Honatx euskal igarkizunen adibide zenbait. Etxean entzundako batekin hasiko gara:
- Mina da mina baina ez da piperra, gonak ditu baina ez da andrea, bizarrak ditu baina ez da gizona. Zer da?
Erantzuna: “tipula”.
Igarkizunak esateko orduan bazen formula bat Iparraldean. Hona hemen, esaterako, Cerquand-ek Zuberoan bildutako bat:
- Çuc papaita, nic papaita, çuc gaiçoto, nic gaiçoto. Çer da?
Hori esan ondoren igarkizuna enuntziatzen zen.
- Achurian chouri, bildoxian gorri, ardian beltch.
Ume denean zuri edo berde, gazte denean gorri eta zahar denean beltz. Zer da? Erantzuna “masusta” da: masusta berdetan berde da, gerora gorritzen da eta, azkenean, heltzen denean, beltz da.
Azkuek “Euskalerriaren Yakintza” bilduman jasotako igarkizun batzuk dira hauek:
- Txuri txuri, laxko, somatzen da gaixko.
- Baratxuria, berakatza (Oiartzun, Gipuzkoa)
- Arbole batek amabi adar, adar bakotxak laur abira, abira bakotxak zazpi aŕoltze
- Urtea (Itzaltzu, Nafarroa)
- Xuria bada, ezta arina; beltza bada, ezta ikhatza; mintzatzen da, mihirik eztu; kuŕitzen du, zamarik eztu.
- Eskutitza (Nafarroa)
- Zer dan ta zer dan asmatu ezetz: burua beltx, ankak txuri.
- Arrasta, zerila, pospoloa (Gipuzkoa)
- Goizean lau oinean, eguerdian oin bian eta aŕatsean iru oinean dabilena
- Gizona (Bizkaia)
- Beti sutan ta sekulan ez eŕetzen.
- Labea, laba (Barkoxe, Zuberoa)
- Gelatxu ta gelatxu, gelarik adina damatxu.
- Ezti-abau, breska, abaraska (Bizkaia, Txorierri)
- Ama zango-makur, alabara eder eta semea dantzari.
- Mahasti, matstui, ardantza