiek.

       (Herri-kanta)

Eskutxoek jo dute
kriskitin-kraskitin (bitan),
haizea kiribiltzen
dabil Mari-Zikin…
ala, morena!,
dabil Mari-Zikin,
eskutxoek jo dute
kriskitin-kraskitin.

       (Herri-kanta)

 

Dantza koplen tradizioa batez ere Bizkaikoa izan dela esan daiteke. Gaur egun, ordea, gainerako euskal eskualdeetan ere ezagutzen da. Bi erritmo dira nagusi: bi/bikoa eta hiru/laukoa, arin-arin eta fandango esaten zaiena. Erritmo hauen halako zati jakin bat errepikatzen denean, kantuz laguntzen da, kopla txikiak eta kopla handiak deiturikoak sortzen dira horretarako.

Kopla txikiak

“Astotxo bat baneuko
buzten zuriegaz
Ermure joateko
gona gorriegaz.”

(Herri-kanta)

“Arrabako landea
balego Gorbeien
hantxe egingo geunke
zirikin zakien.”

(Herri-kanta)

“Bedarrik onena da
soloan garie
andrarik onena
Birjina Marie.”

(Herri-kanta)

 

Kopla luzeak puntu bikoak eta hirukoak izan daitezke. Hona puntu biko batzuk:

 

Urkiolako denderuari
larogeigarren urtean
zaldar batek urten deutso
orkatileko zanean.

Dingili dango Marine
beti honela bagine
beti honela izateko
burue dauke arine.

(Herri-kanta)

 

Kalien nago kalien
arri otzaren ganien
atie nok edei ez da
gabak emon daidanien.

(Herri-kanta)

 

San Antonio, San Antonio
txarrie geixo danean
San Antonio ez da esaten
urdeie datorrenean.

(Herri-kanta)