Batean eta bestean izen berezia hartzen dute errepresentazio horiek: Oiartzunen eta, oro har, Nafarroan “errando” esaten zaie eta Ataunen “Zelemin-Zelemon”. Lan ordu luzeetan edo lana bukatutakoan, artazuriketara nahiz bestelako lanak egitera, esate baterako, lihoa kardatzera bildutakoen entretenigarri egiten ziren antzerki gisako jokoak dira “artazuriketak”, “errandoak” eta “Zelemin-Zelemon” komediatxoak, hots, neguko gau bileretan baserriko gazte jendeak antzezten zituen pantomimak.

Artazuriketan bikote berria osatzea joko modura planteatzen zen; lihoaren langintzak, berriz, ezkontzarekin zuen zerikusia. Esaerak dioen moduan, “lihoaren atsekabeak, amaigabeak” ziren, eta, jakina denez, lagun artean egitekoak. “Oi Pello, Pello” kantu ezagunean datorren elkarrizketan ere bikain adierazten da lihoa erein eta lihozko alkandorak egin arte egin behar zen lan neketsu-astun-aspergarria: neskatxa ezkongaiek beren arreoa osatzeko lihoaren hazia erein, bildu, aletu, jo, ardatzaz irun, haria egin…, alegia, kantuan esaten den moduan, harigaia irun, astalkatu, zuritu, harilkatu, pikatu eta josi egin behar zen. “Hiru laukoko txokolatea” kantua ere, ibaiko ur-lasterrak lihoa eraman dionaren kantua da.

“Oi Pello, Pello”

 

– O Pello, Pello,
logale nauk eta
jinen niza oherat?
– Irun ezan eta,
gero, gero, gero,
irun ezan eta
gero, gero bai.

– O Pello, Pello,
irun diat eta
jinen niza oherat?
– Astalka zan eta,
gero, gero, gero,
astalka zan eta
gero, gero bai.

– O Pello, Pello,
astalkatu diat eta
jinen niza oherat?
– Harilka zan eta,
gero, gero, gero,
harilka ezan eta
gero, gero bai.

– O Pello, Pello,
harilkatu diat eta
jinen niza oherat?
– Irazki zan eta,
gero, gero, gero,
irazki zan eta
gero, gero bai.

– O Pello, Pello,
irazki diat eta
jinen niza oherat?
– Jos ezan eta,
gero, gero, gero,
jos ezan eta
gero, gero bai.

– O Pello, Pello,
josi diat eta
jinen niza oherat?
– Argia dun eta,
bihar, bihar, bihar,
argia dun eta
jinen hiz bihar.

Biltzailea: R. M. Azkue
Iturria: “Cancionero popular vasco”
Lekukoa: Martin Landerretxe, Busunuritz herrikoa (Nafarroa Beherea)

 

“Hiru laukoko txokolatea”

Hiru laukoko txokolateak
alper eingo dok lau lauko:
gona gorriak salduagatik
ez tok usua galduko. (bir)

Urioleak eroan deustaz
neuri aurtengo liƱoak.
Ai sekulako izutu nintzan!
Harek eroezan brinkoak! (bir)

Gorua balitz lo egotea,
barriketea ardatza,
Neure emazteak egingo leuke
bazterrak bete matasa. (bir)

Urioleak eroan deustaz
umeak eta andrea;
eztot besterik sentitzen baia
bai Matxalentxo neurea. (bir)

Biltzailea: R. M. Azkue
Iturria: “Cancionero popular vasco”