Maskaraden lehen deskripzioa, Agosti Xahok egin zuen bere “Voyage en Navarre” (1836) delakoan. Bertan, maskaradan parte hartzen duten pertsonaiak aurkeztu zizkigun. Hauetako batzuk ez dira agertzen gaur egungo maskaradetan:
“Ez ditut ahantzi inolaz zuen Inauterietako maskaradak, jarraitu zuen: Txerreroak irekitzen ohi du dantza bere ilezko erratzez, gerriko zintzarridun, galtzerdi zuri-gorri, kaskote lumadun eta hamaika koloreko xamarra daramala. Artzaina aizkora handi batez bere artaldearen gidari ondoren dihoa, eta hauen gibeletik Hartza ttaka-ttaka. Kukuileroak jauzika, zetazko jantzi eta zintzaz estalita, eskuetako makila etengabe higituz, Zamaltzaina dutelarik aitzindari. Hau dantzari paregabea izaten ohi da, zaldi antzeko baten gainean, eta grazia guztiz mugitzen tramankulua dabilela. Jauna, ezpata saihetsean bere damari besoa emanez; Laboraria lerrokada berean doa ere Etxekanderearen konpainian; batean makila eta bestean bandera daramala; hauen atzetik gizon eta andere tropela, buhame harrabots-egileak zakuak daramatzatela, eta zurezko ezpata beltzez marratuak mugituz airean; azkenik badatoz taldeka eta dantzari, ofizio ezberdinetako taldeak; kauter auvergnatarrak, zeinen janzkera, irudia eta hizkera irrigarriak diren; ondoren Apezpikua asto baten gainean, eta bi Eskale martxa itxiz. Maskaradak, herriko plazan, herritarrekin soka-dantza alai bat antolatzen du; ikuslegoak ingurune zabal bat antolatzen dute, eta maskaradagileek beren dantza ezberdinak miretsarazten dituzte, ororen dantza batez eta danbolinez lagundurik; besta bazkari batez eta gaua arte irauten duen dantzaz amaitzen da.”
(P. Urkizuk itzulia)
Pertsonaia hauek ez dituzte denek funtzio eta jokamolde berak: zenbait pertsonaia mutu dira, hala nola euskal gizarte zaharraren eredu diren noble senar-emazteak (jaun eta anderea) eta nekazari senar-emazteak (laboraria eta laborarisa), izan ere horien egitekoa arratsaldeko ekitaldian sariak ematea soilik da. Gizartetik haratagokoak diren dantzariek ere ez dute hitz egiten. Dantzariak, hots, talde gorriko bost aitzindariak eta kukuileroak ere mutuak dira, eta horiek, batik bat, goizeko dantzaldietan dute protagonismoa.
G.Hérelle-k dioenez, “maskaradak” esaten zaie errepresentazioa eratzen duten bi taldeei: maskarada gorria eta maskarada beltza.
- GORRIAK
Aintzindariak edo dantzariak:
Hauek dira gorrien artean pertsonaiarik inportanteenak. Dantza gehien egiten dutenak ere bai, eta hortaz, dantzari trebeenak.
