Euskal alorrean ez ditugu nahi hainbat igarkizun-zerrenda zein ikerketa. Lehen biltzaileak XIX. mendekoak dira.
- Argitaraturik ikusi ditugun lehen igarkizunak, François Cerquand-en “Legendes et récits populaires du Pays Basque” Frantziako 1874-1882 urteetako Bulletin de la société des sciences, lettres et arts de Pau aldizkarikoak dira. Hiru zerrenda polit eskaintzen ditu Cerquand-ek. Guztira 54 igarkizun.
- Antonio Machado Alvarez-ek, Antonio Machado eta Manuel Machado erdal poeta sonatuen aitak 1880an argitaratu zuen Colección de enigmas en forma de diccionario liburu mardulean euskal igarkizun-zerrenda polit bat dator.
- Julien Vinson-ek bere Le folk-lore du Pays Basque (1883) liburuan Cerquand-en eta Antonio Machadoren igarkizun zerrendak sartu zituen. Vinson-en zerrendan 78 igarkizun datoz.
- Hogeigarren mendean igarkizun banakak biltzen dituzten biltzaile ugari da. Hor ditugu Federiko Garralda zaraitzuarra, Juan Carlos Guerra oñatiarra, Landerretxe lapurtarra (ez zen, nik dakidanez, Lapurdikoa, Nafarroa Beherekoa baizik, Duzunaritze-Sarrasketa herrikoa alegia, eta, beraz, duzunariztar-sarrasketarra behar luke). Biltzaile nagusia, ordea, Azkue handia izan genuen. Berak bakarrik gainerako igarkizun biltzaile guztiak batera baino uzta joriagoa bildu zuen. Euskera aldizkarian, 1926. urtean, 186ko bilduma ederra eskaini zuen Lekeitioko ikertzaileak.