Gure artean ipuina gutxi-asko zer den ez dakienik ez dagoen arren, ahalegindu gaitezen zehaztasun batzuk ematen. Ipuina diogunean, esan dezagun lehenik, herri-ipuina, ipuin folklorikoa edo ahozko tradizioko ipuinaz aritu nahi dugula hemen. Zer da, beraz, herri-ipuina? Herri-ipuina ahozko tradizioan belaunaldiz belaunaldi gizartean modu kolektiboan kontau ohi diren gertaera gezurrezkoak edo fikziozkoak biltzen dituen narrazioa da. Narrazio hau, jakina, kontatu egiten da, hitz jarraitu eta kateatuen bidez, balada eta antzeko kantuetan gertaerak kantatu egiten diren bezalaxe. Asmatuzko gertaera edo gertakari hauek ordena logiko batez elkarri lotuz eta josiz osatzen da ipuina.

Euskal ipuinak bildu eta aztertu dituztenek hainbat sailkapen proposatu dituzte luzera, gai eta abar izipidetzat harturik. Horiek baino argiagoa delakoan, hemen ipuin tipologiaren araberako sailkapena hobetsi dugu eta Aarne eta Thompson-ek proposaturikoari lotuko gatzaizkio (“Los tipos de cuento folklórico” 1995):

Herri-ipuinak bost multzo edo taldetan bana ditzakegu:

  • Ipuin miresgarriak
  • Animali ipuinak
  • Ipuin erlijiosoak
  • Ipuin barregarriak
  • Ipuin erromantikoak