Honatx euskal igarkizunen adibide zenbait. Etxean entzundako batekin hasiko gara:

  • Mina da mina baina ez da piperra, gonak ditu baina ez da andrea, bizarrak ditu baina ez da gizona. Zer da?
    Erantzuna: “tipula”.

Igarkizunak esateko orduan bazen formula bat Iparraldean. Hona hemen,  esaterako, Cerquand-ek  Zuberoan bildutako bat:

  • Çuc papaita, nic papaita, çuc gaiçoto, nic gaiçoto. Çer da?

Hori esan ondoren igarkizuna enuntziatzen zen.

  • Achurian chouri, bildoxian gorri, ardian beltch.

Ume denean zuri edo berde, gazte denean gorri eta zahar denean beltz. Zer da? Erantzuna “masusta” da: masusta berdetan berde da, gerora gorritzen da eta, azkenean, heltzen denean, beltz da.

Azkuek “Euskalerriaren Yakintza” bilduman jasotako igarkizun batzuk dira hauek:

    1. Txuri txuri, laxko, somatzen da gaixko.
      • Baratxuria, berakatza (Oiartzun, Gipuzkoa)
    2. Arbole batek amabi adar, adar bakotxak laur abira, abira bakotxak zazpi aŕoltze
      • Urtea (Itzaltzu, Nafarroa)
    3. Xuria bada, ezta arina; beltza bada, ezta ikhatza; mintzatzen da, mihirik eztu; kuŕitzen du, zamarik eztu.
      • Eskutitza (Nafarroa)
    4. Zer dan ta zer dan asmatu ezetz: burua beltx, ankak txuri.
      • Arrasta, zerila, pospoloa (Gipuzkoa)
    5. Goizean lau oinean, eguerdian oin bian eta aŕatsean iru oinean dabilena
      • Gizona (Bizkaia)
    6. Beti sutan ta sekulan ez eŕetzen.
      • Labea, laba (Barkoxe, Zuberoa)
    7. Gelatxu ta gelatxu, gelarik adina damatxu.
      • Ezti-abau, breska, abaraska (Bizkaia, Txorierri)
    8. Ama zango-makur, alabara eder eta semea dantzari.
      • Mahasti, matstui, ardantza