1.- Txerreroa
Maskarada irekitzen duena da. Zaldi buztana duen makila luze bat darama eskuetan, eta dantzan ari denean batera eta bestera astintzen du. Gerrikoan zintzarriak ditu loturik, eta etengabeko hotsa ateratzen dute Txerreroa mugitzen den bakoitzean. Galtza beltz motzak eta txaketa gorria (aurrean zuria) daramatza. Galtzerdiak zuriak dira, baina garai batean kolore desberdinekoak izan zitezkeen. 2.- Gathuzaina
Eskuan sorgin-guraizeak daramatza. Horrela deitzen zaie luzatu eta itxi egiten diren zurezko guraizeei. Hauekin jendea aztoratzea zen Gathuzainaren eginkizuna, nahiz gaur egun funtzio hori ez duen betetzen. Irekitzean eta ixtean hots berezia ateratzen dute guraizeek, eta dantzatzean noizbehinka erabili egiten ditu Gathuzainak. Txaketa urdina (aurrean zuria) eta galtza urdin motzak janzten ditu.3.- Kantiniersa
Besteen aldean pertsonaia berria da hau. Antzinako erromesaren ordez sartu zuten orain dela laurogeiren bat urte. Erromesak ijito andrearen tokia hartzen zuen eta trapu zaharrez janzten zen. Kantiniersak frantses-armadaren koloreak ditu (txaketa urdina, aurrean zuria, Gathuzainaren antzera, eta gona gorria). Edateko upel txiki bat darama lepotik zintzilik.4.- Zamaltzaina
Bandera edo entseña eramaten duelako esaten zaio horrela. Zuberoako ikurra, lehoia, darama eskuan. Mende hasierako argazkietan Frantziar Errepublikako bandera agertzen da. Beltzez doa jantzita goitik beheraino. Planta oneko gaztea jartzen dute normalean entseñari lanetan, eta hau ere dantzari trebea izaten da. Dantzako mugimenduak eginez bandera astintzen du, lehenik esku bataz eta gero besteaz.5.- Entseñaria
Bandera edo entseña eramaten duelako esaten zaio horrela. Zuberoako ikurra, lehoia, darama eskuan. Mende hasierako argazkietan Frantziar Errepublikako bandera agertzen da. Beltzez doa jantzita goitik beheraino. Planta oneko gaztea jartzen dute normalean entseñari lanetan, eta hau ere dantzari trebea izaten da. Dantzako mugimenduak eginez bandera astintzen du, lehenik esku bataz eta gero besteaz.6.- Marexalak
(ferratzaileak): gutxienez bi dira, nagusia eta ikaslea. Zamaltzain eta Txerrero ferratzen dituzte arratsaldeko funtzioan. Txerreroren antzeko txaketa eta galtza beltz luzeak daramatzate jantzita, eta lanerako behar dituzten tresnak ere badituzte.7.- Kukuileroak
(mozorro dantzariak): gaur egun ez dute eginkizun berezirik maskaradan, eta denek batera egiten dituzten dantzetan besterik ez dute hartzen parte. Txaketa gorria eta galtza zuriak daramatzate jantzita. Ez dago garbi antzina zein pertsonaiarekin lotzen ziren .8.- Jauna eta Anderea
Ondo jantzitako bikotea da. Antzina Anderea ere gizonezkoa zen. Anderea zuriz jantzita doa eta Jauna beltzez, kapelu luze eta guzti. Gerrian ezpata darama eta bularrean zinta gurutzatua. Aginpidea dutenen funtzioa betetzen dute, eta dantza gehiegi egin ez arren pertsonaia inportanteak dira maskaradan. Maskaradako partaide gehienek elkarrekin bazkaltzen duten bitartean, Jaunak eta Andereak alkatearen etxean bazkaltzeko ohitura dute.
9.- Laboraria eta Laborarisa
Hauek ere ez dute gaur egun aparteko eginkizunik Maskaradan. Nekazariz jantzita agertzen dira, festa eguneko jantziekin. Laborariak akuilua darama esku batean. Denek egiten dituzten dantzetan hartzen dute parte.10.- Beste batzuk…
Badira gaur egun agertzen ez diren pertsonaiak, idatzietan aipatzen badira ere . Aipa ditzagun:Axuriak (arkumeak): haurrak edo gaztetxoak izaten ziren eta goitik behera zuriz jantzita joaten ziren.
Artzaina: bizkarrean aizkora zeramala, soka batez loturik ibiltzen zituen axuriak.
Hartza: ardi larruz egindako jantzia soinean zeraman gazte bat izaten zen. Hezlea izaten zuen ondoan.
Lore saltzaileak: emakumez mozorrotutako bi mutil izaten ziren. Eskuetan lore sortak zeramatzaten, Jaunari oparitzeko asmoz.
Zapurrak: (zulagileak) Lau izaten ziren. Litekeena da jatorriz Nafarroa Beherekoak izatea. - BELTZAK
1.- Buhameak
(Ijitoak): Builaka eta baldarka ibiliz igarotzen dute hauek eguna. Zurezko ezpatak daramatzate eta eroen antzera dantzatzen dute. Buhame Jauna da taldeko nagusia, eta bere hitzaldietan umorea eta gordinkeriak nabarmentzen dira. Buhame Jaunak manhamentuak (aginduak) esaten ditu , eta horrez gain dauden herriaren errepasoa egiten du, goretsiz edo gaitzetsiz . Hona hemen adibide bat:“Xiberoko xoko huntan beitüzie berthütia
Uskaldun üsantxa zaharren begiratzekua
Ta ahalaz frantses gaizen saihets üztekua.”2.- Kherestuak
(Zikiratzaileak): Zenbait adituk gorrien taldean sartzen dituzte. Ez da ziurra, baina betetzen duten zeregina dela-eta egokiagoak dira beltzen talderako. Marexalen kasuan bezala, hemen ere nagusia eta ikaslea ditugu (nausia eta mithila). Bizkarrean daramaten makilagatik ezagutzen dira, eta beren arteko elkarrizketan euskara eta biarnera nahasten dituzte. Zamaltzaina zikiratzea da horien eginkizun nagusia.
3.- Xorrotxak
(Zorrotzaileak edo txorroskileroak): Buru gaineko kapeluan urtxintxa irudi bana daramate. Bi izaten dira: nagusia eta ikaslea. Euskaraz kantatzen dute, nahiz eta elkarrizketan frantsesa nahasten duten. Oso kantari onak izaten dira. Plazari bueltak emanez doazen bitartean kantatzen dute, normalean zorrotzaile ofizioari buruz. Arratsaldeko funtzioetan Jaunaren ezpata zorrozten dute.
“Maskaradak heltü gira
ibar eskuinetik,
goizirik jeiki eta
bidean einerik,
Gorri horietan bada
gizon ederrik,
Beltzetan aldiz aisa
gu girade haütüak.”4.- Kauterak
(Pertz konpontzaileak): Oso zarpail janzten dira eta horiek ere, buhameen antzera, baldarkerian igarotzen dute eguna. Sustraiz egindako makilak daramatzate eta goitik beheraino beltzez jantzita doaz. Bizkarrean zerbait idatzia edukitzen dute, ohar barregarriren bat gehienetan. Izenak ere halakoxeak dira: Fripou, Poupou, Pitxu… Kabana Handia da taldeko nagusia. Zartailu bat darama eskuan gainerakoak astintzeko bere aginduak betetzen ez dituztenean. Gustukoa dute ikusleen artean nahastea eta beren baldarkeriak egitea, batez ere Pitxu izenekoak. Astakiloetan astakiloena izaten da berori. Kabana Handiak pherediku bat egiten du plazan herriko eta nazioarteko gertakariak aipatuz (herriko ‘bost egiak’), eta ohiko izaten dira bertan agintarien aurkako bertsoak. Hona hemen adibide bat:“Desegin nahi dütie gure gaizak
Bena nagüsitüko dira Uskaldünak.”5.- Medizia
(Sendagilea): Bere eginkizuna Pitxu berpiztea da hau hiltzen denean. Maskaradan zehar ez du beste ezer egiten.
6.- Beste batzuk…
Beltzen artean ere badira gaur egun agertzen ez diren pertsonaiak baina inoiz izan direnak. Hona hemen batzuk:Txerrero eta Zamaltzain beltzak: Txerrero eta Zamaltzain gorrien irudiak dira, eta goitik behera beltzez jantzita doaz. Tarteka agertu izan dira maskaradetan, jarraipen handirik gabe, ordea, azken urteetan.
Ikatz saltzailea: ikatza saltzen zuen espainiar emakumea irudikatzen zuen, Caro Barojak aipatzen duenez.
Eskaleak: antzina funtzioetan ere parte hartzen zutela eta garai batean biarneraz mintzo zirela dio G. Hérellek..
Horiez gain, Caro Barojak tximinia garbitzaileak, bizargina, zapata garbitzailea eta bere laguntzailea, notarioa, gotzaina eta gozogilea aipatzen ditu. - MUSIKARIAK
Maskaradako musikariek, goiz-goizetik hasi eta maskarada osoa amaitu arte, lan handia egiten dute. Musikarien taldea bi lagunek osatzen dute eskuarki: txirulariak eta atabalariak.
Xirulariak, esku batekin, xirula jotzen du, bestearekin, berriz, besoan zintzilik daraman tuntuna edo salterioa. Horrela, inoren beharrik gabe, musikaren doinua, azpiko nota-pedalak eta erritmoa aldi berean eskain ditzake. Dena dela, azkenaldian, tuntunaren egitekoa, gero eta gehiago, atabalak betetzen du.
Txirulariaren lana ez da samurra, pieza guziak buruz jotzen baititu, eta dantzatzeko piezak direnean dantzariaren erritmora jotzen jakin behar baitu.